INFO

Bilboko Zinegoak LGTBIQ+ jaialdiak 2023ko ekainean ospatuko du bere 20. urteurrena

Zinegoakek, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, bere 20. urteurrena ospatuko du datorren urteko ekainaren 26tik uztailaren 1era hainbat berrikuntzarekin. Aipagarriena daten aldaketa da, martxoan egin beharrean ekainera mugituko delako Ekainaren 28ko aldarrikapenekin bat egiteko.

Aurtengo jaialdiko aurkezpena, joan den otsailean. Erdian, Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendari artistikoa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zinegoakek, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, bere 20. urteurrena ospatuko du 2023an, astearte honetan iragarri denez. Hau dela eta, funtsezko aldaketa batzuk egin dituzte jaialdi beterano honetan, esaterako, otsailean eta martxoan egin beharrean, orain arte bezala, ekainera eta uztailera pasako da.

Horrela, Zinegoakek bat egingo du Ekainaren 28ko aldarrikapenekin, eta kultur programa bat antolatuko du hiri osoan zehar ekainaren 26tik uztailaren 1era: filmen emanaldiak, antzezlanak, gogoeta guneak, eztabaidak, topaketak, hitzaldiak eta festaren bat.

Zinegoak inaugurazio ekitaldiarekin hasiko da aurten ere, Arriaga Antzokian, eta gainerako jarduerak jaialdiaren ohiko egoitzetan egingo dira.

Urteurrenaren prestaketa lanak

Ekainean, beraz, ezinbesteko hitzordua izango dago sexu, identitate eta genero aniztasunari buruzko zinemaz eta kultur jarduerez gozatu nahi dutenentzat. Halaber, Zinegoaken hedadura maiatza, ekaina eta uztaila bitartean egingo da. Aurreko urteetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 50 udalerrik baino gehiagok parte hartu dute bertan.

Gainera, Zinegoakek hainbat erakunde eta entitaterekin bilera-sorta bat hasi duela aurreratu du, jaialdiari babesa emateko helburuarekin, 20. urteurrenari eta etorkizuneko edizioei begira.

Jaialdia 2004an sortu zen kulturaren, zinemaren eta arte eszenikoen bidez sexu aniztasunaren inguruan sentsibilizazioa lantzeko asmoz eta, 20 urteko ibilbidean zehar, erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko eta eszenikoen artean. Edizio bakoitzean bere publikoa handitu da, 2022an gertatu zen bezala, non 35.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte jarduera presentzialetan zein birtualetan.