Arene Altonaga, Eibarko jokalaria: «Sustraietara itzuli gara aurten»
Negarrez amaitu zuen Eibarrek udaberria, baina bere egoera goitik behera aldatu da urte amaierarako. 1. RFEFeko liderra da eta elitera bere lehen aukeran itzultzeko lan egiten ari da. Arene Altonagak NAIZekin hitz egin du armaginen gaurkotasunari buruz.
Jaitsiera postuan eman zion ongietorria Eibarrek 2022ari eta lehen postuan agurtuko du. Bai, Lehen Mailan zegoen orain dela urtebete eta egun 1. RFEFeko «lehoi burua» da, baina «irabaztea inoiz ez da erraza», Arene Altonagak gogoratu duen bezala.
Zaila da, baina ia asteroko ohitura bihurtu da taldea Bigarren Mailara itzuli zenetik, eta urteko lehen seihileko hain gogorra izan ondoren, bereziki «eskertzen da. Emaitzak asko ematen eta kentzen dizu, baina batez ere disfrutatzea, lehiatzea, aste barruan lantzen duzuna asteburuan ondo irtetea... Egunerokotasunarekin disfrutatzen ari gara, ekainera arte lortu ez genuena. Helburua argi daukagu, baina bidean disfrutatu nahi dugu eta lortzen ari gara», esan du pozik armaginen kapitainak.
Emaitzak eta sentsazioak ez dira Lurrak eguzkiari buelta eman dion bitartean aldatu diren bakarrak. Yeray Martinen Eibarrek zerikusi gutxi dauka Ana Junyentenarekin, kamisetaren koloreaz harago. «Joko-proposamena guztiz desberdina da –azaldu du Altonagak–. Aurten, taldeak gizonezkoen Eibarren antz handiagoa izan dezan saiatu dira, sustraietara joan dadila. Talde langilea, konplikatzen ez dena, borrokalaria; baloia gehiago jokatzen eta joko «politagoa» egiten saiatzetik joko praktikoagoa eta zuzenagoa egitera pasatu gara».
Izen berriak ere badaude. «Jende gazte asko etorri da, ilusioa, proiekzioa eta gosea dituena. Gainera, etorri diren gehienek gaizki pasatu dute aurreko denboraldian, asko beren taldeekin jaitsi ziren, gu bezala, eta denok gaude gauzak ondo egiteko gogoz eta bultzatzen zaituen amorru puntutxo horrekin».
Eibarrera heldu berri diren gazteen aurrean, Altonagak esperientzia jartzen du. Bosgarren denboraldia du armaginekin, ekainean bere kontratua bi urtez luzatu ondoren. Ez zitzaion larregi kostatu erabakia hartzea. «Gustura nago, baloratua sentitzen naiz, etxetik gertu nago... Lehen mailako talde batera joan zaitezke eta diru gehiago irabazi, baina agian ez zaude gustura. Zoriontsu sentitzen naiz eta, gainera, erronka handi bat daukat». Eta ez edozein, «futbolari askori entzun diedanez, gerta dakizukeen onena» baizik. «Agian ligak eta kopak irabaztea hobea izango da, baina nire kasuan hori nahiko zaila ikusten dut eta igoera ospatzea gustatuko litzaidake». Egia esan, 2020an lortu zuen Eibarrekin Lehen Mailara heltzea «baina pandemiaren urtea izan zen, denboraldia bertan behera geratu zen... Onenak ginen une hartan eta eskubide guztiarekin igo ginen, baina orain Liga amaitzen denean lortu nahi dut. Eta oso erronka polita iruditzen zait».
Bidearen zati on bat ibili dute gorri-urdinek dagoeneko, baina falta dena luzeagoa eta zailagoa omen da eta ezinezkoa dirudi bere hiru aurkari nagusiengandik –Deportivo, Cacereño eta Osasuna, hirurak gipuzkoarrengandik puntu bakarrera– aldentzea.
Denboraldia esprintean korritzen den maratoia da eta «azken unera arte ez da erabakiko». Eibarrek faktore batzuk, behintzat, baditu bere alde: abantaila txikia, zuzeneko norgehiagoketan lortutako emaitza onak, Liga luzean oso garrantzitsua izan daitekeen «plantilla zabala» eta «egiten ari garenaz gozatzeko gaitasuna, emaitzekin eta sailkapenarekin obsesionatu gabe, nahiz eta asteak aurrera joan ahala erantzunkizuna astunduz joango den eta bihotzek nabarituko duten».
Aurkari zailenak Deportivo eta Osasuna izango direla uste du, galiziarrek «oso talde ona eta oso joko ona dituztelako» eta gorritxoak «oso lehiakorrak direlako eta ikusi dugulako nola hobetzen doazen denboraldiak aurrera egin ahala». Aurten ere horrela gertatzea gustatuko litzaioke Altonagari, «izugarri polita izango litzatekeelako talde biok batera igotzea», baina muga ezartzen die nafarrei: «justu gure atzetik geratzea», lehen postua baita igoera ziurtatzen duen bakarra; hurrengo lau sailkatuek, ostera, play-offa jokatu beharko dute.
LABURREAN
Prestakuntza. Datorkion hilabete eta erdi gogorra ikusita, Realak era berezian ekin dio itzulerari. Atzo hasita, lau egun emango ditu Asturiasen lanean eta ostiralean Sportingen aurkako lagunartekoa jokatuko du egonaldia amaitzeko.
Klubak. UEFAk kluben rankinga eguneratu du urte amaieran, aldaketa handirik egon ez bada ere, Olympiquek, Bartzelonak eta PSGk jarraitzen baitute podiumean. Reala lehen aldiz agertzen da, Txapeldunen Liga jokatu izanari esker, 35. postuan kokatuz.
Sariak. Uztailaren hasieran lotailua hautsi zuenetik ezin izan du jokatu, baina sari guztiak bereganatzen ari da bigarren urtez jarraian. Beste bi, azken egunotan. IFFHSek munduko jokalari onena hautatu du eta “The Guardian” egunkariaren 100 jokalarien zerrenda ospetsuaren lehen postuan kokatu da berriro, bi urtez jarraian lortu duen lehen futbolaria bilakatuz. Irene Paredes legazpiarra zerrendako 30. postuan dago.
Txapelketak. Australiako Cup of Nations-en bigarren edizioa jokatuko da otsailean, pandemiak azken bi urteotan eragotzi ondoren. Sydneyn egingo da eta lau parte-hartzaileetako hiru konfirmatu ditu antolakuntzak: Australia anfitrioia, Espainia eta Jamaika.
Itzulera. Udaberrian lotailua hautsi zuen, baina Martak seigarren Munduko Txapelketa joka lezake. Priderekin kontratua 2024ra arte luzatu du eta otsailean She Believes Cup jokatzeko prestatzen ari da.