INFO

Arabar Errioxako ardoen esportazioek %17 egin zuten behera iaz, baina balioa mantendu zuten

Arantza Tapia Ekonomia sailburuak Arabako Errioxako ardoen esportazio datuak eman ditu. Ia %17 gutxiago saldu da, baina garestiago, beraz, fakturazioa ez da horrenbeste jaitsi.

Lapuebla de Labarcako Uztaberri egunean eman ditu Tapiak Arabako Errioxako ardoen esportazioari buruzko datuak. (IREKIA)

Arabako Errioxako ardoen esportazio datuak eman ditu Arantza Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Uztaberri Eguneko ekitaldietan, La Puebla de Labarcan. %16,9 egin zuten behera esportazioek iaz, baina, litroa 2021ean baino euro bat garestiago saldu izanak fakturazioa horrenbeste ez jaistea ahalbidetu du.

Tapiak jakitera eman duenez, salmentak Europatik Ipar Amerikara lekualdatu dira, eta gora egin dute nabarmen AEBetan, Kanadan eta Mexikon, baina behera Erresuma Batuan, Suitzan, Alemanian, Irlandan, Suedian, Norvegian, Herbehereetan eta abarretan. Halaber, gaineratu duenez, «pandemiak eragindako krisia gainditu eta 2021. urtean errekor historikoak erregistratu ondoren, 2022a ziurgabetasun handiko urtea izan da ardoaren mundu mailako merkatuan».

Errioxa Jatorri Deituraren Arabako ardoen esportazioak 21,2 milioi litro inguruan geratu ziren. Batezbesteko prezioak %18,6 egin zuen gora 2021ekoarekin alderatuta, eta, horren ondorioz, fakturazioa ez da ia murriztu ere egin, 146,7 milioi euro. Barietateen arabera eta bolumenari dagokionez, ardo zuriek ardo gorri eta beltzek baino gehiago egin zuten behera, baina fakturazioa handiagoa izan zen, batezbesteko prezioak gora egin baitzuen nabarmen.

Errioxa Jatorri Deituraren Arabako ardoen esportazioak azken 11 hilabeteetan Euskal Autonomia Erkidegoan esportatutako ardoaren bolumenaren % 49 eta balio totalaren % 68 izan ziren. COVID-19aren pandemiak eragindako krisia gainditu eta 2021. urtean errekor historikoak erregistratu ondoren, ardoaren mundu mailako merkataritzan 2022a ziurgabetasun handiko urtea izan da, Tapiaren hitzetan, nahiz eta aurreikusi zen hazkundea finkatu egingo zela.

Ekonomia sailburuak azaldu duenez, euskal ardoak mundu mailako egoera «korapilatsuan» kokatzeko asmoz, Lakuako gobernuak enpresei zenbait sustapen- eta finantza-ildo eskaintzen dizkie, gehienak Basque Wine Office bulegoaren bidez kudeatutakoak.