INFO

Lehen itzuliko bi derbiak irabazita, EH Txapelaren finalerako txartela lortu du Realak

Imanolen taldeak ligako lehen itzulian Osasuna eta Athletic mendean hartu dituenez, lehena da sailkapenean sei punturekin. Nafarrek eta bizkaitarrek, puntu bana dute elkarren aurka berdindu ostean.

Realak eta Osasunak Anoetan jokatutako azken derbian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ligako lehen itzulia bukatuta, Reala da lehena VII. Euskal Herria Txapelaren sailkapenean, eta jada lortu du finalerako txartela. Txuri Urdinek sei puntu dituzte, Osasunaren eta Athleticen aurka irabazi ostean. Gorritxoei 2-0 gailendu zitzaien Anoetan, urte zahar egunean, eta zuri-gorriei ere iragan astean irabazi zieten 3-1, Anoetan. Athleticek eta Osasunak elkarren aurka jokatu zuten San Mamesen, urtarrilaren 9an, eta hutsean berdindu zuten.

Realak finalerako txartela lortuta, ligako bigarren itzulira begira, nafarren eta bizkaitarren artean egongo da txapelketarako sailkapena nork eskuratuko, lehen biak sailkatzen baitira finalera. Hala ere, Imanolen taldeak sailkapena lortu duen arren, bai Athleticek eta bai Osasunak aukera dute sailkapeneko lehen postua eskuratzeko.

Bigarren itzuliko lehen partidan ariko dira Valverderen jokalariak eta Imanolenak San Mamesen, apirilaren 16an. Jarraian, hurrengo neurketa jokatuko dute Osasunak eta Realak Sadarren, apirilaren 30ean. Eta, azkenik, nor baino nor gehiago ariko dira gorritxoak zuri-gorrien aurka Sadarren, maiatzaren 24an.

Azken edizioan, Athletic garaile

Gizonezkoen lehen mailan dauden euskal taldeek soilik parte hartzen dute Euskal Herria Txapelan. Horren harira, antolatzaileek adierazi dute beste euskal talde batzuek parte hartzea nahi dutela: «Ea hurrengorako Alaves eta Eibar lehen mailan ditugun, eta Iparraldeko talderen bat ere aintzat har dezakegun».

Euskal Herria Txapela 2016. urtetik aurrera jokatzen da, eta Euskal Herria Kirola ekarteak antolatzen du. Hartatik, Athletic izan da euskal talde bakarra birritan irabazi duena: hain justu, azkeneko edizioan eta 2017-2018 denboraldian. Bana irabazi dute, ordea, Eibarrek, Realak eta Osasunak.