INFO

Albaitaritza zerbitzuek kanpoko hazkuntza presiopean dutelako kexu da ELB

ELBk askotan zalantzak agertu ditu hegazti gripeari aurre egiteko xede frantses Nekazaritza Ministerioak orokortu dituen kabalak hesteko aginduen aurrean. Gaur haratago joan da sindikatua Pirinio Atlantikoen Departamenduko albaitaritza zerbitzuek kanpoko hazkuntza presiopean dutela arbuiatuz.

ELBko ordezkariek azaldu duenez, hegazti salbaiek oso kutsadura koputu txikia eragin dute. (Guillaume FAUVEAU)

ELB sindikatuak prentsaurrekoa egin du ostegun honetan Ainhize-Monjolosen hegazti gripeari erantzuteko frantses agintariek harturiko azkeneko deliberoei buruz bere balorazioa eskaintzeko.

Agorrilaz geroztik frantses Nekazaritza Ministerioak birritan indartu ditu gripe hegaztiaren agerraldiari aurre egiteko xedez harturiko neurriak, azkenaldian joan zen urrian.

Hala eta guztiz ere, gaixotasunaren agerraldia ez dago inondik inora kontrolpean, eta ondorioz kezka gero eta handiagoa da laborarien artean.

Are gehiago aintzat hartzen bada gaixotasunaren aurkako txertoa ez dela eskura izanik, kasurik onenean, 2023ko ekaina arte, frantses agintariek jakitera eman berri duenez.

Egoera horretan, 2021-2022an hegazti gripea mendean hartzeko plantan emandako protokoloek huts egin dutela agerian jarri du gaur ELB sindikatuak.

Finean, kabalak toki itxietan atxikitzeko agindua izaten ohi da krisi bakoitzari erantzuteko Nekazaritza Ministerioak proposatzen duen neurri nagusia.

Izan ere, zifrak eskutan, kabalak hesteko politikak porrot egin duela iradoki du ELBk.

Sindikatuak oroitarazi duenez, «neguak hasi besterik ez du egin eta dagoeneko 50 milioi hegazti hiltzeko agindua eman dute europar estatuek».

Hegazti salbaiekin kontaktuan egon daitezkeen etxeko hegaztiek arrisku handiagoa dutela gaixotasuna pairatzeko aipatu dute sarritan albaitaritza zerbitzuek kabalak etxean atxikitzeko aginduak emateko orduan.

Izan ere, kasuen %0,3k baizik ez diola erantzuten arrazoi horri argitu du gaur ELBk.

Zehazki, frantses Estatuan 1.480 kutsadura gune atzeman zituzten iaz. Horietatik lautan baizik ez zen gaixotasuna agertu hegazti salbaien eraginez.

Migrazio aroaren bilana

Beste datu bat eskaini du euskal sindikatuak. Udazkenean zehar dozenaka milaka kurrilo eta uso igaro zirela Ipar Euskal Herriko zeruetatik oroitarazi ondoren, «ohiko migrazio aroak ez zuela hegazti gripea hedapenean inolako eraginik izan, nahiz eta gure lurraldean etxalde anitzetan hegaztiak kanpoan dauden», azaldu du.

Horrendako, kanpoko hazkuntza oztopatzeari begira frantses agintariek harturiko erabakiak «guztiz neurri gabekoak direla» iradoki du sindikatuak.

«Egun batean gaixotasuna departamenduan sartzen bada ez da hegazti salbaien erruarengatik, baizik eta kamioiek eta zerbitzu ezberdinetako beharginek joan-jinak egiten jarraitzen dutelako», gaineratu du Ipar Euskal Herriko sindikatuak.

Hala, hegazti gripearen azkeneko agerraldiak gogor jo dituen arren, Vendee eta Pays-de-la-Loire bezalako lurraldeetatik garraioak ateratzen segitzen dutelako bere arrangura agertu du ELBk.

Hala, Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoetako departamenduaren errepideak –baita hiltegien sartu-irteerak ere– hegaztiak garraiatzen dituzten kamioentzat irekita direlako kexu azaldu da sindikatua.

Behin baino gehiagotan egoera hori salatu badute ere, departamenduko arduradunek ez dutelako inolako neurririk hartu azaldu dute ELBko ordezkariek.

Kontrolak ez dira ongi etorriak

Horren ordez, DDPP albaitaritza zerbitzuek inoiz baino presio gehiago egiten dietela hazleei agerian jarri dute gaurko agerraldian euskal laborariek.

«DDPP zerbitzuak agindutako kontrolak ez dira ongi etorriak, kabalak kanpoan hazten dituzten etxaldeak ez direlako arrisku bat gaixotasuna hedatzeari begira», mahaigaineratu du ELBk.

Albaitaritza zerbitzuen bisitak eta horren ondorioz heltzen ohi diren kabalak hesteko aginduak ez dutela samurtzen etengabe berpizten den osasun krisiarengatik laborariek bizi duten egoera zaila nabarmendu dute sindikatuko kideek.

Isolaturik gelditu ordez, horrelako «presioa» jasan duen hazle orori sindikatuarengana jotzeko gomendioa eman dio ELBk.

Finean, hegazti gripea lurraldean sartuko balitz, hegaztien garraiatzea saihestu ez izanagatik «estatuko zerbitzuei ardurak eskatuko lizkieketela» aurreratu dute sindikatuko ordezkariek.