Sarean da ‘Egungo euskararen hiztegia’, euskara modernoaren hiztegi zabalena
Hamabost urteko lanaren ondoren, sarean da ‘Egungo euskararen hiztegia (EEH)’, euskara modernoa jasotzen duen hiztegi zehatz eta zabalena. Ibon Sarasola hizkuntzalari eta euskaltzainaren gidaritzapean eta EHUko Euskara Institutuaren baitan osatu da 70.700 sarrera jasotzen dituen hiztegia.
Hamabost urteko lanaren ondoren, aste honetan amaitu du Ibon Sarasolak ‘Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)’, gaur egun euskara modernoa jasotzen duen hiztegi zehatz eta zabalena. Lana EHUko Euskara Institutuaren baitan garatu da eta hizkuntzalari eta euskaltzain donostiarrak Josu Landaren idazle eta kazetariaren laguntza izan du zeregina burutzeko.
Hiztegia osatzeko XXI. mendeko euskarazko testuak hartu dituzte abiapuntu gisara eta, zehazki, 70.700 sarrera eta 529.000 adibide bildu dituzte. Hori horrela, ‘Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)’ euskara modernoa jasotzen duen hiztegi zehatz eta zabalena bilakatu da.
Hiztegia online kontsulta daiteke, EHUren webgunean.
Hiztegigintzan ibilbide oparoa du egina Sarasolak. Koldo Mitxelenaren heriotzaren ostean berak hartu zuen ‘Orotariko Euskal Hiztegia’-ren zuzendaritza eta 2005an aurkeztu zuten lehen edizioa, ia 126.000 sarrera biltzen zituena. Urte berean, ‘Zehazki. Gaztelania-euskara hiztegia’ (2005, Alberdania) argitaratu zuen, 100.000 sarrerarekin, eta, bi urte beranduago, ‘Euskal hiztegia’ (2007, Elkar).
Sarasolak ‘Hiztegi Batua Euskal Prosan (HBEP)’ sareko hiztegiaren osaketan ere hartu zuen parte, 2007an.