INFO

Zeinen aurka hautsiko du LeBron Jamesek Kareem Abdul-Jabbarren marka?

38.387 puntuko errekorra apurtzeko 36 puntu geratzen zaizkio LeBron Jamesi, NBAn sekula puntu gehien sartu dituen jokalaria izateko. Asteazkenean Thunderren aurka lor lezake, baina balio seinboliko handiagoa luke Milwaukeeren aurka lortzean, Abdul-Jabbarren bi taldeak Lakers eta Bucks izan zirelako.

LeBron James NBAko historiako saskiratzaile handiena izateko puntuan dago. (Dylan BUELL | AFP PHOTO)

NBAko Mendebaldeko Konferentziak bere pieza propioa merezi du. Historikoki «Wild, Wild West» izenaz ezagutu izan den Koferentzia sekula baino «basatiago» baitator aurten. Houston Rockets eta San Antonio Spurs izan ezik, biak ala biak taldeak etorkizunerako osatze prozesuan murgilduta, gainontzeko hamahiru taldeek dituzte NBAko play-offetan sartzeko aukerak.

Jakina da garai baten ez bezala aurreneko zortzi sailkatuak orain ez dira zuzenean Liga irabazteko kanporaketetara zuzenean sailkatzen, baizik eta aurrekanporaketa motz bat antolatzen dela, play-in delakoa zazpigarren postutik hamargarrenera sailkatutakoen artean. Bada, uneotan hirugarren postuan dagoen Sacramento Kings eta hamahirugarren lekuan dagoen Los Angelen Lakersen artean lau garaipenen aldea baino ez dago, Fase Erregular erdia pasa den honetan: 29-22ko balantzea Kaliforniako hiriburukoentzat eta 25-29 Lakersentzat. Nikola Jokicen Denver Nuggets, 37-16 balantzea aldean dutela, horiek dira uneotan Fase Erregularra Mendebaldeko sei onenen artean amaituko dutela ia ziurtzat jo dezaketen bakarrak.

Alabaina, borroka gogoangarri horri heltzeko sasoia iritsiko da geroago ere, uneotan LeBron James baita aipatu beharreko izen propioa, apurtzea ezinezkoa zirudien errekorra haustear baitago: NBAko saskiratzaile nagusienaren marka, hain zuzen. Kareem Abdul-Jabbar handiak –musulman bihurtu baino lehen, Lew Alcindor izenaz ezaguna– 38.387 puntu saskiratu zituen 1969tik 1989ra bitartean. Meritu itzela dauka horrek, orotara 1.560 neurketa jokatu zituelako, lesio larriei iskin eginez, eta gainera bere karrera guztian hiruko jaurtiketa bakarra saskiratu zuen bai Milwaukee Bucksen bai Los angelesa Lakersen «33» zenbakiarekin jokatu zuen pibot erraldoiak. Horrez gain, Kareem Abdul-Jabbar eskubide zibilen alde eta beltzen aurkako arrazakeriaren aurkako aktibista izan zen bai jokalari izan zen bitartean, baita gero ere. Hala, NBAk bere izena duen sari berezi bat sortu zuen 2021ean, gizarte justiziaren alde nolabait bere burua erakusten duen jokalari bat saritzeko.

LeBron Jamesi 36 puntu falta zaizkio Kareem Abdul-Jabbarren marka hausteko. Pasa berri den jardunaldian, 27 puntu sartu dizkio Los Angeles Lakers taldeko izarrak New Orleans Pelicansi, baina ezin izan du garaipenera eraman, 131-126 galdu baitu Kaliforniako taldeak.

Baina zer dira 36 puntu? Edozein jokalarirentzat, bada nahikoa eta gehiago halako puntu pila egun bakarrean sartzea, baina LeBron Jamesentzat, ez. Are gehiago Lakersek hurrengo bi neurketak etxean jokatu behar dituztela aintzat hartuz gero. Zeruak eta lurrak bat egin ezean, orduan hautsiko du Abdul-Jabbar handiaren puntuen marka LeBron Jamesek.

Noiz gainditu behar du 38.387 puntuen marka historikoa? Euskal Herrian hilaren 8ko goizaldera Oklahoma City Thunderren aurka jokatzen du Los Angeles Lakersek. Men debaldeko sailkapen nagusiko gutxieneko hamargarren postu horren bila arerio zuzen-zuena da Oklahoma, 25-27 balantzearekin Lakersen aurretik doa-eta. Ondorioz, esan gabe doa LeBron James eta enoarauak irabaztera aterako direla. Deskuidoan errekorra orduan hautsiko balu, inor ere ez litzateke harrituko.

Eguna eta arerioa

Alabaina, zer izango litzateke gure mundua erromantizismoari lekutxo bat utzi ezean? Euskal Herrian otsailaren 10eko goizaldea denean Lakers eta Giannis Antetokounmpo handiaren Milwaukee Bucksek jokatzen dute elkarren kontra; hau da, Kareem Abdul-Jabarren kirol bizitza profesionaleko bi taldeek. Zein hau baino neurketa hoberik behingoan errekor hau hautsi ahal izateko?

Zurrumurruek diotenez, eta zenbait neurketetan ere ikusi da, LeBron James Kareem Abdul-Jabbarrek hain berea zuen «Skyhook» gakoz egindako jaurtiketa lantzen ari omen da. Handia litzateke halako saskiratzen batekin hautsiko balu 38.387 puntuen langa, baina ez litzateke ere harritzekoa izango.

Ez da ahaztu behar gainera, aste honetan bertan lortu duela LeBron Jamesek NBAko historian asistentzia gehien eman dituen laugarren jokalaria izatea, Msark Jackson eta Steve Nash gainditu eta gero. 30.000 puntu, 10.000 errebote eta 10.000 asistentzia lortu dituen  jokalaru gutxi horien artean dago Ohioko Akron hirian sortutako hegalekoa.

Hala, dela morboa, dela zaletasuna, Thunder zein Bucksen aurkako partidetara begira sarrerak oso garesti ari dira saltzen. Bestela ere Los Angeles Lakersen partida bat bertatik bertara ikustea merkea ez bada, LeBron Jamesek errekorrera hurbildu ahala, prezioak neurrigabe igo dira. «SITickets» atariaren arabera, Oklahoma City Thunder taldearen aurkako partida 424 dolarretan hasi zen, gutxienez, eta 1.757,41 dolarren inguruan dafgo batez besteko prezioa. Maximoak, bestalde, neurrigabeak dira eta norbaitek pistan eseri nahi badu 100.000 dolar ordaindu beharko ditu.

Milwaukee Bucks taldearen aurrean 393 dolarretik 1.931 dolarrera arteko sarrerak mugitzen ari dira, batez besteko prezio gisa. Thunderren aurkako partidarekin gertatzen den bezala, prezio altuenak modu esponentzialean igoko dira. Pistako eserlekuak 97.000 dolarrera iritsiko dira eserleku bakoitzeko.