‘Sos Aiaraldea’ lelopean mobilizazioa deitu du Aiaraldeko Greba Batzordeak ostiralerako
Eskualdean bizi duten «egoera salatu eta kolektiboki erantzuteko» mobilizazioa deitu du Aiaraldeko Greba Batzordeak. Ostiralean egingo dute manifestazioa Laudion.
Ostiral honetan mobilizazioa egingo dute Laudion ‘SOS Aiaraldea’ lemapean. Aiaraldeko Greba Batzordeak egin du deialdia, «Aiaraldea eskualdean bizi dugun egoera salatu eta kolektiboki erantzuteko».
Madres Mercedariasek Orozkoko Ibarra auzoan desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroa dauka. Egoitza itxi behar dute, eta Aiaraldeko Greba Batzordetik adierazi dute «116 langile eta erabiltzaile» kalean geratuko direla. Joan den urteko maiatzean greba egin zuten zentroko langileek, zuzendaritzak inposatutako murrizketen aurka protesta egiteko.
Horretaz gain, mahai gainean jarriko dute Glavista enpresako langileek bizi duten egoera. Glavisa hartzedunen aurrelehiaketan sartu da, «240 langileren etorkizuna kolokan jarriz», salatu dutenez.
Halaber, protesta egingo dute Talleres Abasolo tailerreko langileek 4 hilabete daramatelako soldata kobratu gabe lanean. Hori gutxi ez eta lantegia «itxiera arriskuan» dagoela gogora ekarri nahi izan dute. Joan den urtarrilaren 16an greba hasi zuten langileek, atzeratutako soldaten ordainketa eskatzeko.
«Orotara, 3 lantegi eta 300 enplegu baino gehiago daude arriskuan», adierazi dute, eta langile guzti horiek zein Aiaraldea eskualdeak bizi duen egoerari erantzuteko mobilizatuko dira ostiralean, hilak 10. Laudioko Herriko plazatik abiatuko da manifestazioa, 18.30etan.