INFO

Elene Lete Realeko atezainak 2025era arte berritu du kontratua talde txuri-urdinarekin

Zumarragako atezainak beste bi urtez jantziko du elastiko txuri-urdina. Hirugarren denboraldia du lehenengo taldean, eta harentzako klubean jarraitzea «aurrerapauso handi bat da». Txikitatik Realekoa izanik, klubean «hazten» jarraitu nahi du, eta xede gisa, Kopa bat eskuratu nahi du.

Elene Lete atezaina, Zubietan, ligako partida batean baloia kolpatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Realaren atepea zainduta egongo da bi urte gehiagoz, Elene Lete Realeko atezainak 2025 urtera arte berritu baitu kontratua talde txuri-urdinarekin. Sinatu berritan, «oso pozik» dagoela dio: «Txikitatik Reala izan da  nire taldea. Niretzat garrantzitsua da hemen kontratua berritzea, eta aurrerapauso handi bat da». Zumarragakoak 20 urte besterik ez ditu, eta hirugarren denboraldia du Realean. Iazko denboraldian, gainera, Zamora saria jaso zuen ligan gol gutxien jaso zituen atezaina izan zelako.

2018an fitxatu zuen Donostiako taldeak, Urolatik etorri zen. 2018-2019 sasoian bigarren taldean aritu zen, baina berehala, denboraldi baten ondoren, jauzi egin zuen lehen taldera. Zumarragakoa aurrelari moduan aritzen zen Urolan, eta bertatik, atezain izatera pasatu zen.

Taldeak dituen helburuez mintzatuta, Txapeldunen Ligara sailkatzea da horietako bat –iazko denboraldian egin zuten moduan–. Koparen bat ere altxa nahi du atezainak. Izan ere, Realak Kopa irabazi zuenean, 2018-2019 sasoian, Lete oraindik bigarren taldean zegoen. Aldi berean, xede anbiziotsuak ditu ligarako: irabazten jarraitzea eta puntu gehiago lortzea, hala, ligako goiko postuetan egoteko.

Taldeko helburuez haratago, pertsonalki ere hobetzen jarraitu nahi du: «Realean hazten jarritu nahi dut, eta horretarako lanean segituko dut. Garrantzitsuena gozatzen jarraitzea izango da».