INFO

Trasteak, kutxak eta bat egiten duten bi istorio, Rosa Valverderen gaineko album grafikoan

Euskal emakume artisten lana zabaltzera bideratua dagoen Bagara bildumaren ale berrian Rosa Valverde donostiarrean oinarritu dira. Maialen Lujanbiok testua idatzi du eta Arrate Rodriguezek ilustrazioak sortu ditu, ‘Traste arrunten barruan, zuk zer ikusten duzu? Rosa Valderde eta kutxak’ lanean.

Arrate Rodriguez eta Maialen Lujanbio elkarlanean aritu dira albuma sortzeko. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Rosa Valverde da Pamielaren Bagara bildumako ale berriaren protagonista, Maialen Lujanbio eta Arrate Rodriguezen begietan islatua. Artista donostiarraren lanean oinarritutako ‘Traste arrunten barruan, zuk zer ikusten duzu? Rosa Valderde eta kutxak’ liburuan, amaieran bat egiten duten bi ildo daude.

Izan ere, Bagara bildumak euskal historiako emakume artistak ezagutzera emateko xedea du, baina biografia edo dibulgazio forma hartu beharrean album ilustratuak biltzen ditu. Hala, kasu honetan, Valverderen kutxen sorta izan dute oinarri, gerora irudimena askatu eta euren istorioa sortzeko.

Lujanbiorentzat, egiten duen mota honetako lehen liburua da eta esperientzia «polita» izan dela aitortu du aurkezpenean. Berak azaldu du ezkerreko orrialdetan istorio bat kontatzen dela eta eskuinekoetan beste bat. Hala, Lujanbiok azaldutakoaren arabera, objektu arruntei ematen diegun erabilerei eta erabilera berriei buruz gogoeta proposatzen digute lanean, batetik, eta bestetik kutxa bati dagokion proposamena egiten dute, sormena pizten duen joko artistiko batean.

Rodriguezek aitortu du album ilustratu bat egiten duen bakoitzean, baita oraingoan ere, sufrimendua eta plazerra sentitzen dituela. Baina emaitzarekin «zoriontsu» dagoela esan du. «Maialenekin lana egitea mundiala izan da, oso erraza», aipatu du, elkarlanean aritu zirela adieraziz.

«Rosa Valverde oso mundu aberatsa zuen pertsona zela iruditzen zait», esan du omendutako artistati buruz. Era berean, eurek sortutako lanari esker, «aipatzen diren trasteei bizitza eman» diotela uste duela adierazi du.

Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla dira Bagara saileko zuzendariak. Kontatu dutenez, liburuetan parte hartuko duten ilustratzaileak hautatzerakoan omenztzera doazen artistarekiko nolabaiteko harremana izatea bilatzen dute. Hala, Valverderen zerbait ikusten dute Rodriguezen lanean.

Bestalde, aipatu dute «tamalez» Valverderen lana ez dela oso ezaguna. San Telmo museoak bere kutxa sorta bat eskuratu eta horrekin erakusketa egin zuela ekarri dute gogora. Liburuaren amaiaeran, informazio osagarri modura, erakusketa horren baitan eskainitako hitzaldi bat, Senpereko erakusketa bateko aurkezpena eta artistaren lanaren inguruko bideo baterako lotura txertatu dituzte, nahi duenak informazioa zabaldu ahal dezan.

Hirugarren alea

Rosa Valverderi buruzko albuma Bagara bildumako hirugarren liburua da. Saila sortzerakoan, Ansak eta Barcenillak pentsatu zuten polita izango zela haurrei zuzendutako lanak sortzea, haiengandik hasita emakume artisten lanak ezagutzera emateko. Hala ere, argi dute helduek ere gozatzeko modukoak badirela.

Bagara bildumaren etorkizuna zein izango den ez dakite, baina momentuz zabalik dago aurrerantzean euskal emakume artista gehiagoren inguruan albumak sortzen jarraitzeko.

Rosa Valverderen artelanen inguruko liburuaren aurretik, Mari Paz Jimenez –Elena Olavek eta Irrimarra bikote sortzaileak egindakoa– eta Esther Ferrer –Aintzane Usandizagak eta Aran Santamariak egindakoa– izan ziren Bagara saileko protagonistak.