INFO

Baionako portuan blokatze operazioa egin dute erretreten erreforma salatzeko

«Portuak funtzionatzen ez badu, enpresak mantsotu egiten dira. Tokiko ekonomia blokeatzen saiatzen ari gara». Mezu hori hedatu dute goizeko lehen ordutik CGTk deiturik Baionako portuaren sartzean bildu diren ehun bat lagunek. LAB, Solidaires eta FSUk ere bat egin dute protestarekin.

Portuko langileek Tarnose eta Baiona artean blokatzea gauzatu dute gaur goizean. (Patxi Beltzaiz)

Elisabeth Bornek urtarrilaren 10ean aurkeztu zuen erretreten erreformaren aurkako ekintza abian eman dute ostegun honen goizean goiz Baonako portuan.

«Portuak funtzionatzen ez badu, merkantzia ez dabil, enpresak mantsotu egiten dira. Tokiko ekonomia blokeatzen saiatzen ari gara eta horrek langileak gurekin bat egitera bultzatzen ditu».

Mezu hori hedatu dute urtarrilaren 26 huntan, goizeko lehen ordutik Bokale-Tarnoseko CGTk deiturik Baionako portuaren sartzean bildu diren ehun bat lagunen aitzinean. LAB, Solidaires eta FSUk ere bat egin dute erretreten erreformaren kontrako protestarekin.

Manifestari gehienek ‘Dockers Bayonne’ (Baionako zamaketariak) txalekoa zeramaten. Portuko sartze eta irteera blokeatu dituzte, garraiolariak motorrak gelditzera behartuz.

«Ez dugu 64 urte ukan arte lan egin nahi. Gero eta prekarietate handiagoa dago, soldaten gaineko presioa. Ofizioak zailak dira, bizi-itxaropena 64 urtekoa da osasuntsu izanik. Ez dugu nahi erretreta heriotzaren aitzingela izatea», azaldu du Serge Lescamela CGT Educ Action erakundeko departamendu eta eskualde idazkariak ‘Mediabask’ hedabidean.

Manifestariak joan den urtarrilaren 19ko manifestazioak bildu zuen arrakastagatik motibaturik agertu dira.

«Sindikatuarteko eta lanbidearteko mugimendu honekin jarraitzeko gaude hemen, Gobernuaren aitzineko indar harremanean emaitza dakarrena. Eguraldi txarra izan arren, jendea mobilizatu egin zen urtarrilaren 19an, baita Baionan ere. Horrek erretreten erreformaren aitzinean biztanleriaren eta langileen determinazioa erakusten du», adierazi du Lescamelak.

Urtarrilaren 31n bigarren mobilizazio orokorra

Heldu den asteartean, urtarrilaren 31n, intersindikalak iragarri duen bigarren mobilizazio orokorraren zain, han eta hemen hainbat ekintza antolatu dituzte azken egunetan sindikatuek.

Hala, astearte arratsaldean euskal diputatu macronistek Biarritzen eta Angelun dituzten egoitzetara hamarnaka lagun bertaratu ziren. Ez Vincent Bru ez Florence Lasserre ez zirenez bertan, gutuna bana utzi zizkieten erreforma bertan behera uzteko galdetzen duten sindikatuek.

Hirigunetik harago FSU sindikatuarekin batera bilkura idekiak antolatu ditu LABek, barnealdean, erretreta publikoen defentsa Euskal Herri osora hedatzeko asmoz.

Hala, asteartean Mauleko zerbitzuguneko Orhi gelan eta Donapaleuko Zerbitzu Publikoen etxean elkartu ziren. Asteazkenean berriz, Izpurako Faustin Bentaberry gelan eman zuten hitzordua.

Gaur berriz, gehienbat CGT sindikatuko kideek garatu duten Baionako portuan blokatze operazioarekin bat egin du sindikatu abertzaleak.

Hala, 8.30etik landa Tarnose eta Lapurdiko hiriburu artean errepidea blokeatu dute langileek. Horren ondorioz kamioiek ezin izan dute pasa, bai ordea autoek.

Ekintza horrekin iragan urtarrilaren 19an izan zen manifestazio jendetsuak zabaldutako bidetik aurrera egiteko duten determinazioa erakutsi nahi izan dute sindikatuek.

Unibertsitatetan bilkurak egin dituzte

Portuan soilik ez; gaur eta bihar eskuorriak banatuko dituzte sindikatuek unibertsitatean, erreformak gazteengan duen eraginaren berri emateko.

Estatu mailan ere uniberstitatetan bilerak antolatu dituzte, erretreten erreformaren aurkako dinamiketara gazteak erakartzeko.

Oroitzearren bi miliotik gora langile karrikaratu ziren urtarrilaren 19an frantses Estatuan sindikatuek emandako datuen arabera. Barne Ministerioak, berriz, 1,2 milio herritar batu zirela Hexagonoan zehar egin ziren 200dik gorako manifestazioetara plazaratu zuen.

Baionan 10.000 lagun bildu ziren intersindikala osatzen duten zentralek soilik ez LAB eta ELB sindikatuek ere babestu zuten mugimendu iraunkorra sortzeko atea zabaldu zuen deialdi horretan.

Atzo urtarrilaren 31rako deituriko mobilizazio eguna orandik ere indartsuago bilakatzeko deia zabaldu zuen intersindikalak Parisetik.