INFO

Bernard Francou: «Zalantzarik gabe, berotze globalak erabateko isla du mendian»

Iritzi hori eman duena Bernard Francou da. Mendizaletasunaren etorkizunari dagokionez, zientzialari frantziarrak dio inflexio puntu batera helduko dela.


Ikerketa guztiek diotenez, klima larrialdiaren zantzuak oso sendoak dira. Hori ukatzeak ez du gaur egun lekurik. Emaitza enpirikoei begiratzen badiegu, argi eta garbi geratzen da klima aldaketak munduko ertz guztiak ukitzen dituela. Mendiek eta naturaguneek, adibidez, ezin dute saihestu “gainean” erori zaien mamua. Eta horren inguruko azalpen zientifikoak jasotzeko Bernard Francourengana jo dugu.

Ecrins mendilerroan makina bat lehen igoera egiteaz gain, protagonista frantziar hau geomorfologian eta glaziologian aditua da. Ikerketa ia gehienak Alpeetan eta Andeetan egin ditu, eta duela pare bat urte Marie-Antoinette Melieres-ekin batera “Hot shot on the mountains” liburua argitaratu zuen. Hitz gutxitan esanda, testu horrek klima aldaketak mendietan duen eragin zuena aztertu eta jasotzen du.

Hasteko, Francouk ez du zalantzarik oso denbora laburrean Lurra oso azkar berotzen ari dela: «Egoera hori berria da. Kuaternarioaren hasieratik ohitu ginen aro glaziarraren eta interglaziarraren arteko pendulu klimatikoarekin. Eta hori 5° eta 15° artekoa da. Aro interglaziarrean bizi gara egun, Holozenoan; hots duela 12.000 urte hasi zen aroan. Eta hori guztia etapa horretan gertatu zen. Kontua da mende eta erdi batean den-dena aldatu dela. Aldaketa hori atmosferara bidali eta berotegi efektua sortzen duten gasek ekarri dute. 2022. urtean, adibidez, atmosferan pilatutako kontzentrazio horrek marka guztiak gainditu ditu. Bederen, Tertziariotik (duela 3 milioi urte) ez genuen hori ezagutzen! Hori da berotze globalaren motorra».

Zientzialari frantziarrak ziurtatu du gizakiak klimaren kontrola hartu duela, eta etorkizunari begira eszenatoki ezberdinak aurreikus daitezkeela. Eta horren oinarria atmosferara bidaltzen ditugun emisioak dira: «Nazioartean aldarrikatzen diren neurriak hartzen badira, 2100. urtean tenperaturak 4 gradu egingo luke gora; agian, 5,2. Hori oso gogorra da, baina uste dut gizakia egokituko litzatekeela. Gizakiak egoera hori ez du inoiz ezagutu. Gaur egun industriaurreko aroan tenperatura globalak gradu bat gora egin du eta ikusten ari gara zer-nolako ondorioak izaten ari diren».

Sarrera hori egin eta gero, Francouk mendiak jarri ditu jomugan, eta adierazi ere gune horiek lautadak baino azkarrago berotzen ari direla: «Lehenik eta behin, esan behar dut iritzi horrekin kontuz ibili behar dugula, besteak beste, garaiera handiagoan meteorologia-estazio gutxiago daudelako. Alabaina, Tibeten ohartu gara tenperaturak gora egin duela. Eta Alpeetan, 1980 eta 2020. urteen artean ere gauza bera gertatu da. Batez ere, udaberri eta udan eta 1.500 eta 2.500 metro artean. Elurra, adibidez, ohi baino hiru aste lehenago desagertzen da. Urarekin antzeko egoera bizitzen ari gara. Elurra ez da ekainean urtzen, baizik eta apirilean eta maiatzean. Horrez gain, neguak gero eta epelagoak dira. Glaziarrei dagokienez, desagertzen ari dira, eta hori ere ur-baliabideetan eragin negatiboa izaten ari da. Indo, Brahmaputra, Haut-Rhone… bezalako ibaietan glaziarretako ur emari horren inflexioa gertatu da edo datozen bizpahiru hamarraldietan gertatuko da. Iaz eginiko simulazio guztiek baieztatzen dute 2050. urtean neguan elur gutxiago egingo duela; udaberria, aurreratzeaz gain, lehorra izango dela; eta udara oso beroa».

«Zaintzaile»

Francouren hitzetan, ezin da ukatu berotze globalak mendiak harrapatu dituela. Aztarna horiek nonahi ikus daitezke: «Ikerlarien eta zientzialarien artean aipatzen dugu mendiak klimaren ‘zaindariak’ direla. Gotorleku bat bezala har dezakegu, non talaia horretan dauden behatzaileek arrisku guztiak ebaluatzen dituzten. Ondoren aztertzen dituzte eta ateratako ondorioekin arrisku horiei aurre egiteko bitartekoak jartzen dituzte. Eta horren guztiaren buru mendiak dira. Zergatik diodan hori? Bada, berotze globalarekin harreman zuzena duten fenomenoak mendian askoz ere agerikoagok direlako. Berriro diot: mendietan elur geruza txikitzen ari da, glaziarrak desagertzen ari dira, hormatzarretan gero eta luizi gehiago ikusten dira… Glaziarren kolapsoaren adibide adierazgarri bat iazko udan gertatu zen Mamorladan (Dolomitak)».

Neguko turismoaren inguruan, protagonista frantziarrak ez du bere kezka ezkutatu. Elur geruza gutxitu dela-eta, eski-estazioak bitarteko artifizialak erabiltzen ari dira “hutsune” hori betetzeko. Era berean, gehitu du eski-estazioetan oinarritutako neguko turismoa mendien inguruan bizi direnentzat oso onuragarria izan dela: «1960. urtetik aurrera, Haut-Alpin edo Hautes-Alpes departamenduek biztanleria galdu dute. Neguak oso gordinak eta lurrak oso etzeak zirenez, herritarrak hiri handietara joan ziren. Exodo horrek mendiko eskualdeak hutsik utzi zituen. Hautes-Alpes departamenduak, adibidez, 2.000. urtetik aurrera biztanleria berreskuratu du. Bizi baldintzak asko hobetu dira eta, landa-eremuetan oinarritutako beste departamendu batzuekin alderatuta, indize ekonomikoak hobeak dituzte. Kontua ez da eski-estazio bati argazkia atera eta argudio bakarrarekin esatea eredu hori zaharkitua dagoela batez ere elur faltagatik. Gai hau kontuz aztertu behar da; izan ere, eztabaida antzuak saihestu behar dira. 2.000 metrotik gora dauden eski-estazioek elur artifiziala erabiltzen jarrai dezakete. Jakina, baliabide hidrikoak gehiegi erabili gabe. Aldiz, 2.000 metrotik behera daudenek, askoz ere elur gutxiago izango dutenez, hobe dute esku artean dituzten jarduerak dibertsifikatzea. Vercors-en, adibidez, erabaki interesgarriak hartu dituzte. Eta xede on bat izan da turismo hori lau urtarotan banatzea. Argi dudana da pistetan kilometro gehiago izateko hainbat eski-estazio lotzeak ez duela zentzurik».

Etorkizunari ere begiratzen dio Bernard Francouk, eta ateratako ondorioetatik argi du mendizaletasunak beste bide bat hartuko duela. Uste du, gainera, klimak eraginda kirol aktibitate hori inflexio puntu batera helduko dela: «Joan den udaran Mont Blanc mendiak dituen bide klasikoetan mendizaleen sarbidea murriztu zen. Alpinismoa muga berrietara egokitu beharko da. Ikusi dugu Droites, Courtes, Triolet, Verte edo Grandes Jorasses-eko bide batzuk gogorragoak bihurtu direla edo horiek eskalatzea ezinezkoa dela. Udaberria eta negua bihurtu dira horretarako urtaro egokienak. Aurrerantzean neguko alpinismoak indar handia hartuko du; besteak beste, baldintza egokiagoak aurkituko direlako».