INFO

Donostiako Haur Danborrada «indar osoz» egingo dute berriz ere

Guztira 4.731 ume ibiliko dira Donostiako kaleetan zehar Sarriegiren martxen doinuak interpretatuz Haur Danborradan. Bi urteren ondoren normaltasunez egiten den lehena da aurtengoa.

Donostiako Haur Danborradaren aurkezpena. (Maialen ANDRES | FOKU)

Eneko Goia Donostiako alkateak, Jon Insausti Kultura zinegotziak eta Haur Danborradako pertsonaiek «ilusioz eta indarrez beteta» itzuliko den danborrada aurkeztu dute. Bi urtez ezinezkoa izan da normaltasunez egitea. Guztira, 4.731 haur ibiliko dira hiriko kaleetan zehar, Sarriegiren martxak interpretatuz. 41 ikastetxe eta elkartek hartuko dute parte, baita 48 konpainiak ere.

Aurtengo Danborradak, gainera, bi kide berri izango ditu. Batetik, Unión Artesana Elkarteko UA150 Haur Danborrada batu zaie bezperan atera izan ohi direnei, eta lehen irteera urtarrilaren 19an, 18.00ak aldera egingo dute. Bestetik, 20an bertan, Amassorrain Ikastolako Danborrada estreinakoz arituko da.

Azken urteotan bezalaxe, Haur Danborradarekin batera karroza handi bat aterako da. Bertan XIX. mende hasierako gizarte zibileko pertsonaiek desfilatuko dute. Aurtengoan Zurriola Ikastolako haurrek interpretatuko dituzte alkatea, notarioa, Donostiako bi hiritar (bata neska eta bestea, mutila), batelaria, arrantzalea, inudea, artzaina, irulea, dendaria, urketaria eta mandazaina. Karrozaren aurretik, 6 palafrezainek desfilatuko dute Kalesan.

Orixe Ikastolako Paul Martínez Pey izango da Danbor Nagusia, Haur Danborradako agintari nagusia, alegia. Berak zuzenduko du Udaletxetik abiaraziko den danborrada eta berak emango dio hasiera Sarriegiren martxak Donostiako erdiguneko kaleetan zehar interpretatuko dituen desfileari.

Udaletxeko balkoitik Haur Danborradari hasiera emateko bi laguntzaile izango ditu Danbor Nagusiak: Jenerala eta Laguntzailea. Zurriola Ikastolako Irati Martinezek eta Unai Barrosek interpretatuta, hurrenez hurren. Figura hauek Danborradaren hasieran sortu ziren, 1961ean. Euren jantziak bertan parte hartzen duten konpainia guztien jantzietatik bereizten dira, eta ibilbidea zaldi gainean egiten dute.

Eguraldiaren menpe

Baldintza meteorologikoak txarrak balira eta Haur Danborrada egitea ezinezkoa balitz, bertan behera uzteari buruzko jakinarazpen ofiziala urtarrilaren 20an egingo litzateke, 10.30ean gutxi gora behera, mezu bidez. Urtarrilaren 20an eguraldiak uzten ez badu, irteera igandean egingo da, urtarrilaren 22an. Orduan ere ezin bada egin, Udalak beste une batean egiteko aukera aztertuko duela adierazi du.