Euskal Herriko gazteen mugaz gaindiko elkarlana sustatzeko programa aurkeztu dute
Eusko Ikaskuntza, Euroeskualdea, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua eta Insup Formation erakundeak elkartu dira Gazteak Mugaz Gaindi programa sortzeko. Euskal Herriko gazteak elkar ezagutzea eta gai zehatzen inguruan elkarrekin lan egitea da egitasmoaren helburua.
Eusko Ikaskuntzak, Euroeskualdeak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formationek Gazteak Mugaz Gaindi proiektua sortu dute, Euskal Herriko gazteen arteko mugaz gaindiko harremanak sustatzea eta elkarrekin lan egiteko espazioak sortzea helburu duen egitasmoa. Astearte goizean aurkeztu dute, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.
Euroeskualdea osatzen duten lurraldeen inguruko «aurreiritziak eta ulertezintasunak» gainditu eta mugaz gaindiko harremanak saretuko dira programa honen bitartez, horretarako espazioak erraztuz. Honen bidez, hainbat esparruetan «mugaz gaindiko harremanak egonkortu daitezen» bilalatzen dute erakunde sustatzaileek, Joseba Bergaretxe Eusko Ikaskuntzako ordezkariak aurkezpenean aipatu duenez.
«Garrantzitsua gazteeek diagnostiko konpartituak egin eta proiektuak diseinatzeko gaitasunak hartzea. Emaitza espero dugu izango dela gazteek harreman berriak sortzea eta gai zehatzetan ahulguneak identifikatzeko, proposamenak egiteko eta proiektu berriei bide emateko aukerak sortzea», sakondu du.
Bost zita, 30 gazte
Orotara, 18 eta 30 urte bitarteko 30 gaztek hartuko dute proiektuan, lurralde bakoitzeko –EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria– hamarrek. Aukeratutako parte-hartzaileek ez diote profil zehatz bati erantzuten, aitzitik, taldea «anitza» izan dadila bilatu dute antolatzaileek. Badira, beraz, ikasleak eta lan-esparru desberdinetako profesionalak, bizi-esperientzia desberdinak izan dituztenak edo hizkuntza-profil desberdinetakoak. Asmoa da, Bergaretxek zehaztu duenez, «mugaz gaindiko gizartearen adierazgarri» izango den emaitza «osoago» bat lortzea.
Bost hitzordutan garatuko da Gazteak Mugaz Gaindi proiektua. Ostiral honetan izango da lehenengoa, Iruñean, eta Euskal Herriko gazteak elkar ezagutzea nahiz elkarrekiko aurreiritzi eta estereotipoak gainditzea izango da lehen paradaren helburua. Otsailaren 24an Baionan elkartuko dira, hizkuntza eta kultura komunaren inguruan hausnartzeko. Martxoaren 23an gazteen ongizatearen inguruan arituko dira Beran, hauen behar materialen inguruan (lana eta etxebizitza, adibidez). Apirilaren 4an Hendaian egingo duten hitzorduan, halaber, jasangarritasuna eta trantsizio ekologikoa izango dute hizpide. Eta Irunen bukatuko dute programa, maiatzaren 5ean. Bertan, egindako bidearen ondorioak eta emaitzak aurkeztuko dituzte.
Marie Heguy-Urain Euroeskualdearen ordezkariak nabarmendu duenez, programa honek aukera emango du «hobeki elkar ezagutuz hobeki elkarnalean aritzeko». «Euroeskualdea lurralde aberatsa da, aukeren lurraldea, eta helburua da gazteei erakustea lurralde bakar bateruntz joateko aukerak daudela», gaineratu du.
«Besteengandik ikasteko»
Naroa Garbizu eta Eider Catediano nafarrak eta Teresa Mesple gipuzkoarrak, ikasleak denak, Gazteak Mugaz Gaindi egitasmoan parte hartuko dute eta Donostian egin den prentsaurrekoan izan dira. Azaldu dutenez, irakasle baten gomendioz eman zuten izena proiektuan parte hartzera. «Lagun berriak egitea, kulturak partekatzea eta gai berrien inguruan gehiago ikastea» espero dute, NAIZi aipatu diotenez.
Aitortu dute esperientzia «berria» izango dela beraientzat, gaur egun ez baitute harreman askorik, adibidez, Ipar Euskal Herriko gazteekin, baina «iritzi desberdinak» entzun eta «besteengandik ikasteko» gogoz direla esan dute.