INFO

Gipuzkoako udalerri txikietako haur eta nerabeak dinamizatzeko programa abiatu dute

Gure Plaza Txo! 1.000 biztanletik beherako Gipuzkoako hamar udalerritan garatuko den proiektu esperimentala da. Aizarnazabal, Albiztur, Alkiza, Altzo, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzan burutuko da. Foru Aldundiak sustatu du, herriekin elkarlanean.

Gipuzkoako Aldundiak Larraul eta Albizturreko alkateekin batera aurkeztu du programa. (Gipuzkoako Aldundia)

«Gipuzkoan, 1.000 biztanle baino gutxiagoko 32 udalerri daude. Herri horiek, askotan, zailtasunak izaten dituzte haur eta nerabeekin aisia eta entretenimendua lantzeko beharrezko baliabideak eskaintzeko. Udalerri horiek Aldundiari eskatu ohi diote eskaera horiei erantzun diezaien, kolektibo horientzat jarduerak ezarri ahal izateko. Askotan, azpiegiturak badituzte, baina ez dute adingabeekin lan egiteko profesionalik».

Sarrera honekin aurkeztu du, ostiral honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko herri txikiekin elkarlanean, ondu duen Gure Plaza Txo! egitasmoa. Momentuz, Aizarnazabal, Albiztur, Alkiza, Altzo, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzan garatuko da.

Helburua haur eta nerabeen arteko jarduerak sustatzea eta beren arteko harremanak sendotzea da, adierazi du Maria Jose Telleria Kulturak eta Gazteriako diputatuak. Bertan izan dira, halaber, Isaac Palencia Gazteriako zuzendaria eta Maite Arana Larraulgo eta Iñaki Orbegozo Albizturko alkateak, hurrenez hurren.

«Herri txiki horietako neska-mutilek beren udalerrietan errotu daitezen nahi dugu, komunitateko partaide izatearen sentimendua sustatu nahi dugu. Hurbileko zerbitzuak eskaintzea, beste herri batzuetara aisialdiaz gozatzera joan beharrik izan ez dezaten», esan du Telleriak.

Horretarako, Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak lantalde bat du, bi gizarte hezitzailez osatua, eta horietako bakoitza bost udalerritarako erreferentea da. Herri bakoitzean lana izango dute, hala arreta zuzenean nola barneko lanean.

Nerabeen herritartasun aktiboa, berdintasuna oinarri

Programak bi urteko iraupena izango du. Denbora hori jo da egokitzat probatzeko proposatutako lan metodologia, kontratatutako pertsonen ordutegia eta egutegia, jarritako baliabide ekonomikoak eta azpiegiturak, eta hamar herritara iritsi eta ikusteko nerabeekin hasitako hezkuntza lanaren lehen emaitzak.
   
Maite Arana Larraulgo alkateak adierazi duenez, «gurea bezalako udal batentzat, baliabide gutxirekin eta ia langilerik gabe, ia ezinezkoa da gazteei zerbitzu bat ematea laguntza hori gabe. Larraulen 260 biztanle ditugu; horietatik 58k 18 urte baino gutxiago dituzte, hau da %22k baino gehiago dira. Udaletxetik oso ondo dakigu zerbitzu egokiak eskaini behar zaizkiela, baina bakarrik egitea oso zaila da».

Proiektua gauzatzeko, PSZ lan eredua erabiliko da (Parte-hartzea Sustatzeko Zerbitzua) baina errealitate berrietara egokituz. Nerabeen herritartasun aktiboa sustatu behar da, oinarri hartuta hezkuntza harremana aisirako momentu eta espazioetan. Lantzen diren ildoak dira bizikidetza eta berdintasuna/parekidetasuna; aniztasuna eta inklusioa; euskararen erabilera;  konpromisoa eta jarrera kritikoa eta tokiko aldaketa prozesuetan inplikatzeko gaitasuna.

Lehen fasean udalek eskatu zuten programetan parte hartzeko aukera, eta ondoren hautatu ziren parte hartuko duten herriak; azkenik, azaroaren erdialdean kontratatu zen hezitzaileen taldea. Abenduan eta urtarrilean hezitzaileek herri bakoitzaren egoeraren diagnostiko txiki bat egin dute eta udaletako ordezkariekin eta herriko beste hainbat eragilerekin harremanetan jarri dira. Urtarrilaren amaieratik aurrera, hezitzaileek, udal arduradunekin batera, proiektuaren lerro orokorrak aurkeztu dizkiete herri bakoitzeko gurasoei eta nerabeei. Orain, zuzenean nerabeekin ari dira lanean, Inauteriak harira burutzeko lehen jarduerak eta harremana sendotzeko.