INFO

Kupeltegiko giroa itzuliko da sagardotegietara

Euskal sagardotegiek dena prest dute aste honetan txotx denboraldia hasteko. Azken hiru urteetan bizitako gorabeheren ondoren, oraingoan murrizketarik gabe zabalduko dituzte ateak eta kupeltegiko giroa berreskuratuko dute. Aurtengo ekoizpena txikiagoa bada ere, izaera handiko sagardoak espero dira.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileak elkartu dira gaur Donostian txotx denboraldiaren aurkezpena egiteko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileek aurtengo txotx denboraldiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Donostian. Guztiak itxaropentsu agertu dira normaltasunera itzuliko den denboraldiarekin eta bezeroentzat prestatu dituzten berritasunak aurkeztu dituzte, Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkarien babesa izan duen ekitaldian.

Ekoizpenari dagokionez, pasa den udazkeneko uzta aurreko urtekoa baino txikiagoa izan da kopuruz. Espero zitekeen gauza zen, sagar urtea ez zelako tokatzen, baina udako eguraldi lehorrak are eta txikiagoa bihurtu du uzta.

Ondorioz, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardotegiek guztira 9 milioi litro inguru sagardo egin dituzte, 2020an lortutako 12,2 milioiko errekorretik urrun. Horien barruan, bertako sagarrarekin egindako Jatorri Deiturako Euskal Sagardoaren produkzioa 1,2 milioi litrokoa izan da, orain dela bi urteko kopuru bera, baina kasu honetan ere 2020ko 4 milioiko errekorretik urrun.

Jatorri Deituraren lehendakari den Oihana Gainzerainek azaldu duenez, ekoizpen txikiago horrek eraginda, izaera handiagoko sagardoak izango dira aurten orokorrean, tanino altuko eta alkohol graduazio handixeagoarekin. «Luzera, bilakaera oso ona izango duten sagardoak dira orokorrean», esan du.

Olatz Mitxelenak, Euskal Sagardoaren teknikariak, aurtengo txotx denboraldia «pozik» hasiko dutela adierazi du, hiru urteren ondoren sagardo berria «txotxetik dastatu ahal izango baitugu. Kupeltegiko giroa itzuliko da gure sagardotegietara, eta sagardoaz hitzegiteko aukera izango dugu, lehenago egin ohi genuen moduan, zutik eta kupeltegian bertan», esan du.

Mitxelenak dei egin die herritarrei sagardotegietara hurbildu eta esperientziaz gozatzera, hori bai, kontuan hartuz «sagardotegira hurbiltzen den bezeroak bertako ekoizle baten etxera egingo duela bisita, bertako lurretik bizi den familia baten etxera. Izan ere, sagardogileak berak dira dastatzera ematen den produktuaren ekoizleak».

Bisita gidatuak eta erreserbak

Ohiko otorduez aparte, aurten hainbat ekintza egiteko aukera eskainiko dute. Amaia Zubeldia Sagardoa Routeko koordinatzaileak azaldu duenez, berrikuntza moduan aurten dastatze eta bisita gidatuak eskainiko dira otorduaren aurretik, «sagardoaren atzean zer dagoen ezagutzeko». Lehen sektorea hobeto ezagutzeko bisitak ere antolatuko dituzte, baita euskal kirolak ezagutzeko ere, horien artean Hernaniko Galarreta frontoira.

Horrekin batera, aurten erreserbak automatikoki egiteko aukera eskainiko da sagardoa.eus webgunean. «70 upategien artean bat aukeratu, mahaikide kopurua jarri, bost euroko aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta geratuko da».

Online dendak ere zabalik jarraituko du aurten. Zubeldiak zehaztu duenez, denda honen bereizgarri nagusia eskaera bakarrean sagardo desberdinak konbinatzeko ematen duen aukera da. «90 sagardo baino gehiago ditugu dendan, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak», esan du.

Olatz Mitxelenak, azkenik, aurten sagardoaren prezioak izango duen bataz besteko %25eko igoera gogoratu du. «Sagarra, beira, kartoia, argindarra, gasolioa... guztiak gora egin du eta horrek eragin zuzena izan du sagardoaren kostu finkoetan. Ezinbestean, eta sektoreak aurrera egin ahal izateko, prezioak eguneratu egin behar izan ditugu», amaitu du.