Segidan datozkion partidetatik aurrenekoa du Surne Bilbao Basketek Joventuten aurka
FIBAren Txapeldunen Ligako partida biren erdian Badalonako taldea dator Miribillara bisitari, larunbatean 20.45ean. «Partidaz partida joatea» eta «arinago ikastea» omen dira, Jaume Ponsarnauren iritziz, taldearen betebeharrak: «Gure erronka gugan dago: hobetu dezakegun horretan zentratu behar dugu».
Koparik gabe geratu da Surne Bilbao Basket, baina denboraldia oraindik luze joango da beltzezko gizonentzat. Esaterako, asteon Darussafaka talde turkiarrari ondo merezita irabazi dio FIBAren Txapeldunen Ligako 16 onenen ligaxkako L multzoaren aurreneko jardunaldian. Baina garaipen hau ospatzeko asti handirik gabe, datorren martitzenean, hilaren 31n, Sito Alonsoren UCAM Murtziari bisita egingo dio talde bilbotarrak. Eta bien bitartean, Miribillatik Joventut pasako da larunbat honetan, 20.45ean hasita.
«Partidaz partida joatea dagokigu, ez dago besterik. Ez gara bakarrak egoera honi, eta are estuagoei, aurre egin behar dietenak eta, bada, asteazkenekoa pasa zen, asteartekoa etorriko da eta orain, Joventut dago gure buruan», adierazi du Jaume Ponsarnauk ostiralero eskaini ohi duen prentsaurrekoan.
Esan bezala, ACB Ligako aurreneko itzulia ezin izan du talde bizkaitarrak zortzi onenen artean amaitu, baina Kopan sartzeko aukera horrek ihes egin izanak sortu lezakeen atsekabeak txikia eta motza beharko du, oraindik helburu bat baino gehiago bete behar baititu. Hasteko, Ponsarnauk berak sarri esan ohi duen moduan, ACB Ligako 16 onenen artean amaitzea. Egun Bilbao Basketek zortzi garaipen ditu; bigarren itzulia hasi behar den honetan ez dira gutxi, baina maila salbatzeko batez beste hamabi garaipen behar izaten dira eta hori gutxi balitz, Tarregako entrenatzaileak dagoeneko ohartarazi du «bigarren itzulian talde guztiek hobera egiten» dutela.
«Zenbait talde oso atzean daudela jakiteak lasaitzen gaitu, inkontzienteki bederen. Baina gure kontzienteari ez geratzeko agindu behar diogu; esfortzu kontziente hori egin behar dugu. Izan ere, leihaketak hoberantz egingo du bigarren itzulian; behetik dabiltzanek hobera egingo dute, puntaren puntan dabiltzanak hasi dira hobetzen eta guk ere badugu hobetzeko tartea», adierazi du.
«Gure erronka gugan dago: hobetu dezakegun horretan zentratu behar dugu ondokoei begira egon beharrean», gaineratu du entrenatzaile katalanak.
Joventut ez da garaiezina
Hobetzeko bide horretan taldekide guztiak sano ditu Bilbao Basketek, azken aldian Ubalek eta Radicevicek izan dituzten osasun arazoak atzean lagata. Joventutek, aldiz, Pau Ribas beteranoa falta du. Horrez gain, ACB Ligako zazpigarren postuan dagoen taldea ez dago bilbotarrengandik oso urruti: bi garaipen gehiado dituzte bakarrik eta gogoan izan behar da aurreneko jardunaldian beltzezko gizonek ezustean Palau Olimpic-ean 76-81 irabazi zutela.
Horrek Joventut bilbotarrek «arerio zuzen» bihurtuko luke, zortzi onenen artean sailkatzeko balizko leiha bati begira. Jaume Ponsarnauren aburuz, oraindik behintzat ez. «Oraindik behintzat ez dago ez arerio zuzenik ezta zeharkakorik ere. Gauden lekuan gaude gauzak ondo egin ditugulako, baina Joventut gure gainetik dago, besterik gabe. Bada, arerioarengan hainbeste zentratu gabe gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatu behar dugu, besterik gabe», azpimarratu du.
Zentzu horretan, denbora tarte laburrean partida asko jokatzea egokitu zaiolako talde bilbotarrari, Ponsarnauren iritziz taldeak «azkarrago ikasi» beharko du bere jokoa nola garatu. Neurri baten, Badalonan irabazi zuen partida oinarrian hartuta, horrela ari dela gertatzen ikusi du Tarregakoak.
«Denboraldiaren hasieran Adam Smithen puntuetan oinarritzen ginen asko, nahiz eta horrek jokoa geldotzea suposatzen zuen tarteka. Orain ere bere puntuek garrantzia handia dute, baina jokoa bestelakoa da», baieztatu du.
Joventuten jokoan ere antzekorik igarri du Bilbao Basketeko entrenatzaileak. «Pau Ribas falta dute, baina beren jokoa ona eta polita da, nolanahi. Antolatzaileen sorkuntzan oinarritzen da; Guillem Vives eta Andres Feliz batetik, eta Ante Tomic bestetik, kroaziarra pibota bada ere jokoa banatzeko duen gaitasunagatik antolatzaile moduan aztertzen baitut», adierazi du, eta «80 puntuz goitik» joan beharko dela talde irabazlea ohartarazi du ere.