INFO

Eudel eta Eusko Ikaskuntza lankidetzan arituko dira «udalen erronkei heltzeko»

Eudelek eta Eusko Ikaskuntzak lehen lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan zenbait proiektutan lankidetzan aritzeko, «udalen erronkei heltzeko». Euskal identitateari, lurralde orekari eta herritarren prestakuntzari buruzko egitasmoak dira.

Ana Urkizak eta Gorka Urtaranek sinatu dute akordioa ostegun honetan. (Eusko Ikaskuntza)

Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, eta Gorka Urtaranek, Eudeleko elkarteburuak bi erakundeen arteko lehenengo hitzarmena izenpetu dute ostegun honetan udalei hiru ekimenetan parte hartzeko aukera emango diena: etorkizuneko euskal nortasun kolektiboaren azterketa, ‘Herri Txikien Akademia’ eta GizarteLAB, hainbat herrietan dagoeneko martxan dagoen herritarren laborategien proiektua.

Akordioa sinatu ondoren, Urtaranek nabarmendu du hitzarmena «berri ona» dela euskal udal guztientzat. Bere hitzetan, «pandemia garaian konturatu ginen eguneroko udal politikari zientzia eta ezagutza gehitu behar zitzaiela, gizarte eraldaketei eta herrialde gisa ditugun erronka handiei erantzuteko».

Bestalde, Urkizak azpimarratu du hitzarmenak lurralde garapena ahalbidetuko duela, «udalek komunean dituzten beharren gainean diagnosiak egiteko eta ikerlan esparruak eratzeko», eta «gizarte berrikuntzarako metodologia berritzaileak aplikatzeko» balioko duela lurralde esparru ezberdinetan.

Zehazki, ohar batean azaldu dutenez, ondoko helburu hauek ezarri dituzte akordioarekin: «Eusko Ikaskuntzaren azterketa eta ikerketa programetan eta horien balioespen eta kontraste faseetan udalek parte hartzea, udalerrien beharrizan komunei buruzko diagnostikoak egitea ikerketa esparru komun baten barruan, eta gizarte berrikuntzako metodologiak eta prozedurak batera ezartzea EAEko eremu guztietan».

Hiru egitasmo

XXI. mendeko euskal nortasunari buruzko proiektuaren bitartez «gizarte plural eta moderno batean identitate komuna eraikitzeko gai diren elementuak identifikatu» nahi dira, baita horretarako tresnak proposatu ere, herrien arteko «loturak errazte» aldera.

‘Herri Txikien Akademia’ izeneko proiekturako, bestalde 5.000 biztanletik beherako herriak hartuko dira kontuan, «hausnarketarako, ezagutza zabaltzeko eta interes komunak dituzten udalerrien arteko lankidetzarako». Iaz edizio pilotua jarri zen abian Araban: Kuartangon, Laudion, Urturin eta Zalduondon.

Herritarren prestakuntzarako izango den GizarteLAB programa Eusko Ikaskuntzak diseinatutakoa da «erantzunkidetasunetik eta balio sozialetatik udalerriek eta biztanleek aurre egin beharreko trantsizioei erantzuteko». Besteak beste, Arrasaten, Aian, Beasainen, Deban, Donostian, Laudion, Orion eta Legazpin jarri da martxan jada.