Borne Erreformaren aurkako erantzun indartsua Baionan: 25.000 lagun, sindikatuen arabera
Frantses Estatuan bezala Ipar Euskal Herrian ere mobilizazio orokorra deitu dute gaurko sindikatuek. Erretreten erreformaren lehenengo artikuluari bide eman zion atzo Asanblea Nazionalak. Erantzuna Baionako karriketan ere neurtu da, eta zinez indartsua izan da, 25.000 lagun antolatzaileen arabera.
Intersindikalak mobilizazio eguna deitu zuen gaurko frantses Estatu osoan. Aldiz grebarako deialdirik ez dago, neguko oporrak izanik herritarrei joan-jinak egiteko orduan oztoporik ez dietelako ezarri sindikatuek.
Intersindikalak 10.30ean emana zuen hitzordua Santa Ursulako plazan, Baionako tren geltokitik hurbil. Asteburuan iraganen den lehenengo mobilizazioa izaki, ikusmin berezia bazen herritarren emanen zuten erantzunari buruz.
Abian da mobilizazioa Baionan. Jendetza martxa buruaren gibelean baita zubian ere, martxan sartzeko zain. #Retraites #erretretak pic.twitter.com/gdUrWRENQ6
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) February 11, 2023
Eta erantzuna, zinez, indartsua izan da: 25.000 lagun kontatu dituzte antolatzaileek, orain arte egin den mobilizaziorik jendetsuena.
Intersindikalaren arabera 25.000 jende baino gehiago elkartu dira Baionan Borne erreformari ezetz esateko. Hurrengo hitzordua hilaren 16an. Egun horretan bozkatu daitekeelako erretiro adina 62 urtetatik 64 urtetara gibelatzea. Erreformaren pundurik inpopularrena da. #retraites pic.twitter.com/ELZj1aGkDt
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) February 11, 2023
Gobernuak, bere aldetik, harrigarria bada ere, manifestazioak hasi baino lehen aurreikuspena plazaratu du eta gaur Hexagonoan 800.000 herritar mobilizatuko direla iragarri du.
Sindikatu nagusia den CFDTk nabarmendu duenez, %20tik gora emendatu da sindikatuaren afiliazioa gizarte mugimendua abiatu denetik. CGT eta LAB sindikatuek baieztatu dute erretreten erreforma kari «indar batuketa bat» ematen ari dela zentral horietan ere.
Asanblea Nazionaleko eztabaida
Atzo Asanblea Nazionalak lege egitasmoaren lehenengo artikulua bozkatu zuen pentsio erregimen bereziak bertan behera uzte aldera.
Otsailaren 6an Parlamentuan eztabaida abaitu zenetik tentsio giroa nabarmen igo da.
Sindikatuek jakinarazi dute hurrengo hitzordua. Heldu den ostegunean, hilaren 16an, berriz ere karriketara jaisteko deialdia zabaldu dute.
Egun horretan espero baita 62 urtetik 64 urtera gibelatzea aurreikusten duen erreformaren kapitulurik eztabaidagarrienetarikoa bozkatua izatea.