Goizeko lanak amaituta, lehen oinatzak ikusi dira tranpaldoan
Goizeko lanak amaitu dituzte bertsolariek. Bakoitzak hamabost bertso marraztu ditu, nork bere tintaz. Eta dagoeneko ikusten dira lehen oinatzak. Batzuk sendo, beste batzuk saltari, denek asmatu dute pausaje propioa erakusten.
Joan da goiza eta plaza erretiratu da bazkaltzera, kinielak eta sentsazioak ogi tartean. Bero-bero hasi da, oholtzarako bidean olatuan eraman ditu bertsozaleak zortzi bertsolariak. 13.000 esku pare zartada beroan. Ofizioz ofizio berotzen joan da plaza. Baina txaloa ez du merke saltzen bertsozaleak. Perla onenak saritzen ditu nabarmenen.
Zortziko handian Alaia Martinek eta Maialen Lujanbiok altxatu dute lehen olatua. Itsas ondoko denda txiki baten jabeak biak, klima aldaketaren ondorioz denda tokiz aldatzea egoki ikusten zuen Martinek. Lujanbiok, ez zuen garbi. Gaiari lotuta erreferentziak zorrotz ekarri dituzte biek, arrazoia arrazoiaren gainean jarri dute eta plaza goratu.
Zortziko txikian, Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok ekarri dute plaza gora. Bazkaltzeko elkartu diren bi lagunen azalean, Gaztelumendik argazkiak ateratzen dizkiei plater guztiei jan aurretik. Biak bikain aritu dira, umoretik eta gaur egun sare sozialek daukaten zamaz.
Puntuak erantzuten Aitor Mendiluze bikain aritu da, hain ondo kontrolatzen duen ariketa horretan. Joanes Illarregi ere oso ondo. Egia esan lehen agurrean ahotsak dardar egin dio Leitzako gazteari, baina ofizioz ofizio Nafarroa Arenako oholtzari neurria hartu dio eta oso gauza ederrak egin ditu.
Seiko motzean hasi da plaza berotzen
Seiko motzeko ariketa iritsi denean goratu da beste olatutxo bat plazan, finalak beste martxa bat sartu izan balu bezala. Nerea Ibarzabalek eta Amets Arzallusek elkarrekin osatu duten ariketa eskertu du plazak. Neba-arreba abeltzainak, Arzallusek proposatu dio orain arteko lan modua aldatu eta beren kontu hastea esnekiak zuzenean saltzen. Dialektika ederrean aritu dira. Eta Ibarzabalek bota dio hirugarrenean, «...Mahala ere ate joka/ gora igoa dago ta/ baina irratiko iragarkian bertsoak zeuk bota». Eta Arzallusek, hitza hartu eta bota: «Esnea ta izerdia/ errima ta hitz erdia/ zatoz bezero gozatu zazu gure energia/ horra hor bertso berria/ saretuz Euskal Herria/ azken finean hori ez al da gure baserria». Hor goian amaitu du ariketa Arzallusek.
Eta Sustrai Colinak eta Maialen Lujanbiok ariketa honetan eskuz esku osatu duten elkarrizketa ere oso interesgarria izan da. Osakidetzako bi zerbitzu bururen azalean, hainbeste gaurkotasun daukan osasungintzaren inguruko eztabaida ekarri dute oholtzara. Biak, bikain.
Ganbarakoan, zortzi hari
Ganbarako gaian aritzeko honako gaia izan dute: Irribarre konplizea egin diozue elkarri. Aitor Mendiluzek bertso eskolan beti isilik geratzen den neskatoari egin dio irribarre. Nerea Ibarzabal tratu txarrak ematen zizkion bikoteak aita ona ezin duela izan eta alabarekin abiatu da urrunera. Alabari egin dio irribarre autoan. Amets Arzallusek Bidasoa ertzeraino iritsi den migratzailea ekarri du bertsotara. Eta harrera egin dion elkarteko langilearen irribarre konplizea kontatu du. Hemen sortu da goizeko lehen eztabaidatxoa, poto egin ote duen edo ez. Batzuek baietz eta beste batzuk ezetz. Zalantzazkoa.
Joanes Illarregi lehendabiziko sexu harremanak izan dituen nerabearen ahotik, bikain. Jolaskideari egin dio irribarre konplizea. Jostari aritu da ganbaran. Alaia Martin segidan, hau ere sexu jolasez, orain arte mutikoen haragia probatuta zuela eta lehenengoz emakume batena gozatu duenaren azalean, «bigarren lehen aldiaz» aritu da. Primeran. Goizeko saio bikaina egin du Alaia Martinek, plaza berak nahi erritmoan kulunkatzen du mikrofono aurrean paratzen den aldiro. Irribarre jolastiz ari da.
Maialen Lujanbio metroko bagoi batean kokatu da, eta bertan zeuden bidaiarien konplizitatez lortu du muskuluz eta tatuaiez jositako gizon fatxa bati aurre egitea. Lujanbio oinatz sendoz ari da, gai bakoitzari oso barrutik tripak ateraz. Bikain. Sustrai Colina Bogotatik etorri eta Europan adineko bat zaintzen duen zaintzailearen azaletik aritu da. Bikain eta zorrotz. Colina ere oso bertso goiz interesgarria ari da josten.
Eta ariketa puntuagarriak ixteko ardura Beñat Gaztelumendik izan du. Hamar urteko mutikoaren azalean, futbolean trakets samar aritzen dela eta lagunaren irribarre konplizeak sendatu dizkio minak.
Goizeko azken agurra Joanes Illarregik kantatu du, finalistek horrela erabakita. «ez baldin bazaizkigu indarrak agortu/ atsaldean bikoitza nahi genuke lortu/ orain lasai bazkaldu, mutturak berotu/ gero ebaki bat hartu ta aulkira lotu/ ta kafearen ttanta etxearen kontu».
Arratsaldeko bostetan abiatuko da berriz finala.