INFO

Greba Bizkaiko Clarel dendetan, kaleratze gehiago ekiditeko: 94 langile bota dituzte jada

Abenduaren 31an eta urtarrilaren 5ean greba egingo dute Bizkaiko Clarel dendetako langileek. Zuzendaritza «lanpostuak suntsitzen» ari dela salatu dute: 158 behargin izatetik 64 izatera pasatu dia bi urte baino gutxiagoko epean.

Bizkaian 38 Clarel denda daude guztira. (ELA)

Bizkaiko Clarel dendetako langileek pasa den abenduaren 24an greba egin zuten, zuzendaritza «lanpostuak suntsitzen» ari dela salatzeko. Astelehen honetan iragarri dute beste bi lanuzte egingo dituztela: bat abenduaren 31an eta bestea urtarrilaren 5ean.

Makillajea, kosmetika eta lurrina saltzen duten Clarel dendetako zuzendaritzak 94 langile kaleratu ditu bi urte baino gutxiagoko epean, ELA sindikatuak prentsari igorritako ohar batean ohartarazi duenez: 158 behargin izatetik 64 izatera pasatu dira. Zuzendaritzak erabaki zuen Bizkaian dituen 38 dendetatik 20 frankizia bihurtzea eta azken hauek plantilla murrizten ari dira.

Oharrean jakinarazi duenez, frankizien politika utzi dezan eta 2023an langile gehiago kaleratzeari uko egin diezaion eskatu zion ELAk zuzendaritzari, baina bi baldintzak betetzeari uko egin zion enpresak. Hori dela eta, bi eguneko greba egingo dute Clarel-eko beharginek, urtezahar egunean eta errege bezperan.

Sektore berean aurten bultzatu den bigarren greba da Clarelena. Douglas lurrindegiko zuzendaritzak Hego Euskal Herrian 120 langile kaleratzea aurreikusten zuen akordioa adostu zuen CCOO eta UGT sindikatuekin eta greba mugagabea hasi zuten langileek. Pasa den maiatzean, lurrindegi katearen enplegua erregulatzeko espedientea aurkaratu zuen ELAk.