INFO

Neurri zorrotzen gainetik, segurtasun sentsazioa Txinan

Olatz Urkia kazetari donostiarra Txinan bizi da, bertan egiten du lan. Neurriez, murrizketez eta jendarteko protestez mintzatu zen Donostian. Atzo, Txinak mugak zabaldu zituen hiru urteren ondoren, eta bertatik ateratzen edo sartzen denak ez du berrogeialdia egin beharko.

Pekineko kaleak, covid-19aren eraginez ezarritako neurriekin. (Noel Celis | AFP)

Ernest Llunch kultur etxean izan zen astelehen arratsaldean Olatz Urkia EiTBko Asia-Pazifikoko berriemailea. Hiru urteren ondoren itzuli da Euskal Herrira. Hitzaldia hasi baino pare bat ordu lehenago jakin zuen Txinara itzultzean ez zuela berrogeialdia egin beharko. Aste honen hasieran, herrialdeko mugak ireki ditu Txinako Gobernuak, eta bertan sartzen edo ateratzen denak ez du berrogeialdia egin beharko; ia hiru urtean zehar lehen aldiz gertatzen da hau. Esangura berezia du, Gobernuak orain arte pandemia kudeatzeko izandako politikan aldaketa ikusten baita.
 
Lehenengo covid kasuak bertan antzeman ziren eta neurri zorrotzenak ere bertan izan dira kazetariaren arabera. «Hasieran beldurra sentitu bagenuen ere, segurtasuna sentitu genuen berehala eta hori izan da gizartearen sentsazio nagusia».

22 herrialderekin egiten du muga Txinak, 56 etnia gutxitu ditu eta hizkuntza zein gastronomia oso ezberdinak barnebiltzen dituen herrialdea da, «oso herrialde konplexua», Urkiaren hitzetan. «Aurreiritzi» gehiegi daude herrialdearen beraren eta herritarren inguruan Urkiaren ustez; solasaldian horietako batzuk hausten ahalegindu zen.

Pandemiako neurriak

Pandemia zela eta hartutako neurriak errepasatu zituen lehendabizi. «Egoeraren baitan moldatzen joan diren neurri oso zorrotzak» hartu zituztenaren zalantzarik ez du. Hasieran, beldur handia zegoela aitortu zuen, eta murrizketak ere halakoak zirela: «Lehenengo hilabeteetan ezin genuen kale batetik bestera igaro, oso bakarturik geunden, eta etxera sartzeko ere txartela eskatzen ziguten. Etxeetako ateetan mugimenduak antzematen zituzten makinak jarri zituzten kontrolatzeko...». Hala ere, kutsatuen olatu eta olatu artean «normaltasunez» bizi zirela kontatu zuen, ez Euskal Herrian bezala, eta bere ustez, «zalantzarik gabe» eraginkorrak izan ziren hartutako neurriak.

Omicron aldaera iritsi zenean, neurriak are gehiago zorroztu ziren eta Txinako Gobernuak «0 kutsatu» estrategia jarri zuen martxan. Estrategiak bere fruituak eman zituen Urkiaren ustez, baina zenbait neurri zorrotz ez ziren «eraginkorrak» bere arabera: «Egunero egin behar genituen PCR frogak –kalean zeuden horretarako etxolak, nik etxetik atera eta edozein norantzatan bost minutu baino gutxiago ibilita egin nezakeen froga–, dendaren batetik pasa eta bertan covid positiboren bat egon bazen, gertuko kontaktua zinen, eta berrogeialdia egin behar zenuen».

1.340.000.000 biztanle ditu Txinak, hori kontuan hartuta ez dira kutsatu asko egon, hori azpimarratu nahi izan zuen donostiarrak, nahiz eta neurri aldaketen eraginez, litekeena kutsatu kopuruek gora egitea den.


Olatz Urkia ETBko Txinako berriemailea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Protestek gora

Txinatarrak otzanak direnaren zurrumurrua zabaldu izan da neurriak betetzen zituztelako. Baina pasa den bi urteetan denetarik egon da, eta protestek ere gora egin dute. «Txinan manifestatzeko ausardia bikotza izan behar duzu, ez da legala protesta egitea eta eginez gero, hurrengo egunean Poliziaren deia edo bisita jasoko duzu kontuz ibiltzeko esanez». Kalean zein sare sozialetan protesta oro zentsuratzen zuen Gobernuak eta horregatik ez dute oihartzun handirik izan Urkiaren arabera: «Sare sozialetan jarritako edozer ezabatzeko langileak dituzte».


«Txinan manifestatzeko ausardia bikotza izan behar duzu, ez da legala protesta egitea»


Omicron aldaerarekin iritsi ziren lehen protestak. Kutsatu kopurua gora egiten hasi zen, eta egoera «kontrolaezina» bihurtzearen sentsazioaren aurrean, Txinako Gobernuak konfinatzeko zentroak sortu zituen; herritarrek ezin zuten beren etxeetan pasa berrogeialdia. Horrek sortu zituen lehen haserreak, «eta horri gehitu, konfinatuz gero, lana galtzen zenuela», azaldu zuen Urkiak. «Ez da hemen bezala, han ez genuen laguntza estatalik, familia askok aurrezkietatik biziraun behar izan dute».

Bigarren protesta une gorena Alderdi Komunistaren urteurrenean izan zen. «Guztiok uste genuen Xi Jinpingek bere hitzartzean 0 kutsatu estrategiaren amaiera iragarriko zuela, baina ez zen hala izan, eta horrek jendartearen ilusio guztiak zapuztu zituen».

Baina protestek goia Urumtxi hiriko gertakariekin jo zuten. Hiru hilabete pasa zituen konfinatuta hiriak, sute bat gertatu zen eta 10 herritar hil ziren. Antza suhiltzaileak ez ziren garaiz iritsi, neurriengatik izandako zailtasunengatik. Protestak areagotu egin ziren, neurriak hausten hasi ziren eta mobilizazioak Txina osora zabaldu ziren.

Hosto zuriekin egin zituzten protestak, zentsura salatzeko ikur bilakatu zituzten: «Gobernuak ezabatzen zituen hitz guztiak errepresentatu nahi ziren hosto zuriekin». Lehen aldiz, Gobernuaren aurkako kritikak egon ziren aldarrien artean.

Gobernuaren indarra eta itzala

Orain arteko estrategiari esker, ekonomian ez dute galera handiegirik izan; Urkiak zergatia azaldu zuen: «Olatu eta olatuen artean normal egiten zen lan, denbora tarte txikietan egoten zen itxita, eta gero, berriro irekitzen zen». Etxebizitzaren krisia sakonagokoa dela eta okerrera egin duela adierazi zuen: «Klase altuko herritar asko joan ziren beren etxeak oso garesti salduz». Langabezia datuek ere pandemia aurreko datuei eutsi dietela azaldu zuen, eta Pekineko datuak gogoratu: «%6,2koa da langabezia tasa, duela bi urte bezala».


«Ekonomiari eutsi zion Gobernuak, olatu eta olatuen artean normal egiten zen lan, denbora tarte txikietan egoten zen itxita»

Egoerari aurre egiteko osasun baliabide asko jarri zituen martxan Gobernuak. Baina egoerari «aurre egitearen aitzakian» eskubideak are gehiago murriztu dituztela ere salatu zuen kazetari donostiarrak. Adierazpen askatasunik ez dagoela esan zuen, eta bertako telebista publikoa jarri adibidetzat: «15-20 kate ditu bertako telebista publikoak, Gobernuak kontrolatzen du eta propaganda egiteko besterik ez dute erabiltzen. Aldi berean, egia da jendeak ez duela telebistarik ikusten».

Gobernuaren zentsurak, ordea, ez dira jendartearen isla Urkiaren iritziz. Adibidez, LGTB mugimenduaren edo gaiaren inguruko eduki oro zentsuratzen du Gobernuak, eta gizartean indartsu dago LGTB mugimendua. Mota askotako eskaintza eta egitarauak antolatzen dituztela kontatu zuen, «hemen baino gehiago», aitortu zuen irri artean.