INFO

Beroak markak hautsi ditu Urtezahar honetan

Iruñean 18,7 graduko tenperatura maximoak neurtu dira; Beran, 16,6ko minimoak, eta Aemetek dioenez, segur aski ez dira Nafarroako errekor bakarrak izanen. Beroa orokorra da eta Europa erdialdean ari dira nabaritzen bereziki. Suitzan duela 170 urtetako Urtezaharrik beroena bizitu dute.

Urtezaharra kalean pasa zuen jende askok Iruñean, mozorrotuta ohi bezala, eguraldi beroa aprobetxatuz. Irudia San Nikolas kalekoa da. (NAIZ)

Iruñeko Aireportuan kokatutako estazio meteorologikoak 18,7 graduko gehienezko tenperatura neurtu du urtarrilaren lehen honetan. Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera, neurketak egiten hasi zirenetik izandako tenperaturarik altuena da.

Aitzineko errekorra 2000. urtean izan zen Iruñean: 18,6 gradura iritsi ziren orduan termometroak urtarrilaren 31n. Ez da 2023aren sarrera honetan hautsi den marka bakarra: Beran 16,6 graduko gutxieneko tenperatura neurtu da estazioan, eta hala 2011ko urtarrilaren 7ko 15,6 graduak gainditu dira.

2022an ere tenperatura altuek goia jo zuten hainbat estaziotan, sei hilabetetan: otsaila, maiatza, ekaina, uztaila, iraila eta urrian. «Erabat ezohikoa» da hori Aemetek baieztatu duenez.

Hotzaren mailak behin bakarrik puskatu zituen markak, apirilean.

Agentzia honek azaldu du errekor gehiago izan daitezkeela oraindik ilbeltzaren lehenengo egun honetan Nafarroan.

Suitzan

Aemetek azpimarratu du «urte sasoi honetan Europan izaten ari diren muturreko tenperatura hauek ez dutela aurrekaririk ez iraupenean eta ezta graduetan ere, batez ere kontinentearen erdialdean».

Suitzan, orain dela 170 urtetako Urtezaharrik beroena bizitu dute, bertako irrati-telebista publikoaren buletin meteorologikoak jakinarazi duenez. Termometroa 20,9 gradutara ailegatu da Delemonten, 16,7ra Basilean eta 15,1era Zurich-Klotenen.

Aurreko errekorra 2018koa da. Orduan 18,7 gradutara iritsi ziren abenduaren 31n.

Azaldu dutenez, Suitzako termometroak urtzeko bi faktore nagusiak hego-mendebaldetik etorritako aire hagitz beroa eta aire hori etengabe jaistea eragin duen haizea izan dira.

Adituek ohartarazi dutenez, tenperaturen desoreka hauek eragin zuzena dute espezie ugarirengan. Adibidez, urritzak loretan daude dagoeneko eta otsailaren amaieran izan dute orain arte horretarako garaia.