INFO

Emakume bat atxilotu dute Sestaon, bere senarra hiltzen saiatzeagatik

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Sestaon, hilketa saiakera leporatuta.


Ertzaintzak 45 urteko emakume bat eta 18 urteko bi gazte atxilotu ditu Sestaon, giza hilketa saiakera delitua leporatuta. Poliziaren arabera, emakumeak beste atxilotuetako bati bere senarra hiltzea proposatu zion, diru truke.

Ohar batean azaldu duenez, hilketa saiakera joan zen ostiralean izan zen, jende gutxi ibiltzen den Sestaoko ingurune batean. Senar-emazteak bere auto partikularrean joan ziren pertsona bat jasotzera, eta emakumea, telefono dei bat jaso ondoren, autotik jaitsi zen, antza denez autoaren atea zabalik utzita.

Orduan beste pertsona bat, ezezaguna, sartu zen autoan eta senarra jo ondoren laban batekin eraso egin zion lepoan. Indarka aritu ondoren, ezezagunak ihes egin zuen eta biktimak larrialdietako zerbitzuei deitu zien. Ertzainak eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren eta gizona artatu zuten; ospitalera eraman zuten eta egun horretan bertan eman zioten alta.

Poliziaren ikerketen ondorioz jakin ahal izan zutenez, emakumeak ezaguna zuen gazte bat konbentzitu zuen diru kopuru baten truke senarra hiltzeko.

Larunbat arratsaldeko lehenengo orduan atxilotu zuten emakumea giza hilketaren ustezko eragile gisa. Larunbat gauean bertan emakumearen ezaguna atxilotu zuten. Bigarren gaztea igandean atxilotu zuten, honek ere gertaerekin zerikusia duelakoan.

Astelehenean eraman zituzten hirurak Barakaldoko Epaitegira, eta epaileak emakumea eta senarra hiltzea proposatu zion gaztea espetxeratzeko agindu zuen; hirugarren atxilotua, berriz, aske geratu zen.