INFO

Deban banatu dute Tripontziaren sari nagusia

‘Izar eta Estel 2’ liburuaren salmenta sustapenarekin batera, 52.000 euro zozkatu ditu Gure Eskuk. Astelehen honetan egin du zozketa, Beasainen, notarioaren aurrean, eta baditu zenbaki saridunak. Zenbaki irabazlea Deban saldu da, eta bigarrena, Ondarroan.

Gure Eskuren zozketan saritutakoak. (GURE ESKU)

Kultur sorkuntzari lotuta etorri da Gure Eskuren Tripontzia ekimena: boletoekin batera, erosleek ‘Izar eta Estel 2’ 6 eta 12 urte bitarteko irakurleentzako liburua jaso dute bertsio digitalean, eta aurtengoan, gainera, euskarri fisikoan ere eskuratzeko aukera izan dute. Apustu bat egin dute gabonetako zozketarekin batera banatzen duen kultur produktua euskarri fisikoan ere plazaratuz.

Ane Labaka da liburuaren idazlea, Unai Gaztelumendi ilustratzailea, eta Jon Elordi itzultzailea. Azken honek euskaratik katalanera itzuli du, liburua alde batetik ala bestetik irekita, euskaraz ala katalanez irakurri baitaiteke Izar eta Estelen istorioa.

‘Izar eta Estel 2’ liburuaren salmenta sustapenarekin batera, 52.000 euro zozkatu ditu Gure Eskuk. Astelehen honetan egin du zozketa, Beasainen, notarioaren aurrean, eta baditu zenbaki saridunak.

Zenbaki irabazlea Deban saldu da: 33353. 30.000 euroko sari nagusia zenbaki horren ‘Diaspora’ serieak irabazi du. 2.000 euroko sariak eramango dituzte zenbakiaren gainerako serieak dauzkatenek: Araba, Nafarroa Beherea, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa.

Bigarren zenbaki sariduna Ondarroan saldu da: 30453. 1.000 euro jasoko ditu zenbaki horren serie bakoitzak.

Itsasargia

Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, Itsasargia eztabaida herritarra da aurtengo dinamikaren ardatza. Eztabaida prozesuaren helburu nagusia Gure Eskuren datozen urteetarako norabidea adostea da. Burujabetzarako bidean jauzi bat egiteko asmoz, herri dinamika tesi eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzera doa.

Martxoaren 5era bitarte, bazkide bakoitzak proposamenean eztabaidagai izango den puntu bakoitzarekiko adostasuna edo desadostasuna agertu eta ekarpenak egiteko aukera egongo da Gure Eskuren interneteko plazaren bidez (plaza.gureesku.eus). Era berean, eztabaida saioak antolatzen ari dira herri eta hirietan. Ostegun honetan Portugaleten izango dira, eta urtarrilaren 26an Bilbon.

Nazioarteko Konferentzia

Itsasargia prozesuarekin batera, Nazioarteko Konferentzia bat antolatzen ari da Gure Esku. Apirilaren 22an izango da, Ficoban (Irun), duela 10 urte Gure Eskuk sorrerako agerraldia egin zuen toki berean. Munduko esperientzia subiranistak gurera ekartzea da asmoa, Euskal Herrian politikoki eragiteko asmoz. Gure Eskuren komunitateko kideek urteurrena ospatzen hasteko hitzordua ere izango dute.

Ildo mobilizatzaileari dagokionez, Tourra Euskal Herritik abiatzea baliatuko dute aldarriak lau haizetara zabaltzeko. «Lorpen interesgarria da antolakuntzak irteera hau ‘Pays Basque’-tik izango dela adierazi izana. Edonola ere, ezinbestekoa da Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dugula ozen esatea, eta herri gisa, gure etorkizuna erabaki nahi dugula aldarrikatzea», nabarmendu dute. Horretarako, ekintza deigarriak egiteko asmoa du Gure Eskuk ibilbidean zehar.