INFO

Elordi eta Zabaleta nagusi izan dira Idiazabalen (22-11), eta finalerdietarako sailkatu dira

Bizi-bizi jokatu dute gorriek, bereziki Elordik, bederatzi tanto egin baititu, eta horietatik zortzi airez. Peña II.a eta Eskiroz ezinean ibili dira, eta ez dute izan beste aukerarik defentsan aritzea baino. Dema amaieran Zabaletak esan du, datozen partidetarako ez dituztela «indarrak gordeko».

Jose Javier Zabaleta aurreko jardunaldi bateko partida batean. (FOKU)

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketa osoan erakutsi duten nagusitasuna erakutsi dute gaur Idiazabalen Jon Ander Peña eta Iosu Eskirozen aurka, eta hala, finalerdietarako txartela lortu dute. Gorriak izan dira nagusi partidan, bizi-bizi jokatu dute, bereziki Elordik, bederatzi tanto egin baititu, eta horietatik zortzi airez. Demako momentu batean ere ez da egon zalantza izpirik haiena izango zela jokoan zegoen puntua.

Hala ere, Peña II.ak eta Eskirozek bukaerara arte borrokatu dute, baina ezinean ibili dira; ezin erasora joan, eta ez zuten beste aukerarik defentsan aritzea baino. Tolosarra ahalegindu da jokoan sartzen, eta partzial on bat egin du 16-4 zihoazenean markagailuan, bost tanto segidan eginez, zoragarriak, gainera. Eskirozek, bestetik, pasa den jardunaldian erakutsi zuen maila ezin izan du errepikatu, Zabaleta bezalako aurkari bat parean izanda ez delako lan erraza.

Partidan bete-betean sartu da Elordi, bi pilotakadekin nahikoa izan baitu lehen tantoa egiteko: sake luze botata, eta ondoren gantxoa, 1-0. Segidan partzial ederra sinatu dute gorriek, 4-0 aurrea hartuta markagailuan, Elordiren dejada bati esker, eta Peñaren bi hutsegiteek lagunduta.

Ondoren, tolosarra erne ibili da, eta Elordiren gantxoari bi pareta batekin erantzun dio, 4-1. Urdinak ezinean ibili dira, kostata eramaten zituzten gorrien pilotak. Ezintasun horren adierazle izan da Elordi-Zabaletak egindako bigarren partziala, lehenengoan bezala, lau tanto jarraian egin baitituzte, 8-1.

Hurrengo bi tantoak urdinenak izan dira, haien merituak baino, gorrien akatsek bultzatuta, eta segidan, gorrien partidako partzial onena ailegatu da. Zortzi tanto jarraian egin dituzte, tartean Elordik ezkerrarekin egindako dejada paregabea txokora, eta eskuinetik ezkerrerako gantxoa, 16-3. Mallabiakoak izan dituen pilotakadak ondo probestu ditu, eta etekina atera. Izan ere, partidan bederatzi tanto egin ditu, eta soili hiru galdu.

Peñaren susperraldia

Peñak eta Eskirozek, markagailuan zegoen aldea ikusita, zaila zuten burua hotz mantentzea, eta ematen zuenean burua jaistear zeudela, ez dute etsi, eta ekinean jarraitu dute, euren partidako partzialik onena sinatzeraino. Hein handi batean, tolosarraren distirari esker. Bost tanto jarraian egin dituzte urdinek, eta tolosarrak bata bestearen atzetik pilotakada zoragarriak sartu ditu; txokora, airez zabalera, eta dejada bat, tarteko, 16-9. Peñak egindako tanto horietako batean, Idiazabaleko frontoira gerturatu diren zaleen txalo zaparrada bat entzun da, bost tantoko partzialari hasiera eman dioenean.

Markagailuan, ordea, urdinak urrun zeuden gorriengandik, eta Peñaren bolada ona etetea lortu du Elordik, gantxo on batekin, 17-8. Hemendik aurrera, egindakoek baino, hutsegiteek erabaki dute partidaren amaiera. Gorriek marjina zuten arriskatzeko, eta urdinek, partidako momentu askotan bezala, ezinean ibili dira. Hala, 22-11 bukatu dute partida.

Partida osteko adierazpenetan, bikote urdinean Peñak hartu du hitza, eta onartu du aurrean Elordik berak baino «dezente gehiago» asmatu duela. Ez zitzaion arrazoia falta aurrelariari; izan ere, datuei erreparatuta, Elordik bederatzi egin ditu, eta tolosarrak bost. Hori horrela izanik ere, aurrelariak nabarmendu du «azkeneko momentura arte borrokatu dutela, behintzat»: «Markagailua ez da batere erosoa izan buruarentzako, baina guk argi genuen 22 tantora ailegatu arte, borrokatu egingo genuela».  

Seigarren doaz sailkapenean bost punturekin, P.Etxeberria-Rezusta eta Urrutikoetxea-Albisu bikoteekin puntuetan berdinduta daudela. Geratzen zaizkien azken hiru partidei begira, Peñak espero du Jon Mariezkurrena haren bikoteak eskua errekuperatzea, partida «gogorrak» datozelako, –Altuna III-Tolosa, Ezkurdia-Martija eta P. Etxeberria-Rezusta izango dituzte parean–.

Bikote gorriak datorren faserako sailkapena lortuta, Zabaletak adierazi du ez dituztela indarrak gordeko: «Saiatu behar gara bikote bezala hobetzen. Txapelketa hasieran partida hobeagoak egin ditugu, eta horri begira jarri behar gara, finalaurrekoak prestatzeko». Gaurko demaren inguruan, Etxarrenekoak esan du «nagusi» izan direla, aurkarien «akatsengatik», hasieran batez ere.

FITXA TEKNIKOA


Elordi-Zabaleta:22
Peña-Eskiroz: 11


Pilotakadak: 361. Iraupena: 47,57 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 8-1, 8-2, 8-3, 16-3, 16-8, 17-8, 18-9, 20-9, 21-10, 22-11. Sakeak: Peñak 1. Egindakoak: 9 Elordik, 1 Zabaletak, 5 Peñak eta 0 Eskirozek. Galdutakoak: 3 Elordik, 3 Zabaletak, 6 Peñak eta 6 Eskirozek. Gorabeherak: Frontoia beteta Idiazabalen.