INFO

Caparrosoko makroetxaldearen kontra herri akusazioa izango da Sustrai Erakuntza

Caparrosoko makroetxaldean ustez 2021ean izan zen kutsaduraren salaketak eragin zuen kasuan herri akusazio gisa aurkeztuko da Sustrai. Modu honetan, informazioa eskuratzeaz gain, enpresak auzia ixteko estrategia geldituko dutela azaldu dute. Kostuei aurre egiteko kanpaina bat martxan jarri dute.

Valle de Odieta kooperatibak Caparroson duen makroetxaldea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Valle de Odieta kooperatibak Caparroson duen makroetxaldeak 2021ean ustez lurzorua eta akuiferoak kutsatu zituela salatzeko abiatu zen kasuan Sustrai Erakuntzak herri akusazio gisa aurkeztuko dela jakinarazi du.

«Gertakari hauen harira jarritako salaketak, zenbait talde ekologistak zein Nafarroako Gobernuak berak jarritakoak, auzitegietan tramitatzen dira, eta artxibatzeko bidean ziren, honela, enpresak eta bere abokatu armadak egindako gertakarien erantzukizunari aurre egitetik salbatzea lortuko zutelarik», gaineratu du Sustraik.

Aldez aurretik, epaitegietan Valle de Odietak bere helburuak lortu izan dituela gogoratu du Sustraik eta 2021ean bertan Nafarroako Auzitegi Nagusiak makroetxaldea zabaltzeko baimena eman ziola oroitu.

«Aukera horren aurrean, Sustrai Erakuntzak auzian pertsonatzea erabaki zuen, tramitatzen ari ziren dokumentazio guztia ezagutzeko asmoz eta herritarrek ingurumen garbi eta osasuntsua izateko dituzten eskubideak defendatzeko asmoz. Eta Tafallako Epaitegiak herri akusazio gisa onartu du Sustrai Fundazioa. Salaketak aurrera darrai», azaldu du talde honek.

Auzian dokumentazio andana dagoela gaineratu Sustraik, egun abokatuak aztertzen ari direna. Ondorioz, gastu aurreikuspen handia egin behar izan dutela gaineratu du.

Sustrai bezalako talde batentzat gastu hauek «ez direla ahuntzaren gauerdiko eztula» nabarmendu dute. Hori dela eta, dirua biltzeko kanpaina bati ekingo diote. «Ekarpen askorekin, txikiak izan arren, gai izango gara ingurumenaren eta Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza sarearen suntsiketaren erantzuleak judizialki zalantzan jartzeko. Izan ere, gure helburua ingurumenaren aldeko eta lurraldearen defentsarako borrokak indartzen eta babesten jarraitzea da», azaldu dute.