INFO

Andoainen C2ak kaltetutako plataformak proiektuaren aurka lanean segitzen du

Gipuzkoako Aldundiak N-1 eta A-15 errepideentzat proposaturiko lotuneak zalaparta eragin du Andoainen eta horren erakusle da C2ak kaltetutako plataformaren sorrera. Sinadura bilketa abiatzeaz gain, Arartekora bidaltzeko asmoz, helburu lorgarrien dekalogoa aurkeztu dute Bastero aretoan.

C2ak kaltetutako plataformak bilkura egin du larunbata honetan Andoainen. (Jon URBE | FOKU)

Andoainen kezka da nagusi azken hilabeteotan, Gipuzkoako Aldundiak A-15 eta N-1eko loturan dauden arazoak konpontzeko mahaigaineratutako egitasmoaren ondorioz. Ezinegona batzar ezberdinetan hezurmamitu da eta «fruituak» ere eman ditu, C2ak kaltetutakoek plataforma sortuz, besteak beste.

Larunbata honetan Bastero kulturgunean elkartu dira, eta bertan aurkeztu dute helburu lorgarrien dekalogoa. Bazkardoko lotunean garatu nahi den proiektuak sortuko dituen eraginak eta horiei aurre nola egin azaldu dute arrakastatsua izan den deialdian.

Plataformak aurreko bilera batean gogorarazi zuenez, Andoainen saihesbidea egitea 2017. urtean alboratu zen. Udalak ere arbuiatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu nahi duen proiektua, baina momentuz egitasmoan atzerapausurik ez da eman. Bi erakundeak EAJ eta PSE alderdiek kudeatzen dituzte eta tirabirak begibistakoak dira.

Larunbata honetako biltzarraren ostean sinadura bilketa abiatu dute eta, iragarri dutenez, gutxienez datorren martxoaren 5era arte eman ahal izango da atxikimendua. Horretarako herritarrei eskuorriak banatuko zaizkie postontzietan. Sinadura guztiak bildu eta gero, Arartekora joko dute, hala nola Europar Batasunera bidaliko dituzte.

Helburua bizigarria den Andoain bat erdiestea da, hirigintza eta ingurugiroa aintzat hartuz beti ere.

N-1 eta A-15 errepideak lotzeko C2 proposamenaren aurka dago Andoaingo herria, egitasmoaren aurka osatu den plataformako kide Aitor Aizpuruaren hitzetan. Alternatiba bat diseinatu dadila eskatu du. Gogoratu du hiru hamarkada daramatzala Andoainek errepidea herrigunetik ateratzea eskatzen, eta kritikatu du Gipuzkoako Aldundiaren eskaintza errepide are eta handiagoa eraikitzea izatea.