Jon Mariezkurrenari eskuina berriro hondatu zaio eta Eskirozek ordezkatuko du Etxebarrin
Duela bi aste Morgaetxebarria aukeratu zuen Baikok Zornotzan jokatzeko, baina oraingo honetan Makirriain-Ezkabartekoari emango diote aukera, Jaka-Arangurenen aurka aritzeko.
Baikok azken orduan jakitera eman duenez, Jon Mariezkurrenaren eskuin eskua berriz ere hondatu da eta Berriozarreko atzelaria ez da igandean Etxeberrin jokatzeko moduan izango. Haren ordez, Josu Eskiroz arituko da Peñaren atzelari lanetan, Jaka-Arangurenen aurka jokatu beharreko partidan.
Duela bi aste, Elordi-Zabaletaren aurka Zornotzan jokatzerik izan ez zuenean, bertako seme Aimar Morgaetxebarriaren aldeko apustua egin zuen enpresak, baina oraingo honetan Makirrian-Ezkabarteko atzelariari emango diote lehen mailakoan jokatzeko aukera. Nafarrak Mungian jokatu zuen, asteazkenean, jardunaldi honetan zegokion Promozio mailako partida –Larrazabalekin 22-13 irabazi zieten Zubizarreta-Elizegiri– eta zornotzarrak igandean du, Etxebarrin bertan, zortzigarren jardunaldi honetako partida –Bakaikoarekin, Agirre-Iztuetaren aurka–.
Udan sekulako maila eskaini ostean, badirudi neguak ez diola inolako mesederik egiten Mariezkurrenaren eskuei eta iaz bezala, sufritzea egokitzen ari zaio Berriozarrekoari. 2022ko txapelketan, Jakarekin jokatu zuenean, lehen partidan sartu zitzaion pilota bat eskuin eskuan eta bururik altxa ezinda aritu zen lehiaketa osoan zehar. Aurten askoz hobeto ekin zion, lehen hiru asteetan garaipenak ere eskuratu zituzten, baina ordutik ezin izan dute beste punturik batu. Duela bi aste partida bertan behera utzi ostean, aurreko astean Buñuelen itzuli zen Mariezkurrena –22-17 galdu zuten berak eta Peñak Urrutikoetxea-Albisuren aurka– eta aste honetan berriz geratu behar izango du jokatu gabe, puntua horren beharrezkoa dutenean.
Irribarriaren aukera
Binakakoari ostiral honetan ekingo diote berriz Urdulizen, Elordiren ordez arituko den Irribarria eta Zabaletak Ezkurdia-Martijaren aurka jokatuko duten partidarekin. Berez, irabazi beharra askoz handiagoa da 2020 txapeldunen artean, bi puntu baino ez baitituzte lortu orain arte eta garaipenak pilatzen hasi behar dute, azken bi postuei ihes egin nahi badiete. Hala ere, Iker Irribarriarentzat ere exijentzia handiko neurketa izango da, Binakakotik at utzi ostean, bere estatusa nolabait aldarrikatzeko.