INFO

Jokin Altuna edo nola apurtu Zabaletaren aurkako partida bat aurreko koadroetatik

Partida luze eta bikain batean, amezketarrak eta egunetik egunera goi mailan egonkortzen ari den Xabi Tolosak liderrei lehen porrota eragin diete Bilbon (22-21).

Jokin Altunak enegarren erakustaldia eman du Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Txapel edo garaipenez harago, edozein kiroletan ondare bat uztea izaten da izarrak profesional bikainetatik bereizten dituena. Binakako honetan edozein gauza gerta daiteke oraindik, baina Jokin Altunak momentuz utzi du bere aletxoa. Ordu eta erdiz gorako partida bat txokoan egindako dejada milimetriko batekin amaitzea ez dago ia inoren esku, baina amezketarra txapelketa honetan egiren ari dena pausu bat harago doala esan genezake. Hasteko, orain artekoa ikusita ezinezkoa irudien muga pasa du, Zabaleta on baten aurka partida aurreko koadroetatik haustea. Hori aukeratu batzuk baino ezin dezakete egin, eta Jokin Altuna horietako bat da.

Noizbait gertatu behar bazuen, Elordi-Zabaletaren boladak ez du amaitzeko erarik txarrena aukeratu, sailez kanpoko pilotari baten aurrean heldu baita. Duela astebete Donostian beste partida latz batean Laso-Imazen aurka eman behar izan bazuten, Tolosaldeako bikoteak gaur pausu bat eman du aurrera, aurreko koadroetan bezala atzekoetan. Partida amaitzeko txokoan egindako dejada, 16-12koan utzi zuen museorako errematea, erdi gantxo erdi zabalerako dejada... asko dira gaur utzitako aleak, baina hortxe egon daiteke Jokin Altunaren ekarpenik handiena, bere alboan Xabi Tolosa izaten ari den goraka nekez uler baitaiteke amezketarrak jokoari ematen dion guztia gabe. Anoetarrak partida bikaina jokatu du gaur, Zabaletaren joari eutsi eta Elordiri aukerako pilota askorik utzi gabe, apenas akatsik egin gabe.

Bakoitzak berea

Hamaika detaile, gorabehera eta buelta izan dituen partida nolabait laburtzearren, egungo bi pilotaririk eraginkorrenen arteko lehiaren giltza –lehen itzuliko partida ez zuen jokatzerik izan amezketarrak– aurreko koadroetan esan genezake, nahiz eta Bilbokoak ez zirudien horretarako lekurik egokiena. Jokin Altunak argi zuen Elordi bere tranpan harrapatu behar zuela irabazteko aukerak izateko eta horretarako aukera izan duen bakoitzean tantoak aurrean erabakitzen saiatu da.

Orain arteko partidetan horren ondo funtzionatu duen Zabaletaren joaren eta Elordiren arteko erremateen arteko ulermena nahasten asmatu du, hasieratik, Altunak. Aurreko zazpi jardunaldietan mallabiarrak jakin izan du atzelariak sortutako aukerei itxaroten, gaur, ordea, Altunak zepoan harrapatu du, hasiera xamarrean hiru gantxotan akatsak egitera behartu du eta hortik aurrera bere ezker gantxoa ez da aurrekoetan bezain eraginkorra izan, hori denean bere armarik eraginkorra. Azkenerako, gainera, mindu xamar amaitu omen du bizkaitarraren ezker esku horrek.

Partida gehienean gorriek eraman dute markagailuaren aginte makila, baina Jose Javier Zabaleta ere ez da edonolako pilotaria eta etxarrendarrak ere jakin izan du partida bere aldera eramaten, batez ere erdialdetik aurrera. Inspiraziorik ezean, Elordik ere jakin du, erremateak ahaztu gabe, jokoari lana eta kemena jartzen eta partida erabat orekatu da azken txanpa horretan. Amaiera ezin berdindu eta orekatuan, joaren eta magiaren arteko dialektika horretan azken hau nagusitu da.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna-Tolosa: 22

Elordi-Zabaleta: 21

Pilotakadak: 826. Iraupena: 94 minutu. Markagailua: 3-0, 3-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 8-9, 11-9, 11-0, 12-10, 14-10, 14-11, 15-11, 15-12, 16-12, 16-13, 17-13, 17-16, 18-16, 18-19, 19-20, 21-20, 21-21, 22-21.  Sakeak: 2 Altunak. Egindakoak:  11 Altunak, 1 Tolosak, 7 Elordik eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 6 Altunak, 5 Tolosak, 7 Elordik eta 2 Zabaletak.  Gorabeherak: Sarrera polita Bilboko Bizkaia pilotalekuan bigarren itzuliko lehen jardunaldia itxi duen jaialdian.