INFO

Osakidetzaren «inposizioak» eta «kaosa» salatu dituzte sindikatuek

Osakidetzak «fronte asko irekita» dituela salatu dute Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Gasteizen egindako mobilizazioan. 2018-2019ko EPEa ebatzi gabe dagoen bitartean beste deialdi bat egitea kritikatu dute, besteak beste, eta otsailaren 25eko mobilizazioan parte hartzera deitu.

This browser does not support the video element.


Satse, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek txistualdia egin dute ostegun honetan Osakidetzako Zerbitzu Zentralen egoitzaren aurrean, Gasteizen, Enplegu Publikoaren Eskaintzaren (EPE) prozesuen kudeaketa «oso txarra» salatzeko, aurrekoa ebatzi gabe beste azterketa bat deitu baitu Gobernuak.

Besteak beste, sindikatuek beste azterketa bat prestatzearen ahalegina egin behar dutela kritikatu dute, «ahalegin handia delako eta bizitza pertsonalean nahiz ekonomikoan eragin handia duelako». Hortaz, 2018-2019ko lan eskaintza publikoaren ebazpena bizkortzeko «beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jartzea» eskatu dute.

Sindikatu guztiek salatu dute, gainera, Osakidetzak «leku guztietan» dituela gatazkak baina negoziatzeko asmorik ez duela erakusten. Amaya Mayor Satseko bozeramaileak azpimarratu duenez, «sindikatuok negoziazio kolektiboaren alde egiten dugu, baina honen aurkako jarrera dauka Osasun Sailak, ez du benetan haserretzen gaituena konpondu nahi».

Honekin ados agertu da Esther Saavedra, ELAko Osakidetzako arduraduna, bere ustez negoziazio mahaian nahiz kudeaketan «erabateko blokeoa» baitago.

Era berean, hainbat zerbitzutan aplikatutako murrizketen aurka agertu dira sindikatuak eta bereziki Lehen Mailako Arretaren egoera «prekarioa» nabarmendu dute, beste asistentzia maila batzuei eragiten baitie, gainkarga handiagoa sortuz. Satseko bozeramaileak Zumarragako, Deustuko eta San Martineko (Gasteizen) Etengabeko Arretako Guneen Itxiera azpimarratu du.

LABen izenean, Jesus Oñatek Osakidetzak «pribatizazioa bilatzen» duela salatu du. Horren adibide bezala Gasteizko Ospitale Psikiatrikoan egin nahi den murrizketa aipatu du, oheen %24 kenduko dute eta. «Langileen eskubideak eta herritarren osasunerako eskubideak zapaldu behar badituzte pribatizazioaren alde, hala egingo dute», gaineratu du.

CCOOrentzat azterketa berriz prestatu behar izatea «profesionalei egindako erabateko tratu txarra» da, Carmen Rayok esan duenez.

Besteak beste, sindikatuek «%50etik gorako behin-behinekotasun tasa, erosteko ahalmenaren %20tik gorako galera, gainkarga, ordezkapenik eza eta Garapen Profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikala» aipatu dituzte.

Mobilizazio gehiago

«Haserrea erakusten jarraitzeko» ostegun honetakoaz gain, datorren asteartean, hilak 21, ospitaleetan nahiz osasun zentroetan kontzentrazioak deitu dituzte, goizeko 8.10ean eta 13.00etan, hurrenez hurren.

Gainera, otsailaren 25erako Bilbon, Gasteizen eta Donostian osasun publikoaren alde deitutako manifestazioekin bat egiteko deia zabaldu dute sindikatu guztiek, bai sektoreko profesionalei eta baita herritarrei ere, «Osakidetzaren kudeaketa txarraren ondorioak» salatzeko.

Irregulartasunak azterketetan

Pneumologiako azterketetan salatutako irregulartasunei dagokienez, sindikatuek Osakidetzak ikertzeko erakutsi duen «borondate falta» salatu dute. Oñatek berretsi du LABek auzitegietara jo behar badu hala egingo duela, eta Osakidetzari «erantzun ofiziala» eskatu dio akta guztiak berrikusteko, gertatutakoa «argitzeko».

ELAtik, aldiz, Saavedrak ziurtatu du sindikatua aztertzen ari dela zer urrats emango dituen Sailak erantzun «publikoa» eman ondoren, hau da, LEPak ahalik eta berme gehien izan zituela, baina aurreratu du ez zaiela onargarria iruditzen eman zuten informazioarekin «ikerketa bat irekitzeari uko egitea»