Semeen beharretara egokitutako etxe baten zain dago Derioko familia bat
Ate guztiak jo ondoren, eskaera Gasteizko Parlamentura eraman du Derioko familia batek. Desgaitasun handia duten 12 eta 15 urteko semeen premietara egokitutako etxea behar dute. Lakuako Etxebizitza Sailera jo dute, eta beharra agerikoa izan arren, haiena ez omen da lehentasunezko kasu bat.
Ez da erraza etxea den espazio intimoan bizi den premia bat plazaratzea. Detailetara jo behar izaten da askotan esperimentatzen diren zailtasun horiek beren gordintasun osoarekin azaltzeko, pertsona horien azalean benetan jarri ahal izateko; eta, hala ere, Derion familia batek egunerokoan bizi behar duen egoera aipatzea nahikoa da agerikoa den beharraz ohartzeko. Tartean gaixotasun batek eragindako premiak daude. Kasu horietan, are mingarriagoa egiten da erakundeen erantzunik ez izatea, eta are kezkagarriagoa urteetan zehar erakunde horiek irtenbiderik bilatzen jakin ez izana.
Derioko familia horrek egina du aspalditik Lakuako Gobernuko Etxebizitza Sailaren aurrean semeen beharrei egokitutako pisu bat alokatzeko eskaera. Bost lagun dira eta hirurogei metro koadroko pisu batean bizi dira, gurasoak eta hiru seme-alabak. Seme bik gaixotasun arraro eta degeneratibo baten ondorioz desgaitasun handia dute. Gurpil aulkia erabili behar dute kalean zein etxean mugitzeko. Hain etxe txikian arazo handiak dituzte autonomiaz mugitzeko, dutxa hartzeko... eta etxea egokitzeko lanak egitea ez da aukera bat.
Egoera jasangaitza bihurtzen ari da azken urteetan. Beharra adierazten duten txosten tekniko ofizialak ere bildu dituzte baina, hala ere, ez dute erantzunik lortu. Luze egiten ari den itxaronaldi horretan, Gure Señeak herriko elkartearen babesa eta laguntza izan du familiak. Luisma Landaluze elkarteko kideak gertutik ezagutzen du egoera. Dioenez, desgaitasuna duen pertsona bati laguntzeko beharrezkoa den azpiegitura eta dedikazioa kontuan hartu behar dira, eta kasu honetan etxe bereko bi gazte dira. «Nekez uler daiteke Derion, eta XXI. mendean, honelako egoera batentzat irtenbiderik ez aurkitzea», erantsi du.
Sinadura bilketa bultzatu dute Osoigo plataformaren bidez, eta orain Gasteizko Legebiltzarrera eraman nahi dute gaia, alderdietako ordezkariek beharrizana baloratu eta salbuespen modura irtenbide bat bilatzeko bidea zabal dezaten.
2016. urtean, etxea alokatu zutenean, bestelakoa zen familiaren egoera. Bi semeek pairatzen duten gaitz degeneratiboak nabarmen murriztu du azken urteetan haien mugikortasuna. 12 eta 15 urteko gazteak dira, eta gaixotasunak aurrera egitearen ondorioz, beharrizan handiagoak dituzte orain.
Udal kiroldegia erabiltzen zuten
Aulki motordunak erabiltzen dituzte gazteek kalean mugitzeko, baina gailu horien neurriengatik ezin dituzte etxe barruan erabili. Etxera sartzeko, orduan, aulkiak aldatu behar dituzte: elektrikoak kanpoan utzi behar dituzte eta barruan mugitzeko aulki txikiagoak baliatzen dituzte.
Komuna ere txikia da, eta hori ere arazo iturri bat da. Ezinezkoa dute etxeko dutxa txikia erabiltzea. Aldi baterako udal kiroldegiko instalazioak erabili zituzten dutxatzeko, baina gaur egun aukera hori ere baztertu egin behar izan dute, gazteen zailtasun fisikoak direla-eta.
Etxean bertan bilatu behar izan dute irtenbidea, beraz. Komun modura erabili behar duten aulki gainean hartu behar dute dutxa, laguntzarekin. Izan ere, guraso bien laguntza behar dute. «Garbiketa da txarrena, badaramatzagu bi urte dutxa on bat hartu ezinik, zatika egin behar dugu: burua, gero gorputza... ez da modua haientzat eta oso esfortzu handia suposatzen du. Gainera, lanbasarekin egon behar du gutako batek ur guztia jasotzen», azaldu dio GAUR8ri amak, Hanan Elaoudati Jahjah-ek.
Bizi duten egoera ez da zailtasun praktikoetara mugatzen, bizi duten horrek eragina du bi gazteengan, Elaoudatik azaldu duenez. Jar gaitezen adin horretako bi gazteren azalean, eta pentsa dezagun zer den estutasun horiekin bizi behar izatea. «Haiek badituzte gaitzak eragindako zailtasunak, eta etxean horrela bizi behar izateak egoera psikologikoan ere eragiten du», nabarmendu du amak.
Azken bi urteetan bizitako egoera gogora ekarrita, itxialdia eta horren osteko hilabete luzeetako garai gogorrak aipatu ditu: «Kutsatzeko beldurraz gain, etxean egon behar izatea eta etxe barruan mugitzeko aukerarik ez izatea oso gogorra izan zen, askoz ere gehiago bi gazteentzako».
Bizitakoaren oroitzapenen artean, semeetako batek bi ebakuntza izan zituela kontatu du amak. Ia bi hilabetez oheratuta egon behar izan zuen gazteak. «Oso txarto pasatu genuen, oso gogorra zen egoera horretan bizitzea».
Gelak ere txikiak dira eta hori ere arazoa da. Adibide txiki bat jarri du: «Haien logelan, ohe bi daude, 105ekoak, eta ezin zara mugitu, armairua ere ezin duzu ondo zabaldu... oztopo handiak aurkitzen ditugu egunerokoan leku guztietatik», nabarmendu du Elaoudatik.
Altxatu, oheratu... hainbat mugimendu egiteko laguntza behar dute gazteek eta horri aurre egiteko tresna bereziak daude; arazoa da hain neurri txikiko etxe batean ezinezkoa dela horietako batzuk jartzea, egiturak instalatzeko eta maneiatzeko espazioa behar delako, eta oraingo etxean ez dute horretarako aukerarik.
Etxeko atea gurutzatutakoan estutasunak agertzen dira berriro, igogailua erabiltzeko ere arazoak dituzte-eta. Kalean ibiltzeko erabiltzen dituzten aulkietan jaitsi behar dira atariraino, baina gazteak bakarrik joan behar dira, ez dagoelako beste inor sartzeko lekurik.
Aulkian daramaten motxila kendu behar dute igogailua itxi ahal izateko, baita oinak jartzeko aldea ere. Kentzeko eta berriz jartzeko operazioa bi aldiz errepikatu behar da gazte biak kalera doazen eta etxera itzultzen diren bakoitzean. «Igogailuko eguneroko bidaia horiek beste kezka bat dira guretzat, adin txikikoak direlako eta ez liratekeelako bakarrik joan beharko», nabarmendu du Hanan Elaoudatik.
Horrekin lotuta, gogora ekarri du susto bat izan zutela duela ez asko. Behin igogailua solairuen artean trabatuta geratu zen, semeetako bat barruan zela. Ordu bi baino gehiago eman zuen gazteak igogailuan sartuta, bera bakarrik, teknikariak bertaratu eta matxura konpondu arte. «Egoera konpondu zen eta ez zen ezer gertatu, baina ordu bi baino gehiago igogailuan sartuta... arin esaten da», hausnartu du Landaluzek.
Ez da lehentasunezko kasu bat
«Ate guztiak jo ditugu eta ez dago modurik», azaldu du derioztarrak orain arte egindako ahaleginek izandako emaitzaren inguruan. «Udala laguntzeko prest aurkitu dugu beti», baina erantzuna Lakuako Gobernuko Etxebizitza Sailaren esku dagoela uste dute elkartean.
Udaletxera jo zuten premia agertu zenean, eta nabarmentzen dutenez, bertan laguntzeko prestutasuna aurkitu dute beti. Udal gizarte langileak egin zuen hasierako txosten bat egoera azalduz, Etxebizitza Sailean aurkeztu ahal izateko. Hala ere, baremazioaren arabera ez zela lehentasunezko kasu bat izan zen erantzuna.
Araudiaren arabera, tratu txarren eta kaleratzeen biktimek dute lehentasuna etxebizitza lortzeko. «Horrekin ados gaude, ondo dago horrela izatea, baina halako egoera bizi duen familia batek gutxieneko lehentasun bat izan beharko lukeela uste dugu, salbuespen modura agian, baina zerbait», dio Gure Señeak-eko kideak.
Lakuako Etxebizitza Sailaren lehen ezetzarekin Arartekoarengana jo zuten. 2020. urtean plazaratu zuen ebazpena Exekutiboari salbuespen modura familiaren egoera kontuan har dezala eskatuz. Hortik aurrera, zein bide hartu hausnartu zuen elkarteak. Aukera bat zen Etxebizitza Sailean araudi aldaketa bat bultzatzea, horrelako kasuak kontuan hartuak izan daitezen, baina arau aldaketak behar duen prozesua luzea da, eta, gainera, bazegoen beste zailtasun bat arauan salbuespen gisa zein eritasun har zitekeen zehazteko.
Eragile ezberdinak kontsultatu ondoren, araudiaren aldaketa bultzatu beharrean Derioko kasuari salbuespen gisa lehentasuna ematea eskatzea erabaki zuten elkartean.
Etxebizitza Sailak udal gizarte langilearen txosten berritu bat dauka mahai gainean, eta elkarteak agerraldi bat eskatu du Gasteizko Legebiltzarrean.
Hanan Elaoudati Jahjah-ek berak azaldu duenez, ez dute beste herri batera bizitzen joateko arazorik. Etxebizitza Sailean eskaera egin aurretik eta ondoren askotan begiratu izan dute merkatuan ea etxebizitzaren bat agertzen zen: «Guretzat ezinezkoa da alokairu horiei aurre egitea, hilean mila eurotik gorako alokairuak dira merkeenak, eta guretzat oso garestia da hori, gure ahalmenetik kanpo daude prezio horiek».
Kezkatuta baina itxaropentsu azaldu da, halere, Elaoudati, bizi duten errealitate horri erantzungo dion irtenbidearen zain. Soluziobidea heldu bitartean Gure Señeak elkartearen laguntza eta babesa dute. Gaixotasun arraroak pairatzen dituztenen familiei laguntzeko jaioa, azken hamabi urteetan errealitate ezberdinei aurre egiten lagundu du elkarteak. Beharrizan materialak sortu direnean, dirua biltzeko bideak jorratu dituzte, ekitaldiak antolatuz, merchandising-a salduz edo inguruko enpresen elkartasuna bilduz.
«Batzuetan sortzen den premia ohe artikulatu bat izan daiteke, beste kasu batean Osakidetzak bere gain hartzen ez duen eta oso emaitza onak ematen dituen tratamendu bat... laguntza maila askotarikoa da», azpimarratzen dutenez. «Eritasun bat heltzen denean kolpe handia izaten da, eta zama hori arintzea da gure helburua», planteatu du Landaluzek, eta bide horretan orientazioa eta egin beharreko tramiteetan ondoan egotea da elkarteko boluntarioek eskaintzen duten beste babes bat.
HITZORDUA LORTZEKO PELEGRINAZIOA
Desgaitasuna sortzen denean, egoera berrira egokitzeak behar duen prozesuan sarritan beharrizan berriak agertzen dira. «Halako egoera bat agertzen denean, sentipen berezi bat dago; bakarrik sentitzen zara, tramite pilo bat egin behar da, mila gauza egin behar dira eta bide hori guztia egiten lehena zarela ematen du», azaldu du Luisma Landaluze Gure Señeak elkarteko kideak. Sentsibilitate berezia du elkarteak bide horretan laguntza materialaz gain eman beharreko akonpainamenduari dagokionez, askotarikoak baitira erakunde ezberdinen aurrean egin beharreko gestioak. Alderdi horri begiratuta, erakundeen aurrean familiek aurkitu ohi dituzten zailtasunak nabarmendu ditu, bereziki leihatila ezberdinetatik egin beharreko «pelegrinazio itzela» edo aurrez aurreko hitzordu bat lortzeak egun suposatzen duen «odisea». Behin eta berriro errepikatzen den egoera da hori: «Interneten erabilera eskura izatea edo dokumentuak eskaneatzea bezalako urrats bat erraza izan daiteke familia batzuentzat baina arazo handi bat beste askorentzat; mundu guztia ez da eskatzen dioten horrekin berdin moldatzen, eta laguntzarik ez baduzu zailtasun erantsi bat da une zail batean». Maila horretan jarri ditu aurrez aurreko zita bat lortzeko eskatzen diren urratsak, gero eta korapilatsuagoak baitira.