INFO

Lakuaren egoitzara eraman dute protesta Bizkaiko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek

7 urte daramatzate hitzarmena berritu gabe eta patronalak proposatutako soldata igoera «lotsagarria» dela iritzita, greba egin dute 4 egunez Bizkaiko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek. CCOOk eta UGTk deituta manifestazioa egin dute ostegun honetan, Bilbon.

Laugarren greba egunean pixoihal jaurtiketa egin dute Bizkaiko ELZko langileek. (N.L.)

4. greba eguna dute ostegun honetan Bizkaiko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek. ELAk egin zuen greba deialdia lehendabizi eta CCOOek eta UGTk gero, eta nor bere aldetik ari dira mobilizatzen. Gaur, CCOOek eta UGTk performancea egin dute Bilbon Lakuako Gobernuak duen egoitzan eta manifestazioa gero. Duela 7 urteko hitzarmena negoziatzen ari dira eta patronalak proposatutako soldata igoera baxuegitzat jo dute.

«Hamar urtera begira 3,6ko soldata igoera proposatzen digu patronalak eta lotsagarria iruditzen zaigu», adierazi du CCOOko Alicia Grañak. Gizonek kudeatutako sektore feminizatua da zaintzarena eta, Grañak azaldu duenez, horrek eragin zuzena dauka langileen baldintzetan: «Gizonek baino prekarietate gehiago, kontratu partzial gehiago eta kontziliazio gehiago izan dezakegula uste dute».

Proposatutako soldata igoera txikiegia dela diote, Bizkaiko udaletxeek aurrekontua areagotu izanagatik ere, ELZeko langileen soldatetan ez baita islatzen: «Herritarrek ordaintzen dituzten zergetatik dator gure soldata eta udaletxeek gure lanagatik ordaintzen duten prezioa 5 eta 6 eurotan areagotu diete patronalei, baina gure soldatetan ez du eraginik izan».

Langileentzat patronalak eskainitako igoera «opari pozoitu»tzat hartzen dutenez, erabaki dute haiek ere Errege egunez opariak egitea Aztertzen, Urgatzi, Aurrerantz eta Lagunduz enpresetako arduradunei zein Iñigo Urkullu lehendakariari berari. Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitza aurrean pixoihal jaurtiketa egin dute langileek, «ordaindu nahi ez duten» horiei haiek lan egin dezatela oihukatzen zieten bitartean.

Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara bidean jarraitu du manifestazioak. Besteak beste, espekulatzea leporatu diete ELZ kudeatzeaz arduratzen direnei. Aldundiaren atarian geldialdia egin dute, eta bost zakukada ikatz utzi dituzte bertan opari.

Gaur izan da ELAk deitutako azken greba eguna ere. Deialdiak nork bere aldetik egin izanaren inguruan, Grañak honakoa adierazi dio NAIZi: «Guk ez daukagu inolako arazorik nahi duenak gure mobilizazioekin bat egin dezan». ELAk asteon egin dituen mobilizazioetan ere antzekoak izan dira aldarriak. Soldata eta lan baldintza duinak eskatu dizkiete patronalari zein Eudeli.