INFO

Harrobia akuilu dute Kosner Uharte eta Txuri Urdin izotz-hockeyko taldeek

Larunbat honetan jokatuko dute derbia nafarrek eta gipuzkoarrek Uharten, 14.35ean. Bakoitzak modu desberdinean helduko dio lehiari: Uhartekoentzat hil ala biziko neurketa izango da ligako kanporaketetan sartzeko. Donostiarrentzat, azkenaurreko aukera izango da txapelketan partidaren bat irabazteko.

Irene Senac Txuri Urdineko entrenatzailea ligako partida batean aginduak ematen jokalariei. (Cris Odriozola)

Multzo gaztea dute biek, baina ñabardura bat dago bata eta bestearen artean: Kosner Uharte irabazteko lehiatzen ari da, zenbait jokalari hezten dituen bitartean. Txuri Urdin, ordea, eraberritze prozesu baten murgilduta dago, eta emaitzak bigarren plano batean dituzte. Helburuak helburu, biek dute akuilu harrobia, eta bientzako izango da larunbat honetako partida «berezia» eta «garrantzitsua».

Hala baieztatu dute Ramiro Remesar Kosner Uharteko entrenatzaileak eta Irene Senac Txuri Urdinekoak. Biak, prestatzaile izateaz gain, jokalariak ere badira: Remesarrek Uharteko gizonezkoen taldean jokatzen du, eta Senac, egun jokalari ez den arren, iragan sasoian Txuri Urdinen kapitaina izan zen. «Kontuan hartuta pasa den abenduan euskal selekzioarekin aritu ziren gehienak Txuri Urdinekoak eta Kosner Uhartekoak zirela, neurketa berezia izango da», nabarmendu du Donostiako taldeko prestatzaileak. Remesarrek, bere aldetik, adierazi du egutegian «gorriz markatutako» neurketa bat dela, ligako sailkapenera begira, ezinbestekoa izango dutelako hiru puntuak lortzea.

Nafarrak bosgarren doaz sailkapenean, eta ligako azken bi partiden faltan, beharrezkoa dute jokoan dauden sei puntuak zakuratzea, aukerak izan nahi badituzte kanporaketetan sartzeko, –lehen lauak sailkatzen baitira–. Donostiarrak, aldiz, azken postuan doaz: «Uhartek guk baino askoz ere gehiago du jokoan, eta hori mentalki gure alde egongo da», nabarmendu du Senacek.

Lehen itzuliko partida Txuri Urdineko izotz jauregian jokatu zen, eta 1-3 gailendu ziren nafarrak. Remesar prestatzaileari galdetuta gipuzkoarrak mendean hartzeko egin behar dutenaz, argi du neurketako 60 minutuetan «haiek baino hobeak» izan behar dutela, «goian estututa, oldarkorrak izanda, eta disko bat bera ere ez emanda galdutzat».

Senacek, bere aldetik, adierazi du partida hartatik taldeak asko hobetu duela jokatzeko moduari dagokionez, baina sasoi honetan ezinbestekoa den gauza bat falta izan zaiela: ate aurrean asmatzea. «Denboraldi honetan jokaldiak amaitzea falta izan zaigu, baina uste dut talde hobea garela diskoaren jabetza ez dugunean, eta aurkariaren zelaian presio egitean. Gainera, Kosner Uharte klubak ahalegin berezia egin du Carlota Badorrey fitxatzeko, Espainiako 18 urtez azpiko selekzioan dago, eta badakigu zaila izango dela hari gola sartzea», azaldu du Txuri Urdineko prestatzaileak.

Horrez gain, Senacek nabarmendu du partida irabazteko giltza izango dela saialdiak amaitzeko gai izatea, eta etxeko atezainak uzten dituen alderatzeei probetxua ateratzea. Era berean, Donostiako taldeko prestatzaileak goraipatu du taldeak defentsan erakutsi duen sendotasuna: «Baditugu jokalariak urrutitik jaurtiketa ona dutenak, eta gure taldeko bi jokalari ezartzen baditugu beste taldeko atezainaren aurrean, ikusmena oztopatuz, uste dut erabakigarria izan daitekeela golak sartzeko».

Senacek esandakoarekin bat, Uharteko entrenatzaileak argi du defentsa dela Txuri Urdinen indarguneetako bat, eta partida aurrera ateratzeko badaki taldeak erasoan «ahalegin berezia» egin beharko duela. Nafarrek jokatzen dute etxean, eta hori euren alde izango dute Kosner Uharteko jokalariek, hango izotz pista txikia izanagatik. «Irenerekin [Senac] hitz eginda, aurkariek begitan hartzen duten zelaia da. Guk egunero entrenatzen dugu han, eta hori gure mesederako izango da», nabarmendu du Remesarrek. Iritzi berekoa da Senac, eta argi du izotz pista txikiagoa izateak eragina izango duela haien jokoan. Beraz, funtsezkotzat jo du tiro asko egitea.

Helburu desberdinen bila

Kosner Uharte taldeak xede bat finkatu zuen denboraldi hasieran: kanporaketetan sartzea. Prestatzailearen ustetan, baina, helburu hori zaildu egin zaie: «Ikusita liga nola joan den, emaitzak ez dira joan espero moduan. Aurten ezustekoak egon dira taldeen artean, eta sasoi honetan ziurgabetasuna izan da nagusi aurkari baten kontra aritu garen bakoitzean. Beste denboraldietan baino parekatuago egon da txapelketa».

Horrez gain, emaitzen aldetik, Remesarrek uste du ez dutela «zorte askorik izan», bereziki ate aurrean, eta zenbait puntuk ihes egin dietela. Eta, hain justu, horretan, Uharteko entrenatzaileak esan du eragina izan duela taldearen eskarmentu faltak: «Jokalari batzuk bigarren sasoia edo hirugarrena dute taldean, eta oso ondo ari diren arren, oraindik ikasteko prozesuan daude. Beraz, irabazteko helburuarekin lehiatzea, eta aldi berean heztea zaila da, baina saiatzen ari gara hori uztartzen eta tartekatzen».

Kontrara, Txuri Urdin taldea eraberritze prozesu batean murgilduta dago. Iragan sasoian liga eta kopa irabazita goia jo zuten, baina multzo loriatsu horretatik gutxik jarraitzen dute egun, eta harrobitik jokalari berri asko igo dira taldera. Horren inguruko hausnarketa egin du Senacek, pasa den sasoian jokalari moduan aritu baitzen Txuri Urdinen: «Nik beti esaten diet jokalariei kirolak loriatsuak diren momentu gutxi dituela, eta horiei zukua atera behar zaiela. Esaterako, pasa den denboraldian lortu genuena ez da erraza, eta orduan esan nien garaipena disfrutatu beharra zegoela».

Orain, oso bestelakoa da egoera, eta Txuri Urdineko entrenatzailearen hitzetan, «frustragarria» izaten ari da sasoia, gehien bat jokalariak egiten ari diren ahaleginagatik. Izan ere, egindako esfortzuak ez dizkie emaitzak ekarri. Hala ere, Senacek balorazio «positiboa» egin du orain artekoaz, eta emaitzak iristen ez diren arren, argi du epe ertainera eta luzera begira talde «indartsua» ikusiko dela, proiektuak dituen zailtasunei eustea lortzen badiete, behintzat.

Gainera, prestatzaileak aitortu du multzo laburra izateak ligan «txarrerako eragin» diela, bereziki azken uneko nahigabeek: «Adibidez, Valdemororen aurka taldeko bi jokalari erabakigarri gaixo jarri ziren, eta azkenean ez da berdina neurketa bat bederatzirekin edo hogeirekin jokatzea».