Adostasun sozialak zabaldu eta «oldarraldi» judizialari erantzun, Kontseiluaren lehentasunak
Hezkuntza legea, euskararen ofizialtasuna, oldarraldi judizialari erantzutea eta adostasun sozialak zabaltzea izango ditu lehentasun Euskalgintza Kontseiluak 2023an. Bide horretan, euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak, «kohesio eta justizia soziala ipar».
Euskalgintzaren Kontseiluak ‘2022. urteko irakurketa eta ondorioak’ izenburuko txostena aurkeztu du astearte honetan Bilbon. Bertan, 2022ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2023ko erronkak eta bide-orria aurkeztu dituzte Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi berriak eta haren aurretik karguan izan zen Paul Bilbaok.
2022ak emandakoaren laburpenean, pandemia eta gero, plazak eta kaleak hartzeko urtea izan dela azaldu du Bilbaok: «Herritarrek kaleak bete dituzte bidegabekeriak salatzeko Iruñean, Laudion, Bilbon, Tuteran, Baionan… Hamaika egunez Euskal Herria Korrika ibili zen hitzetatik ekintzetarako jauzia egin behar dela aldarrikatuz; Euskaraldian milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin» nabarmendu du.
Bestetik, Batuz Aldatu dinamikaren baitan egindako urratsen garrantzia mahai gaineratu du Bilbaok. EAEn hezkuntza legearen eztabaidaren baitan egindako lanketa azaldu du: «Euskalgintza gai izan gara beste auzi batzuetan desadostasun handiak dituzten eragileak proposamen zehatz baten inguruan biltzeko: euskarazko eredua orokortzea. Horrekin batera, EAEn administrazioa euskalduntzeko dekretuaren baitan ere, gehiengo sindikalarekin proposamen pragmatiko eta egingarria aurkeztu zela gogoratu du.
Urte berrirako bide-orria
Kontseiluko ordezkariek ere kezka agertu dute botere judizialak euskararen kontrako «oldarraldia» indartu duelako aurre egitea. Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat tokitako sententzien harira, Eskisabelek «oso larritzat» jo du botere judizialak hizkuntza-politiketan esku hartzea eta baldintzatzea. Horregatik, 2023ari begira, herritarren eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika bat prestatzeari ekingo diotela azaldu du, «batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko».
Euskalgintzaren Kontseiluaren beste lan lerro bat jada abian diren egitasmo eta dinamika zehatzen lanketan segitzea izango da. EAEri dagokionean, «hezkuntza legean edota administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuan eragitea, ezagutzaren unibertsalizaziorako egiazko tresna eta euskaldunentzako eremu egiaz eroso izan daitezen».
Nafarroan, berriz, «ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jartzea, administrazioan euskara aintzat har dadin bermatzea edota hezkuntzako PAI ereduaren bidez euskarak eta euskal hiztunek jasaten duten bazterkeria etetea» azpimarratu du. Eta Ipar Euskal Herrian ere lagatako etxeko lanak aipatu ditu, besteak beste, «ikasleek bigarren ziklo amaierako eta batxiler bukaerako azterketak euskaraz egin ezinik jarraitzen dutelako, eta hezkuntzako murgiltze eredua zabaltzeko eta sendotzeko eragozpenak handiak direlako».
Euskalgintzatik haragoko adostasunak
Kontseiluko idazkari nagusiak 2023rako aurreikusitako erronken berri eman du. Horrela, aitortu du Batuz Aldatu adostasun sozialean sakondu eta euskalgintzatik kanpoko gero eta eragile gehiagotara jotzea izango dela aurrera begira eginkizun handienetako bat.
Zentzu horretan, lehentasun gisa jo du beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten eragile eta norbanakoei «azaltzea euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua zer den eta nola lotzen den kohesio eta justizia sozialarekin. Eta, nola ez, haiei entzutea eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea. Orain arteko esperientziak erakutsi digu uste duguna baino handiagoak direla».
«Adostasunak ez dira berez eta kasualitatez sortzen, baizik eta landu eta josi egiten dira. Eta adostasun horien oinarria izan behar du ulertzea eta onartzea euskararen normalizazio eta biziberritzeaz ari garenean ez garela ari abstraktuan hizkuntza baten egoera edo iraupenaz, baizik eta milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideetako batez ari garela», gaineratu du Eskisabelek.