INFO

This browser does not support the video element.

Torturaren aitortza eta erreparaziorako «konpromiso eta ekimen irmoak» aldarrikatu dituzte

Euskal Herrian 5.379 tortura kasu baieztatu dituzte datu ofizialek, Nafarroan egindako azken ikerketa txosteneko datuak batuta. Torturatuek instituzieoi torturaren errealitatea argira ateratzeko eta erreparazioan sakontzeko «konpromiso eta ekimen irmoak» eskatu dizkiete.

5.379 tortura kasuak salatzeko torturatuen agerraldia, Intxaurrondon. (Andoni Canellada | FOKU)

Larunbat goiz honetan agerraldia egin dute tortura jasan duten laurehundik gora euskal herritarrek Donostian, Intxaurrondon. Duela aste batzuk aurkeztu zion Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren inguruko txostena Nafarroako Gobernuari. Txosten horrek, gutxienez, 1.068 tortura kasu jasotzen zituen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txostenaren datuak batuta, orotara Euskal Herrian 5.379 tortura kasu izan dira datu ofizialen arabera.  Hala ere, salatu dute txosten horiek zigilu ofiziala izan arren, torturatuen aitortzarako eta erreparaziorako bideak oraindik «hutsune nabariak» dituela eta erreparaziorako konpromisoa eskatu dute. Ixone Fernandez eta Patxi Arratibelek hartu dute hitza torturatuen izenean.

Agerraldian azpimarratu dute zifra horiek esanahi argi bat dutela: «Euskal Herrian modu masibo eta sistematikoan torturatu dutela adierazten dute». Eta ezagutzen ez diren ondorioak espainiar Estatuak ezkutatu nahi izan dituela salatu, «polizien, politikarien, mediku-forentseen, epaileen eta hedabideen kolaborazioarekin».

Zenbakiak lehen lerrora ekarri arren, tortura «zenbakiez harago» doan errealitatea dela aitortu dute, kopuruek islatzen duten «zauria» sakonagoa dela, eta  «bere ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak» ez direla oraindik osotasunean ezagutzen adierazi dute.

Eskakizun zehatz bat egin dute agerraldian: torturaren errealitatea argira atera eta torturatuen aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalean sakontzeko «konpromiso eta ekimen irmoak» har daitezela. Baita ez errepikatzeko bermeak ezartzeko mekanismoak garatzea ere, «torturak gure herrian izan duen dimentsio osoa ezagutu ahal izateko». Horregatik, instituzioengana zuzendu dira: «Kriminologiaren Euskal Institutuak ofizialki argira ateratako tortura kasuak aintzat hartzeko deialdia egiten diegu Nafarroa Garaiko eta EAEko Gobernu eta arduradun instituzionalei».

Aitortzarako eta erreparaziorako bidean izandako bi oztopo ere mahaigaineratu dituzte. Batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txostena garatu ez izana, «kaxoi baten barruan utziz». Eta bigarrena, Nafarroan 1979-2015 epeari zegokion txostena hainbat urte atzeratu izana, publiko egiteko egondako oztopoengatik.

‘Karpeta urdinak’

Egitasmo berri baten berri ere eman dute, eskuan bakoitzak karpeta urdin bat zuelarik. Paco Etxeberriaren taldeak, tortura kasuak aztertzeko, biktima bakoitzari karpeta urdin bat esleitzen zion, eta horri tiraka egin zuen Ander Iriartek ‘Karpeta Urdinak’ dokumentala. Lan zinematografiko horretan, Kriminologiaren Euskal Institutuak Araba, Bizkaia eta  Gipuzkoan egindako torturari buruzko ikerketaren emaitzak azaltzen dira.

Otsailaren 13tik aurrera, Torturaren nazioarteko egunetik aurrera alegia, dokumentala proiektatuko dute Euskal Herriko hainbat txokotan torturaren inguruko errealitatea ezagutarazi eta zabaltzeko. www.karpetaurdinak.eus atarian aurkitu daiteke lan zinematografikoaren inguruko informazio osatua eta proiekzioen egutegia.