Peio Etxeberria-Rezustak ezinbesteko lehen garaipena eskuratu dute aurtengo Binakakoan
Astelehen honetan Tolosako Beotibarren jokatutako partidan, orain arte irabaztea lortzerik izan ez zuen bikoteak 22-18 irabazi die Unai Laso eta Ander Imazi.
Laugarren jardunaldian iritsi da, azkenean, Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta bikotearen lehen garaipena aurtengo Binakako Txapelketan. Tolosako Beotibar pilotalekuak astelehenetako neurketa antolatu du berriro ere, igandean Bertso Txapelketak begirada guztiak hartu zituela. Gaurko garaileek 22-18 irabazi diete bi garaipen duten Unai Laso eta Ander Imazi.
Lehen atsedenaldian aurretik ziren gaur urdinez jantzitako pilotariak (9-12), eta aldeak zertxobait handitu dituzte bigarren geldialdian (13-18). Gorriak kontrakorrontera aritu dira neurketa guztian eta, behintzat, 18ra iristea lortu dute, sailkapen nagusiko hirugarren tokia mantenduz.
Hain luzea den txapelketa honetan beti ona izaten da puntuak lehen bailehen pilatzen joatea. Gaurko garaipenarekin, gainera, azkeneko postutik atera dira Peio Etxeberria eta Rezusta, bertara Ezkurdia eta Martija jaisteko. Hauek puntu bakarra dute ere, baina tantoengatik jaitsi dira azken tokiraino. Jaka eta Aranguren, aldiz, seigarren dira garaipen kopuru berarekin.
Bosgarren jardunaldia ostegun honetan hasiko da, Arrasateko Uarkape pilotalekuan, eta bertan arituko dira Tolosako garaileak eta bi partida irabazi dituzten Urrutikoetxea-Albisu.
Ostiral gauean, Irungo Uranzu pilotalekuan, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Aranguren elkarren aurka arituko dira, eta igandean, Gabonetan, Altuna III-Tolosa Peña II-Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute Eibarreko Astelenan.
Jardunaldia astelehenean amaituko da, berriro ere Tolosako Beotibarren, Laso-Imaz eta Elordi-Zabaletaren partidarekin.