Klima aldaketa eragiten duen kutsadura gizakiak ere gaixotzen ari da
Klimak eta ingurumenak inpaktu zuzenak dituzte osasunean. Harremana egiaztatuta dago, planeta gaixotu duen poluzioak pertsonen gaixotasunetan duen garrantzia ere egiaztatuta dagoen bezala. Neumologia eta kardiologia arloetako aditu bi bildu ditu Bizkaiko Medikuen Elkargoak gaiari heltzeko.
Klima aldaketa eta osasuna mahai gainean jarrita pentsa zitekeen bero olatuek, denboraleek edo bestelako muturreko fenomeno klimatikoek osasunerako dituzten ondorioak azaleratuko zirela. Baina ez: kezka ez dute fenomeno horiek eragiten, edo ez horiek nagusiki. Izan ere, klima aldaketaren eragileak berak gaixotzen ditu gizakiak: kutsadura. Poluzio atmosferiko horrek, klima eta ingurumen faktoreen arteko harremanak, eragiten ditu gaixotasunak eta bera egoten da horietako asko okertzearen atzean. Azkar gertatzen ari da, gainera, egokitzeko astirik gabe, adituen arabera.
Hausnarketa hori ondorioztatu daiteke Bilbon aste honetan bertan Bizkaiko Medikuen Elkargoak antolatutako hitzalditik. Publiko guztiari irekitako baina, batez ere, osasun munduko profesionalei zuzendutako saio formatibo horrek, besteak beste, osasun arloko bi adituren hausnarketak bildu zituen: Isabel Urrutia neumologo eta arnas osasuneko espezialistarenak eta Vanessa Escolar osasun kardiobaskularreko adituarenak.
Urrutiak gogorarazi zuenez, dagoeneko ebidentzia ugari dago klimak, kutsadurak eta gaixotasunak duten erlazioaren inguruan. Neumologian adituak 1952. urteko Londresko gertaera aipatu zuen, adibidez: ‘Londresko lainoa’, hain zuzen ere. Gertakari hark zerikusi handia izan zuen Lehen Mundu Gerraren ondoren Ingalaterrako jende xumearen etxeetan erretzen zuten kalitate txarreko ikatzarekin, batez ere ikatz sulfuriko batekin; «ikatz ona saldu egiten zuten», zehaztu zuen.
Abenduaren hasiera zen, eta berogailuetako konbustioaren eta egun haietako laino eta inbertsio termikoaren ondorioz -«kontatzen dutenez, jendeak antzokitik alde egiten zuen ez zutelako ezer ikusten, lainoa barruraino sartzen baitzen»-, milaka herritar hil ziren: 12.000 abendu osoan zehar. Hark kutsaduraren aurkako lehen akordioak ekarri zituela aipatu zuen medikuak. Haren ondotik, «ahal izan dugun guztia atera diogu planetari. Industria iraultzatik hona, batez ere, arnas gaixorik handiena bilakatu dugu planeta», nabarmendu zuen adituak.
Hilkortasunaren eragileak
Osasun Munduko Erakundeak (OME) bost arnas gaixotasun kokatzen ditu hilkortasunaren lehen hamar eragileen artean, eta kalkulatu du pertsonen %91k ez duela aire segurua arnasten, Urrutiak adierazi zuenez. Azpimarratu zuenez, «kutsadurak arnas gaixotasun guztietan eragiten du». Edo beste modu batean esanda, «ez dago kutsaduratik libratzen den arnas gaixotasunik».
Zelan egituratzen da hori guztia edo zelan funtzionatzen du? Berotze globalaren eta kutsaduraren arteko harreman horri dagokionez azaldu zuenaren arabera, «aldaketak dakartza klimaren patroietan eta muturreko fenomenoen maiztasunean, eta horrek aldaketak dakartza kutsatzaileen kontzentrazioan eta ingurumen-alergenoetan».
Klimaren, alergenoen eta kutsaduraren arteko interakzioak hilkortasun goiztiarraren atzean agertzen diren elementuak dira, eta egoera hain da kezkagarria, ezen OMEk berak permisibitate-maila jaitsi egin duen. Azalpen teknikoetan sartuta, oso era grafikoan zehaztu zuen neumologo bizkaitarrak material partikulatua dela arnas aparatuan eragiten duena, eta kaltea partikula horien tamainaren araberakoa izaten dela: «Batzuk eztarrira bakarrik iritsiko dira eta ez dago arazorik; beste batzuk bronkioetara iritsiko dira; beste batzuk, biriketako albeoloraino eta, partikula ultra-meheak zirkulaziora, eta aparatu kardiobaskularrari erasango diote, enbolioak produzituz».
Asma edota birikietako gaixotasun buxatzaile kronikoa bezalako gaixotasunak dira kaltetuenen rankingeko lehenak, arnas aparatuari dagokionez, baina ez bakarrak. Adituaren hitzetan, haurdun dagoen emakumeak kutsadurekiko kontaktua izan dezakeenetik hasten da arnas kaltea.
Baserriko txapak eta asma
Eritasun horiek okertzeaz gain, beste era batera halako gaixotasunik izango ez lukeen jendearengan ere eragiten du kutsadurak; hain zuzen, gaixotasuna garatzen lagunduz. Beste fenomeno batzuk ere antzeman dira; adibidez, alergien arloan. «Ikusten ari gara alergenoak, kutsaduraren ondorioz, indartsuagoak direla eta, gainera, nolabait, txofer lanak egiten direla, polenak diesel partikuletan bidaiatu dezakeelako, eta nahasketa hori askoz kaltegarriagoa da», zehaztu zuen Urrutiak.
Arnasten denak izaten dituen ondorioen inguruan, baserri eta etxe askotan biomasaren konbustioa egiten zuten txapekin ikusitakoa aipatu zuen. Ikusi zuten emakume asko zeudela asmatiko gisa etiketatuta, inoiz ere erre egin ez zutenak, baina biriketako funtzio baxua zutenak, eta gaztaroaz galdetuta, ikusten zen txapa horien inguruan jaio eta hazitakoak zirela, eguneroko bizimodua sukaldean egiten zen garaian, gainera.
Isabek Urrutiak erantsi zuenez, antzeko patologiak oso ohikoak dira Kolonbian, eta sakon aztertu dituzte.
Kutsadura eta hotza
Kutsadura-materia hori batez ere hauts, polen eta lizunetik dator; gehienbat, garraioaren isurketetatik, baita eraikuntzatik, industria arlotik, baso suteetatik eta nekazaritza erreketatik ere, eta eragin zuzena du gaixotasun kardiobaskularretan. Kakulatzen da urtean 800.0000 heriotza goiztiar eragiten dituela. Mundu mailan, 13. hilkortasun kausa da, Vanessa Escolarrek emandako datuen arabera.
Kardiopatia iskemikoak, arritmiak eta bihotz-gutxiegitasunak dira eragindako gaixotasun ohikoenak. Escolarrek esan zuenez, kardiopatia iskemikoetan, inflamazio sistemikoarekin lotzen da kutsaduraren eragina; kausa-efektu argia dago kutsadurarekiko esposizioaren eta arritmien artean, eta bihotz-gutxiegitasunari dagokionez, «pandemia handia» dela azpimarratu zuen osasun kardiobaskularreko adituak: «Kardiopatia askoren azken fasea da eta askotan hilkortasun kausa da».
Bizkaiko bi ospitalek Bicontechen laguntza logistikoarekin egindako ikerketa mahaigaineratu zuen Escolarrek. Azterketa AEMETen laguntzarekin egin zen, eguraldiarekin lotutako datuak alderatzeko. Izan ere, tenperatura eta bihotz-gutxiegitasunagatiko ospitaleratze kopurua alderatu zituzten, adibidez. Ikusi zutenez, tenperatura jaitsierarekin ospitaleratze kopurua igotzen zen. Ikertzaileek ikusi zuten bihotz-gutxiegitasunaren desoreka urteko hilabeterik hotzenetan pilatzen zela, abendutik martxora bitartean.
Horren azalpenari dagokionez, Vanessa Escolarrek adierazi zuen hori azaltzen duten hainbat teoria daudela. Zehaztu zuenez, negua arnas gaixotasunen gorakadarekin lotuta dago, eta bihotz-gutxiegitasunaren desoreka sorrera argi batekin, baina tenperaturak eta hezetasunak organismoan eta bihotz-afekzioek sor dezaketen hantura-estadioarekin lotuta ere badago.
Zazpi milioi heriotzen atzean
Adituak nabarmendu zuenez, Osasun Mundu Erakundeak berak ohartarazi du poluzio atmosferikoak zazpi milioi heriotza eragiten dituela urtean mundu osoan. Aipatu zuenez, munduko biztanleriaren %93ak arnasten du mugak gainditzen dituen airea, erakundearen datuen arabera.
Escolarren ustez, argi dago bihotz-patologien eta ingurumen faktoreen arteko harremana, eta horrek eragin zuzena du hiru bloketan: arritmietan, kardiopatia iskemikoetan eta bihotz-gutxiegitasun kasuetan.
Zehaztu zuen, gainera, ezagunak direla gurean kutsatzaile nagusiak eta azufre dioxidoak eta nitrogeno oxidoak azpimarratu zituen.
Gure inguruan arnasten den aireari dagokionez, eta publikoaren galderei zabaldutako azken tartean, planteatu zen aire ez-garbia arnastera behartuta dauden herritar horien artean landa eremuetakoak ere kontuan hartzen ote ziren. Urrutiak aipatu zuenez, kutsadurari buruzko azkerketak konplexuak dira, haizea eta kutsatzen duten elementuak hartu behar baitira kontuan.
Horren ondoan, azaldu zuen adituak landa eremuan bizitokia daukan herritar batek, handik urrun, eremu kutsatuegi batean eman dezakeela denbora luzea, eta kasu horretan, hori ere kontuan hartu beharko litzatekeela.
POLUZIOAREKIKO ESPOSIZIO HANDIA ETA COVID LARRIAGO BAT IZATEA LOTUTA DAUDE
Klima aldaketak pertsonen osasunean duen eraginari erreparatuta, covid-en portaeran jarri zuen fokua Isabel Urrutiak eta Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaleek Bartzelona eta Valentziakoekin batera egindako azterketa baten emaitzak nabarmendu zituen. Gogorarazi zuen txinatarrak izan zirela covid-aren zabalkundearen eta kutsaduraren mapak alderatu zituzten lehenak. Ondorioztatu zuten poluzio handia zegoen lekuetan kutsatze kopurua handiagoa zela. Urrutiak onartu zuenez, populazio pilaketari ere egotz dakioke, baita estatus sozioekonomiko baxu batekin lotu ere, baina hemengo ikerketan ondorioztatu zen «aurreko urtean denbora luzez kutsadurapean egondako eta covid-arekin ospitaleratzen zituzten pertsonen kasuan, behin pneumonia zutenean, larritasuna handiagoa zela».
Urrutiak azaldu zuenez, poluziopean denbora luzea daraman pertsona baten erantzun immunean egoera berezi bat gertatzen da. Hain zuzen, handitzearen aldeko egoera sistemikoa ematen da: «handituta dagoen paziente bat da», azaldu zuen.