INFO

Sorzabali ezarritako zigorra berretsi du Gorenak, torturak ez direla frogatu argudiatuta

Auzitegi Gorenak Iratxe Sorzabalen helegitea atzera bota eta iaz ezarri zitzaion 24 urteko kartzela zigorra berretsi du. Presoak salatu zituen tortura latzak epaiketan zehar frogatuak ez direla gelditu argudiatuta igorri du ebazpena, Terrorismoaren Biktimen Elkartearen jarrerarekin lerrokatuz.

Iratxe Sorzabalen gorputzean marka hauek utzi zituen komisaldegitik pasa izanak. (GARA)

Auzitegi Gorenak 24 urte eta erdiko kartzela-zigorra berretsi dio Iratxe Sorzabali. Guardia Zibilak 2001ean atxilotu eta bost egunez luzatu zen inkomunikazioan sufritutako torturak salatu zituen arren, ostegun honetan jakitera eman den ebazpenak jasotzen du ez direla frogatu eta «ez dela nahikoa» Gobernuz Kanpoko Erakunde bati tratu txar horien berri ematea, epaiketan frogatu behar dela baizik.

Iaz Auzitegi Nazionalean epaitua izan zen irundarra. Guardia Zibilaren tortura latzak salatu zituen eta inkomunikazioan sufritutako tratu txarren ondorioz autoinkulpatzea deliberatu zuela argudiatu zuen. Elektrodoak, kolpeak eta poltsa praktikatu zizkioten, besteak beste, eta gorputza ere ukitzen ziotela azaldu zuen.

Zaurien ondorioz ospitaleratua izan zen. Bertan artatu zuen medikuak espezialista ezberdinengana zuzendu zuen Sorzabal elektrodoek azalean utzitako arrasto gutziak medio, biopsia bat egin zioten eta orno bat mugitua zuela baieztatu zioten.

Presoak helegitea aurkeztu zuen baina orain jakin den bezala, ez zaio aintzat hartu. Gorenak uste du tortura horiek egiaztatzeko egin zen ikerketa nahikoa izan zela eta epaiketan bertan egindako frogek hala berretsi zutela. Ebazpena akusazio gisa aritu zen Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) defendatutako estrategiaren ildo beretik doa.

Defentsak bi dokumentu aurkeztu zituen, bere tesia babesteko. Txosten bat, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearena; eta beste bat, Amnesty International-ena, Sorzabalen atxiloketa inkomunikatuan tortura horiek «egiaztatutzat» jo zituena.

Gorenak bi erakunde horiek baloratzen ditu giza eskubideen urraketen aurkako salaketetan. Esan duenez, «Torturaren Prebentziorako Batzordeak bere gain hartutako eginkizun garrantzitsuak ez du argudiatua izateko beharrik», eta gaineratu du «ez dela zalantzagarria ere Amnesty Internationalek gizakiaren duintasunaren aurkako jokabideak salatzeko duen paper garrantzitsua».

Epai-aretoaren esanetan, «Europako Kontseiluko batzorde bateko funtzionarioei edo Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko ordezkariei torturen biktima izan izana kontatzeak berebiziko garrantzia du, ez soilik tortura horien zigorgabetasuna eragozteko, baizik eta kontrol demokratikoak areagotzeko edozein gizartetan, baldin eta kexa horiekin axolagabe agertzen bada edo salatzailearen duintasunaren aurkako atentatuak zorrotz jazartzen ez baditu».

«Hala ere –jarraitzen du–, jurisdikzio-prozesu bat aktibatu ondoren, eta torturen salatzea erabakigarria izan daitekeenean, (…) bere espazioa utzi behar dio aldeek egindako froga-jarduerari (...), eta hori da kasu honetan gertatu dena».