INFO

Ahalduntze eskolan parte hartzeak autoestimuan onurak dakarzkie emakumeei

Ahalduntze eskolek emakumeen autoestimu eta segurtasunean inpaktu positiboa dutela egiaztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz Pepa Bojo psikoterapeutak ondutako ikerketak.

Nerea Isasi eta Pepa Bojo ikerlaria, Donostian eman duten prentsaurrekoan. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako hainbat udalerritan ahalduntze tailerretan parte hartzen duten emakumeen herenek baino zertxobait gehiagok (%33,8) autoestimu eta segurtasun pertsonal handiagoa lortzen dute, eta %24,4k, berriz, beraien premiei buruzko erabaki gehiago hartzen ditute. Pepa Bojo psikoterapeutak ondutako ‘Grupos de empoderamiento de Gipuzkoa: motivación para participar y cambios reseñables’ izeneko ikerketak dakartza datuok. Astelehen honetan aurkeztu du lana Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, Donostian.

Argitalpenak azaltzen duenez, Gipuzkoan ahalduntze eskolek baliabide materialak eta humanoak eskaintzen dituzte, ahalduntzea sustatzen duten jarduerak antolatuz, eta haietan dinamika eta metodologia feministak sortzen dira, eta jakintzak partekatzen, alderdi teorikoak garatzen eta trebetasun berriak ikasten, ikasitakoa zalantzan jarriz eta konponbideak bilatuz.

Azterlaneko datuak galdetegi baten bidez jaso ziren eta 2018ko martxo-ekainetik 2019ko ekainera bitarte zenbait udalerrietako –Arrasate, Azpeitia, Oñati, Tolosa, Trintxerpe, Urnieta, Usurbil eta Zarautz–, zuzendutako tailerretan parte hartu zuten 115 emakumeen iritzia ere jaso zuten ikerketaren arduradunek.

Laginean parte hartu duten emakumeen herenak baino zertxobait gehiagok (%34,3) adierazi du osasuna dela ikastaroetan parte hartzeko arrazoi nagusia; ondotik datoz «ohiko ingurunetik irtetea eta beste emakume batzuekin harremanak izatea» (%24), feminismoan sakontzea eta emakumeen errealitatea ezagutzea (%20,6), prestakuntza jasotzea (%9,8) eta bestelako arrazoi batzuk (%11,3).

Gipuzkoako zenbait udalerritako ahalduntze ikastaroetan parte hartu ondoren autoestimu eta segurtasun handiagoa dutela adierazi du emakumeen herenak baino gehiagok (%33,8); bigarren postuan, esan dute erabaki gehiago hartzen dituztela beraien premien inguruan (%24,4). Era berean, emakumeen %13,9k adierazi dute kontzientzia feminista handiagoa dutela.

Azterlanak dioenez, aldaketa psikologiko horiek partaideek harremanetan duten posizioa aldatzen dute, eta harremanen jokaleku berri berdinzaleagoak marrazten dituzte.

«Osasuna edozein prozesuren oinarria da»

«Emakumeen ahalduntze taldeekin 25 urtean baino gehiagoan lan egin ondoren, ikusi ahal izan dut haien bizitzan izandako aldaketak agerikoak, iraunkorrak eta egiturazkoak direla, eta munduan egoteko beste modu baten hasiera direla», azaldu du azterlanaren egileak.

Gainera, Bojok berretsi duenez, prozesu horiek «osasunaren ondoezarekin» lotutako sintomatologia «hobetzen eta, askotan, desagerrarazten ere laguntzen dute».

Hain zuzen, eskoletan parte hartzeko motibazio gisa osasuna aipatu zuten emakumeen artetik, %42,2k adierazi zuten prozesuak burututakoan egoera emozionalak kudeatzen ikasi zutela; %31,4k beren autoestimua hobetu zela aipatu zuten; eta %22,9k, berriz, sintomak murriztu zirela.

«Gaur-gaurkoz, hobeto ezagutzen ari gara zein diren arazo psikologikoetan eragin dezaketen faktoreak eta, batez ere, ikusarazten eta egiaztatzen ari gara zein garrantzitsuak diren faktore sozialak, ekonomikoak eta generoaren arloko faktoreak eta zer-nolako eragina duten gaixotasun psikiko eta emozionalean. Azpimarratu behar da osasuna errekuperatzea dela edozein berregituraketa eta eraldaketa prozesuren oinarria», azaldu du psikoterapeutak.

«Berdintasunean aitzindari»

Berdintasuneko foru zuzendariak, Nerea Isasik, Donostian azpimarratu du azterlan honek «garrantzia handia» duela, xehetasun handiagoz ezagutzera ematen duelako ahalduntze eskolek egiten duten lanaren garrantzia.

«Berdintasun politika publikoetan lurralde aitzindaria izaten jarraitu nahi dugu, eta, horretarako, funtsezkoa da erakundeen eta berdintasunarekin eta feminismoarekin lotutako gizarte sarearen arteko lankidetza; gainera, oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute ahalduntzearen ikuspegitik», adierazi du.

Isasik gogorarazi duenez, Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Planaren esparruan, «Gipuzkoako emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboan laguntzea», eta norabide horretan lan egiteko konpromisoa azaldu du.