INFO

Gure demokrazia helburu, kolpez kolpe


Aparra noiz jaitsiko, olatua noraino igoko. Erakunde sistemaren bioerritmoak asaldaturik daude. Nork esango zuen algoritmoen garaian sen onaren falta hainbeste, hain azkar sumatuko genuela. Zerbitzu publikoaren zentzua, garaian garaiko asmoen eta harrizko oholtxoetan idatzitako arauen arteko dialektika sortzaileak harribitxi bilakatu dira. Zinez zaila bilakatu zaigu harrabotsen atzean kukutzen diren hutsuneei erreparatuz arnasa luzeko gogoetari bidea ematea. Dena da zurrunbilo, dena de urgentzia.

Ardurak zehazteko ariketak inoiz baino garrantzi handiagoa dauka. Eta ariketa horren mesedetan, «inoiz ez da gertatu» aitzakia komun zulotik bota eta konexioen bila jo behar da, ezinbestean. Amankomunekoaren eremua ahulduz, demokrazia higatzeko operazioa aspaldian abian eman zen. Nahiz eta iluntasunean jarduten duten logikak ez diren garai guztietan berdin azaldu, nahiz eta une oro hain adierazgarri ez agertu.

Onar dezagun, horretan ere, garai gordinetatik fintasun gutxiko garaietara igarotzea egokitu zaigula. Are, bi estatuen artean zeini begiratu lehenago hautatzeko orduan, hor ere koxka.

Ez da edonolakoa Elisabeth Borne frantziar lehen ministroak eginiko marka. Hamar aldiz baliatu du guztiz ezohikoa den Konstituzioaren artikulu bat bere egitasmoak indarrez onarrarazteko. Elkarrizketa eta akordioaren ustezko tenplura joan eta hamar aldiz zapaldu du 49.3 artikuluaren botoia. Ondorioz, demokrazia xahutzearen truke, bai aurrekontu orokorrak bai Gizarte Segurantzako kontuak ere baditu Emmanuel Macronek.

49.3 artikuluaren erabilera konpultsiboari esker, herritarren botoen bidez eman ez dioten erabateko gehiengoa ordezkatu du Emmanuel Macronek. Alegia, herri subiranotasunari bizkar emanez, kudeaketa pertsonalizatu du. “Qatargate” eskandaluaren olatua noraino igoko, eta aparra noiz jaitsiko garen honetan, frantziar aurrekontuetan epelean babestu ditu Macronek gertukoak. Ezohiko mozkinak lortu dituzten enpresa handiek ez diote inolako soiltasun plani beldurrik izan beharko. Aste berean lau aldiz Paris eta Doha arteko hegaldia hartu duen presidenteak atea ondo babestu du.

Akziodunen gaineko mozkinak ezin dira ukitu, bai ordea langileek beren formaziorako lan eginez osatzen duten funtsa. Hautua, aldez aurretiaz ezaguna izanik ere, ezin da inondik inora banalizatu. Macronek ez duelako oraingo honetan bere ideologiaren ikur den egitasmoa herritarrengandik jasotako sostenguari esker aitzineratu, baizik eta sistemak aurreikusten duen salbuespen neurria bere mesedetan erabiliz.

Hala, legebiltzarkideei botoa emateko eskubidea hustuz, Asanblea Nazionaleko talde gehienek babesten zuten neurria alboratu ahal izan du gehiengo nahikoa ez duen exekutiboak. «Demokraziaren ukazioa» deitzen diote hexagonoan herritarrek idatzitako lerroak okertzeko praktikari. Espainiar estatuan, demokrazia formalaren aroa dezente laburragoa izanik ere, kolpe gisa salatu dute eskuin politikoaren babespean botere judizialak botere legegilean atzaparra sartu izana.

Kolpez kolpe, Katalunian eta Euskal Herrian eskubideak jazarriz zabaldu zitzaion atea «inoiz ez da gertatu» delakoari, eta hori benetan aintzat hartu gabe, zaila izango da arazoaren muinari neurria hartuz, aterabideak aurkitzea. •