INFO

Bera Berak Gascan jokatuko du asteazken honetan Rocasa Ligako bigarren sailkatuaren aurka

Etxean lehiatuko da Donostiako taldea urteko azken partidan, 21.00etan. Jokalariek irabazi berri duten Superkopa eskainiko diete zaleei. Alvarezek garrantzia kendu dio neurketari esanez sasoi honetan ez dela «hain partida garrantzitsua» izango. Prestatzaileak espero du jendea Gascara hurbiltzea.

Hilaren 10ean Bera Bera eta Besançonen artean jokatutako neurketa Gascan (Gorka RUBIO | FOKU)

Bera Berak urteari amaiera borobila eman nahiko dio asteazken honetan: Rocasa Ligako bigarren sailkatuaren aurka ariko da nor baino nor gehiago Gascan, 21.00etan. Partida aurretik klubak omenaldia egingo dio 90. urtean Ohorezko Mailara igo zen taldeari. Horrez gain, Bera Berak irabazi berri duen Superkopa eskainiko die zaleei.

Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak adierazi du «ohikoa ez den partida bat» dela, baina agian denboraldi honetan ez dela izango «hain garrantzitsua»: «Partida inportantea da, baina ez da hain erabakigarria izango: lehenik, jokatzen ditugun neurketa guztiak irabazi nahi ditugulako, eta bigarrenik, etxean jokatzen dugulako». Hori horrela izanik ere, prestatzaileak aitortu du biharko neurketak markatuko duela ligaren ondorengoa, alegia, play off-etan sartzea ala ez.

Azken egun hauek «arraroak» izan direla azaldu du Alvarezek, geldialdia egin baitute Gabonak direla eta. Horregatik, prestatzailearentzat «zalantza handiena» da nola egongo diren jokalariak sasoiez. Hala ere, nabarmendu du taldeak «ondo» entrenatu zuela atzo, eta multzoak Malagaren eta Porriñoren aurka jokatutako azken bi partidatan erakutsi duela fisikoki ondo egonda, talde «indartsua» dela. Horrez gain, Ermuakoak azpimarratu du Superkopa irabazteak erakutsi diola taldeari zein den bere lekua, eta nora joan nahi duen. Aldi berean, Alvarezek esan du nahiz eta Europatik kanpo geratu, taldea «beste puntu eta erritmo batekin» dagoela.

Aurkariaren inguruan adierazi du «sekulako» taldea duela, eta ez dela «erraza» mendean hartzen. «Soilik partida bat galdu dute, eta eskarmentu handiko jokalariak ditu. Defentsan ondo moldatzen bagara, irabazteko aukerak izango ditugu». Bera Berak duen jokatzeko moduaren inguruan, Alvarezek nabarmendu du taldeari kontraerasoak egitea gustatzen zaiola, horrela jokatzeak arrisku gehiago hartzea dakarren arren.

Neurketaren ordutegiari begira, Ermuakoak aitortu du umeentzako ez dela «aproposena», pixka bat berandu delako. Baina beraientzako berezia izango dela nabarmendu du, zaletuei Superkopa eskainiko dietelako: «Espero dut jendea Gascara hurbiltzea, eta garaipen on bat lortzea urteari agur esateko».

Kopako arantza kendu nahi du

Datorren urtean bolada onean jarraitu nahi du Alvarezek: «Partida eta titulu guztien lehian egon nahi dugu, eta Europan multzoen faserako sailkapena lortu. Oraindik taldeak ez du bere onena eman, eta hobetzeko tartea dugu». Bestalde, Bera Berak denboraldi honetan Kopak utzitako arantza kendu nahi du, finalaren atarian geratu baitziren –eta finala Ilunben jokatu zen–.

Emaitzak emaitza, Ermuakoak nabarmendu du klubean «gauzak ondo» egin nahi dituztela: «Gero eta zailagoa da urtero maila ematea, eta hori liga gero eta lehiatuagoa den seinale da. Irabazteaz gain, klubarentzako garrantzitsua da gainerako taldeek Bera Bera erreferente moduan ikustea. Hala, gauzak ondo egin badira, meritu handiagoa izango du irabazteak».

Alvarezek ere tartea izan zuen klubaren barruan nola sentitzen den adierazteko, eta «etxean bezala» dagoela adierazi du. «Klubeko jendea ezagutzen dut, eta errespetatua sentitzen naiz esaten eta egiten dudanarekin. Ez dut uste leku hoberik aurkituko dudanik».