INFO

Durangoko kartzelan errepresioa pairatu zuten mila emakume omendu dituzte

Nevers ikastetxean kokatuta zegoen emakumeen kartzelako errepresaliatuei omenaldi bat egin die Durangoko Udalak, elkarte memorialista eta feministekin batera. 1939tik 1940ra bitartean mila emakume inguruk jasan zuten errepresioa, eta bost preso eta sei haur hil ziren.

Durangon larunbat honetan egindako omenaldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Durangoko Udalak, elkarte memorialista eta feministekin batera, omenaldia egin die larunbat honetan gaur egungo Nevers ikastetxean kokatuta zegoen emakumeen kartzelako errepresaliatuei. Omenaldia 13.00etan izan da, kartzela zaharraren kokalekuan, eta 1939tik 1940ra bitartean mila emakume inguruk jasan zuten errepresioa aitortzeko helburuarekin egin da.

Durango Udalak ohar batean azaldu duenez, emakumeentzako Bizkaiko lau espetxeetako bat izan zen Durangokoa, eta, zenbait iturriren arabera, bost preso eta sei haur hil ziren bertan.

Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak asteazkenean azaldu zutenez, «beharrezkoa da Durangoko emakumeen espetxe hartan errepresio faxista jasan behar izan zuten emakume guztiak gogoratzea. Gaur egun normaltasun osoz ibiltzen gara hortik, askotan emakumeen aurkako errepresio zentro bat izan zela konturatu gabe».

Ekimen honetarako Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren dirulaguntza jaso du Udalak. 2010ean espetxe zaharraren aurrean landatu zen haritzaren inguruan egin da ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Maria Gorosarri kazetaria, Leire Vargas idazlea –Joseba Sarrionandiaren bertso batzuk errezitatu dituena– eta Ixone Aroma dantzaria. Gainera, plaka bat jarri da espetxe horretan hil ziren emakumeen eta adingabeen izen abizenekin.