INFO

Tanaya Atkinsonen bidez, Kutxabank Araskik ez Kopa ez garaipen laga du IDK Euskotren (73-75)

Donostiarrak Koparik gabe geratu dira Maria Eraunzetamurgil eta Itsaso Conderen Estudiantesek Ensinori 82-39 irabazi ostean. Alabaina, talde gasteiztarrak garaipena ere eskuetatik kendu die, azken segunduan erabaki den emozio handiko derbiari amaiera emateko.

Tanaya Atkinsonen talentuak erabaki du Donostiako euskal derbia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

IDK EUSKOTREN 73 - KUTXABANK ARASKI 75

Maria Eraunzetamurgilen eta Itsaso Conderen Estudiantesek 82-39 irabazi dio Lugoko Ensinori Madrilen. Ondorioz, IDK Euskotrenek Kutxabank Araskiri 37! puntuko aldeaz irabazi behar zion Josean Gascako euskal derbia gasteiztarrekin eta Lointek Gernika Bizkaiarekin batera Emaikumeen Endesa Ligako Kopan sailkatzeko. Hori ezinezkoa zela antzemanda, gutxienez derbia eramaten saiatu da talde donostiarra, eta aurreneko 25 minutuetan atzetik joan arren, 69-63 aurretik jarri da azken laurdenean, Mariam Coulibalyren 17 puntuei esker –horietatik 13 atsedenaldiaz geroztik– eta Joy Adamsek sartu dituen beste 17 puntuekin.

Baina Kutxabank Araskirentzat izan da Donostiako euskal derbia. Hamar jaurtiketa libre huts egin eta 12 baloi galdu arren, gehienak bigarren erdian, neurketari buelta eman dio azken segunduetan, batez ere Natalie Van den Adel eta Tanaya Atkinsoni esker. Herbehereetako hegal-pibotak 18 puntu lortu baditu, hegaleko estatubatuarrak 23 sartu ditu, tartean arabarren azken bost puntuak, partidako azken 20 segunduetan.

Hasteko eta bat, markagailua 71-70 zela, IDK Euskotrenek baloia galdu du epaileek ezer ere jakin gura izan ez duten jokaldi nahasi baten ostean, zeinahiren alde falta adierazteko motiborik izan duten arren. Alabaina, «segi jokatzen!» agindu du epaile hirukoteak eta Atkinsonek, Coulibaly baino bizkorragoa dela baliatuz, «bi gehi bateko» jokaldi aparta bukatu du, gasteiztarrak 71-73 aurretik jarriz.

Ez dute etsi Azu Muguruzarenek eta zortzi segunduren faltan 73na berdindu dute Coulibalyren eskutik, baina azken jokaldian, Nicole Cardaño kamisetara itsasi bazaio ere, lau metrotik bikain asmatu du Tanaya Atkinsonek, derbiari merezitako amaiera aparta emanda, nahiz eta trukean IDK Euskotren ez Kopa ez garaipen geratu den.

Hirukoak eta erreboteak

IDK Euskotren baino hobeto hasi da Kutxabank Araski, 7-15 aurreratu baita Van den Adelen eskutik. Hala ere, donostiarrek ez diote Madelen Urietaren taldeari hanka egiten utzi, hirukoz hiruko gasteiztarren abantaila murriztea erdietsi dutelako. Nicole Cardaño, Maria España edo Natalia Rodriguez izan dira gipuzkoarren jaurtitzaile egokienak, artean Joy Adams eta Coulibaly asmatu ezinik zebiltzalako.

Markagailua 40-42 dela iritsi da euskal derbia atsedenaldira. Jakina zen bigarren erdian partida gogorragoa izango zela, eta baita hala suertatu ere. Orduan azaldu dira beren jokorik onenarekin bai Adams eta baita Coulibaly ere. Kutxabank Araskiren aldetik, berriz, Atkinson eta Van den Adelek sartu dituzte saskiratze gehienak, baina tarteka Chatrice White, Flor Chagas edo Mai Diarraren puntuak ere eskertu dituzte.

Neurketa gero eta gogorrago jarri da azken minutuetan eta kale egindako jaurtiketa libreekin zein erasoko errebotean IDK Euskotrenek egin duen minari esker, talde donostiarra 69-63 aurreratu da. Ez dute, ordea, etsi gasteiztarrek eta azken minutuetan IDK Euskotrenek ere behar baino opari gehiago egin ditu.

Hala, Josean Gascako euskal derbia ia erabat berdinduta iritsi da bere azken unera, eta hor Tanaya Atkinsonen talentua gailendu da azkenean, Kutxabank Araskiren denboraldiko bederatzigarren garaipena erdietsiz, nahiz eta justu azkenengo jokaldian Mai Diarrak –beste ere hatz bateko hezur bat hautsita jokatzen ari dena– orkatila bihurritu duen.

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 78 - HOZONO GLOBAL JAIRIS 70

Ligako bederatzigarren garaipena lortuta amaitu du ere Lointek Gernika Bizkaiak eta Malosteko zaleei agur behar bezala egiteko parada izan dute Anna Montañanarenek. Gorriak eta beltzak ikusi behar izan dituzte Murtziako Hozono Global Jairisen aurka, baina azken laurdenean 23-15eko partziala erdietsita irabazi dute, nolanahi.

Sailkapenean nahiko atzean sartuta dago Murtziako taldea, baina jokalari bikainak ditu, tartean iaz Gernikan ari ziren Melisa Brcaninovic eta Belen Arrojo. Alabaina, Lashann Higgs gelditzen nahikoa lan izan du talde gernikarrak, 21 puntu sartu baititu jokalari estatubatuarrak. Etxekoen artean, berriz, Andrijana Cvitkovic eta Laura Spreafico nabarmendu dira, biak ala biak hirukoetan fin aritu direlako.

Atsedenaldira 40-34 iritsi arren, sekula ez dute bizkaitarrek nahi adinako lasaitasunik ukan, aurkaria bertan izan dutelako uneoro, dela Higgsen puntuei esker, dela Maria Bettencourten saskiratzeen bitartez.

Hala, murtziarrek aldea erabat jan diote Anna Montañanaren taldeari hirugarren laurdenean eta partida 55na iritsi da azken hamar minutuetara. Bettencourten saskiratzen baten 61-62 aurretik jarri ditu kanpokoan une batez, baina berehala etorri da buelta gernikarren partetik: 9-2ko partziala Spreafico, Ygueravide eta Cvitkovicen hiruko banarekin.

Saiatu da Global Jairis neurketa berdintzen, baina azken minutuetan Sandra Ygueravide antolatzaile beteranoak partidaren agintea hartu du eta ez du sorpresarik egon dadin laga. Hala, Lointek Gernika Bizkaiak behar bezala amaitu du 2022. urtea eta datorren asteazkeneko Emakumeen Eurocupeko kanporaketako joaneko partida behar bezala prestatzerik izango du; Julie Wojta jokatzeko dela, zortea lagun.