INFO

Presoen etxeratzea gauzatzeko aldarria, urte bukaerako elkarretaratzeetan

Elkarretaratzeak egin dituzte ostiral iluntze honetan Sarek, Etxeratek eta bakegileek deituta, ‘Etxera bidea gertu’ lelopean, urtarrilaren 7ko manifestazioari begira. «Ezin dugu bide hau erdizka utzi eta etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana eta mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu».

Sarek deituta Iruñean egin duten mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Etxera bidea gertu’ lelopean elkarretaratzeak egin dira ostiral honetan Nafarroan, herriz herri. «Egun bereziak izaten dira Gabon egunak guztiontzako, gure inguruko eta familiaz gertuago sentitzeko garaiak, bazkari edo afari artean elkarrekin egotekoak, eta tamalez oraindik ere, etxe askotan hutsuneak luze dirau», adierazi du Sare Nafarroak Iruñeko hitzorduan.

Guztira 45 elkarretaratze zeuden deituta. Horietako 33 gaur Altsasu, Aranguren, Araitz-Betelu, Arbizu, Areso, Atarrabia, Auñamendi, Barañain, Bera, Berriozar, Doneztebe, Erronkaribar, Etxarri Aranatz, Irañeta, Iruñea, Irunberri, Irurtzun, Iturmendi, Jauntsaras, Larraga, Larraun, Leitza, Lesaka, Mendigorria, Olazti, Oteitza, Tafalla, Tutera, Uharte, Urdiain eta Zizur Nagusian. Atzo Burlatan egin zuten eta hilaren 24an Lizarran. Larunbatean, berriz, Agoitz, Antsoain, Bakaiku, Elizondo, Gares, Goizueta, Kaseda, Lakuntza, Ororbia, Uharte Arakil eta Zaraitzun. Urtarrilaren 4an, aldiz, Lodosan bilduko dira.

«Gertuago daude, bai, gertuago ditugu, bai, eta horrek, zalantzarik gabe, izugarrizko zama gainetik kentzea dakar. Hori guztion lanari esker izan da, 34 urtetan zaintza lanetan aritutako guztiena, kalean aktibo egon diren horiena, eremu instituzionalean zein arlo politiko eta sindikalean honen amaieraren alde elkarlanean aritu diren guztiena. Gertuago eta bigarren graduan daude, eta hau balioan jartzeko unea da», nabarmendu dute Sarasate pasealekuan.

Hala ere, aurretik geratzen den lana ere ekarri nahi izan dute gogora. «Oraindik bide luze bat dugu egiteko, asko dira-eta legeak markatzen dituen baldintza guztiak beteta baimenik jasotzen ari ez direnak. Edo eta 3. graduan 110 presok egon beharko lukete, eta soilik 33 daude». Traba horiek «nabariak» direla destakatu dute. «Kartzela zuzendaritzen informeen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien gainetik, Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan».

Zentzu berean, egon diren bederatzi gradu erregresioak izan dituzte aipagai. «Salbuespen neurriak bertan bera geratzeko bidean, izugarrizko atzera pausoa da». Gainera, 13 epairen zain daudela ere nabarmendu dute. «Hau soilik mendeku eta gorroto ikuspuntu batetik uler dezakegu».

Horren aurrean «lanean jarraitzeko asmo irmoa» erakutsi nahi izan dute elkarretaratze hauekin. «Ezin dugu bide hau erdizka utzi eta etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu. Hori delako, egoera hau eraldatzeko aukera bakarra».

Nafarroaz gain, Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere egin dituzte mobilizazioak, bakegileek deituta.

Gaurko hitzorduekin urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako deia ere egin dute. «Preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde egingo dugu, salbuespen neurri guztien kontra».