INFO

Barandika-Lekerikak pilota bizienak aukeratu dituzte; Beaskoetxea-Lopezek, pisutsuenak

Astearte honetan egin dute Jai Alai Winter Serieseko finalerako material hautaketa, eta argi geratu da bikote bakoitzaren estrategia igandean jokatuko den finalerako. Lopez Zumaiakoa ez ezik, beste hirurak Gernika-Lumokoak dira, eta, beraz, etxean ariko dira. Beaskoetxeak azken partida jokatuko du.

Barandika-Lekerika eta Beaskoetxea-Lopez bikoteak gaur Gernika-Lumon igandeko finalerako pilotak hautatzen. (Oskar Matxin Edesa)

Igande honetan 12.00etatik aurrera jokatuko da Jai Alai Winter Serieseko finala. Astearte honetan egin dute puntistek finalerako material hautaketa Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, eta argi geratu da zein izango den bikote bakoitzaren estrategia finalerako. Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek pilota pisutsuenak hautatu dituzte, 106 gramokoak, eta Xabier Barandikak eta Unai Lekerikak, berriz, bizienen alde egin dute, 108 gramokoak.

Gernika-Lumoko bikoteak etxean jokatuko du; Lekerikak Gernikan bi final ditu irabazita, Barandikak, ordea, biak galduta. «Niretzako oso polita izango da irabaztea; gainera, lehenengoa izango zen Gernikan. Beraz horren bila joango gara», adierazi du Barandikak finalaren atarian.

Baliatuko duten estrategiaren inguruan, Gernika-Lumokoek adierazi dute pilota aurrealdeko koadroetara eramaten saiatuko direla, Lopez «jokoz kanpo» uzteko: «Atzelari oso jotzailea eta dominatzailea da, eta defentsan ere pilotakada asko sartzen ditu; beraz, ez zaigu komeni defentsan aritzea. Horren ordez, aurrean min egiten saiatuko gara, Beaskoetxeari estu hartuta», nabarmendu du Barandikak.  

Zeuden piloten inguruan, Lekerikak adierazi du uste zuela piloten arteko aldea handiagoa izango zela, alegia, pilota «desberdinagoak» egongo zirela hautatzeko. Beraz, zeuden aukeren artean, «bizienak» hautatu dituztela aitortu du, eta gaineratu «argi» geratu dela zein izango den Beaskoetxearen eta Lopezen taktika, «aukeratu dituzten pilotak ikusita».

Gernika-Lumoko bikoteak pilota bizienak aukeratu dituzten modura, Beaskoetxea eta Lopez beste muturreraino joan dira, pisutsuenak hautatua: «Gehien interesatzen zaizkigun pilotak aukeratu ditugu, baina denetarikoak probatu ditugu», nabarmendu du Lopezek.

Beaskoetxeak bere ibilbide profesionaleko azken partida jokatuko du: «Finalaurrekoetan oso urduri egon naiz hemen egon nahi nuelako, finalean jendea agurtzeko. Orain trankil nago, eta alderantziz, egunero buruari esaten diot final hau irabazi behar dudala».

Horrez gain, Beaskoetxeak argi du partidaren giltza Zumaiako bere bikoteak eduki dezakeela: «Finaleko arduraren zati handi bat berea izango da, eta horregatik, hari gehien komeni zaizkion pilotak hautatu ditugu. Haren egitekoa izango da niri ahalik eta laguntzarik handiena ematea eta, horrez gain, aurkariei atzealdean min egitea».