Indartsu aditzen dira joaldunen taupadak Ituren eta Zubietan
Mendi elurtuen artean atera da eguzkia Ituren aldean. Herriko plaza lepo, eta sabelean joare soinu sakon horiek berriro, pandemiaren ondotik inoiz baino biziago. Ia 80 joaldun Zubieta, Aurtitz eta hiruren artean, ezinbertzeko lagun dituzten mozorro eta karrozekin batera, aro berria ospatzen.
Ikusgarriak dira joaldunak beren koloretako tunturru, isopo eta ardi larruekin. Joare soinuek badute zerbait misteriotsua, indartsua eta sakona. Lurraren taupaden antzekoa. Baina, batez ere, bertakoek besta nola egiten duten sentitzea da ederra Ituren, Zubieta eta Aurtitzen. Bizitasun handia baitute Mendaurren magal honetan etengabe mantendu diren inauteriek.
Joaldunak dira ezagunenak, haiek erakarrita etortzen dira urtero Malerrekara hainbat herritako lagunak, baita ikerlari eta kazetari andana ere. Baina ezin ditugu ahantzi beti ondoan dituzten mozorro zirikatzaile eta karroza harrigarriak.
Ganbarara goititu, lau trapu hartu eta pertsonaia magikoak sortzen dira. Aurpegia estaltzeak badu bere intriga puntua: nor izanen ote da? Jendea mugiarazi, ikaratu eta ongi pasatzeko asmoz urteak daramatza Pakitak mozorrotzen eta aurten ere hor dabil joaldunen inguruan dantzan.
Plaza osoa pasilloa egiten
Dunixe Alberro eta Janitz Irigoienek 12na urte dituzte, aurten 13. Iraide Alberrok, berriz, 16. Ttikitatik ateratzen dira joaldun gisa, 4-5 urte zituztenetik, eta «hagitz gustura» ibiltzen dira goiz eta arratsalde bestan. Gazteenek zazpina kiloko pisua daramate soinean, Iraidek zortzi kilokoa. Diotenez, pisua baino esanguratsuagoa da agian bolumena, eta behin martxa hartuta ongi moldatzen dira. «Indarra sartzea da inportantea».
«Kuadrilla handian jotzen ari zara eta plaza osoak pasilloa egiten dizu. Hori hagitz polita da. Animo horiek guziak jasotzen ditugu», deskribatu dute iturendarrek hunkituta. Errege bezperan ere ateratzen dira baina «hori ezberdina da, entrenamendu bat».
Hiru herriak elkartzeko unea arront polita dela kontatu diote NAIZi zubietar eta aurtiztarren zain direla. «Batzuetan intentsoa ere bada. Gehiago nekatzen zara joareekin geldirik mugimenduan baino». Inauterietan ez dago ordutegirik, jakina, eta horrek ekarri zuen, adibidez, igandean arratsaldeko zazpietan bazkaltzea. Astelehen honetan ere ez dute goiz bazkaldu, hirurak pasata espero baitzuten bisitariak iristea.
Lehenengoz Zubietara
Asteartean bisita itzuliko diete. Eider iaz joan zen lehenbizikoz Zubietara joareak astinduz, baina bere bi alabak 3 urtetarako ari ziren jotzen. Gazteena irribarretsu hurbildu zaio amari: «Elkarrizketa egin didate!». Eider eta bi alabei argazkia egin diete eta hirurak pozik.
Elkarrizketatu ditugun Dunixe, Janitz eta Iraide gazteek aurrenekoz eginen dute Zubietara arteko bidea. Orain arte beti kotxean joan dira, karrozekin.
«Sufritu egin behar dela erran digute, baina ez da gaur baino aunitzez gehiago izanen. Kezka dugu hiru herrietan pausoak diferenteak direlako. Zubietan mantsoago ibiltzen dira baina gure pauso berean; Aurtitzen, berriz, salto bat beharrean bi egiten dituzte eta egokitu beharko dugu», azaldu dute.
Neskek parte hartzeko trabak Aurtitzen
Erantsi dutenez, ederra izanen da Aurtitzen jotzea. Izan ere, Zubietan eta Iturenen naturaltasunez sartu dira neskak joaldunen bestan baina Aurtitzen arazoak izaten ari dira. «Gizon batzuek ez zuten ongi ikusi jotzea eta duela zenbait urte bi neska abiatu zirenean jotzeari utzi zioten. Gogorra da; gure adineko neska aurtiztarrek ilusioa dute ateratzeko baina ez dira ausartzen».
Astelehenen honetan kasik 80 joaldun izan dira denera, hiru herriak batuta. Iturenen 50 inguru eta horietatik bederatzi neskak, haurrak kontatuta. Gero eta gazte gehiago daude.
Senarra inauterizale amorratua, emaztea batere
Erran dugu Iturengo plaza jendez gainezka zegoela eta tartean ziren, txistorra pintxoa gozatuz, Mari Jose eta Pakito lesakarrak. Hain hurbil bizita gezurra badirudi ere Mari Josek lehen aldia zuen. «Urtero etortzekotan baina orain arte ez naiz animatu», aitortu digu. Inauterizalea al den galdetuta, ziur erantzun digu: «Batere! Ez zaizkit deus gustatzen. Ez ditut bizitu ere. Gazteak ginenean ez ginen ateratzen».
Senarra hurbildu zaigu eta «ni bai, inauterizale amorratua naiz!» nabarmendu du. «Gu Franco denboran ere ateratzen ginen, mairuz. Ezin zen aurpegia tapatu baina guk tapatzen genuen». Nabari da bere pasioa xehetasun guztiekin oroitzen baitu Lesakan eurena izan zela lehendabiziko karroza. Orduan Sputnik misila bidali zuten errusiarrek eta Pakitok eta kuadrillak hamar metroko misila eraiki zuten. «Ni errusiarrez nindoan, bertze bat zientzialariz... Argazkiak ere baditugu».
Duela 48 urte ikastolako umeekin Iturenera etorri zirela ere kontatu digu. Gaur egun ateratzen jarraitzen du, nahiz eta ez mozorrotu.