Avironen porrota Bordelen eta Biarritzen garaipena Agileran
Baionako taldeak 23-15 galdu du etxetik kanpo eta Top 14ko sailkapenean gainditu du Bordelek. Biarritzek gogor lan egin behar izan zuen urte berriko lehen garaipena lortzeko Montaubanen kontra (20-17).
Avironek partida amaieran egindako ahaleginak ez du saririk jaso eta punturik batu gabe itzuliko da taldea Baionara. Azken ordu laurdenean bi entsegu lortu dituzte eta Camille Lopezek lehen zatian lortutako drop bati esker bonusa lortzetik gertu geratu dira.
Hala ere, lapurtarrek ez dute maila ona eman eta 23 eta 3 galtzen egon dira bigarren zatiaren erdialdean. Porrotaren ondorioz, Bordeleko taldeak Top14ko sailkapenean gaindituko ditu baionarrak. Urtarrilaren amaierararte ez da liga partidarik izango. Avironek Europako txapelketako bi partida jokatuko ditu hurrengo bi asteburuetan eta oraindik ez dute punturik lortu Challenge Cup lehiaketan. Benetton Treviso talde italiarrari egingo diote bisita datorren jardunaldian eta Scarlets talde galestarra hartuko dute gero Jean Daguer zelaian.
Biarritzek, aldiz, tinko eusten du sailkapenaren goiko postuetan Pro D2 txapelketan. Ostiral iluntzean kosta egin zitzaien Montaubani Agileran irabaztea (20-17), baina garaipenarekin bolada bikainean abiatu dute urte berria. Kerman Aurrekoetxea getxoztarrak hasieratik jokatu zuen eta hurrengo jardunaldian Colomiers taldeari egingo diote bisita.
Ohorezko Mailan, gizonezkoen zein emakumezkoen Hego Euskal Herriko taldeek ez dute partidarik jokatu asteburu honetan. Hurrengo astean berrarabiaziko dira txapelketak. Ordiziak Complutense Cisnerosen aurka neurtuko ditu indarrak Altamiran eta Gernikak Pozuelo taldeari egingo dio bisita. Bizkaitarrek puntu bakar bat daukate sailkapenean, Goierrikoen kontrako derbia 20 eta 23 galdu ostean.
Bestalde, Eibar taldeko emakumeak Sevillako La Cartujan arituko dira Corteva Cocosen aurka.