INFO

This browser does not support the video element.

Festa eta aldarrikapena uztartuta, inauterietan murgildu da Tolosa Ostegun Gizenarekin

Festa eta aldarrikapena uztartuta, Ostegun Gizenarekin hasi dira inauteriak Tolosan, giro ezin hobean. 91 urteko Antxon Elosegi inauterizalea izendatu dute Kabi Alai Kuttun, eta bere ardura izan da txupinazoa botatzea. Esan digu osasunak uzten dion bitartean, festan jarraituko duela

Tolosako Plaza Zaharrak itxura hau zuen txupinazoaren unean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Plaza Zaharra eta inguruak jendez gainezka, Tolosako inauterien hasiera iragartzen duen txupinazoak saltoka eta dantzan jarri ditu bertan zeuden ehunka lagunak, festa eta mozorro gogoz, txarangaren musikak lagunduta eta eguraldia lagun.

Ostegun Gizeneko txupinazoan festa eta aldarrikapena ere uztartu dituzte tolosarrek eta ospitale publikoaren auzia lehen lerroan egon da. Suziria baino minutu batzuk lehenago ospitaleko «langile, mediku eta erizain» mordoa agertu dira plazan, eskailera handi bat hartu eta udaletxeko balkoira igo dira petardoekin izugarrizko zarata aterata. Balkoian honako pankarta jarri dute: «Sagardui iruzurrik ez, ospitale publikoa».

Ohiko korporazioa balkoira atera orduko hasi dira «protestak», Patxi alkateraren hitzak estaliz. «Inauteri berri on denori! Iaz korrika eta presaka egin genuen eta ez zen gaizki atera…», hasi da esaten txistera eta kapa daraman pertsonaiak. Baina laster jende artetik atera diren manifestarien oihuek ixilarazi dute. «Herriak nahi duena, osasun publikoa!», zioten. Eskilarekin udaletxea abordatu ostean, korporazioa balkoitik «bota» dute. Euren eskaerak: ospitale publiko bat, Zumardi txikia txiki izaten jarraitzea eta pentsiodunentzat 1.070 euro.

Korporazioak «beldurraren beldur» eskakizun guztiak onartu ditu eta hitzarmena sinatzen zuten bitartean, manifestariek erabaki dute bazela garaia egiten ari zirenarekin jarraitzeko. Alegia, inauterien txupinazoari tartea egiteko. Horretarako, Patxi alkateak aurtengo Kabi Alai Kuttunari deitu dio, Antxon Elosegiri. Dotore jantzi da egoerarako, pajarita gorri handi eta kapelarekin. Eta umorez betetzen zuen sudur gorri apain bat ere bazeraman.

91 urte bete berri dituen inauterizaleak gogoz hartu du txupina botatzeko ardura, «Gora Ostegun Gizena, gora Tolosa eta Gora gure Inauteriak!» oihukatu ondoren lehertu da festa, ohi bezala, kolore distiratsuz beteriko konfeti artean. Txarangaren musikarekin batera dantza eta saltoka hasi dira bertaratuak, eta herrian zehar kalejira egin dute Ostegun Gizen Konpartsa batu zaienean.
 

 

Presoen alde ere topa egin dute hainbat lagunek.

 

Baina Elosegiren lana ez da amaitu. Orain onena geratzen zaio: ondo pasatzea eta hainbeste maite duen festa honetaz gozatzea, eta horretan aditua da. Aitortu du beretzat oso hunkigarria izan dela udaletxeko balkoian egotea eta festei hasiera emateko ohorea izatea, txikia zenetik bizi izan dituelako inauteriak. «Inauteriek duten musika, zezenak eta irudimena dira tolosar batentzako bitaminarik onena. DNAn daramagu», aipatu du, eta aldarrikatu du gustatuko litzaiokeela urte osoan zehar egun hauetan zabaltzen den umore ona, goxotasuna, elkartasuna eta errespetua egotea.

«Pasa den urtean gaixo egon nintzen, bost aldiz sartu ninduten kirofanora, ia erosi nuen apartamentu bat Poliklinikan! Aurten ahal dudan guztia emango dut, baina ez pentsa, 91 urte ditudala!», esan du, baina aurten ez da bera geldituko duenik. Sentitzen du bere betebehar bat dela aurrera jarraitzea, «osasuna dudan bitartean». «Bizitzeko ilusioa behar da. Ez baduzu ilusiorik ezta borondaterik ere, hemen ez duzu ezer egiten. Jo ta ke, aspertu arte!», oihukatu du. 

Era berean, kontatu digu lagunekin bazkaltzera zihoala, eta inauteriak pasa ostean, lagun horiekin Sanferminetako plana pentsatzen hasiko direla. «Urtero joaten gara eta ondo antolatu behar dugu. Balkoitik esan behar nuen ‘pamploneses, pamplonesas, gora San Fermin!’, baina adorea falta izan zait!», aipatu du festarako gogoa soberan duela frogatuz.