INFO

Herriko Bozak egiten dituzte igandean Senperen

Udal Kontseiluan iragan udazkenean sorturiko krisiak hauteskundeak berriz egitera behartu zuen. Oharkabean igaro den kanpainaren ostean hiru hautagaitza lehiatuko dira Herrriko Bozen lehen itzulian, igandean, Senperen.

Dominique Idiart jarduneko auzapezak abertzaleekin batera Elgarrekin Senperentzat hautagaitza osatu zuen 2020ko bozetan. (Bob EDME)

Iragan urriaren 8an udal gehiengoa hautsi zen Senperen eta handik geroztik egoera guztiz gorabeheratsua izan da Lapurdiko herrian.

Egun horretan 2020ko Herriko Bozen ondotik alkate izendatua izan zen Dominique Idiartekin aliantza egin ondoren gehiengoaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzalearen bost hautetsik udal gobernua uztea deliberatu zuten.

Horren aitzin, auzapezaren taldeko bertze bost bat zinegotzik tantaka kargua uzteko urratsa egin zuten, hauek ere auzapezaren kudeaketa eredua salatuz.

Finean, oposizio taldeko hautetsiek dimisioa ofiziala egin zuten eta, horren ondorioz, hiru hilabetetan hauteskundeak egin beharko prozedura agindu zuen Prefeturak.

Igande honetan, otsailak 19an, iraganen da hauteskundeen lehenengo itzulia. Hiru zerrenda eta hiru alkategai  izanen dituzte aukeran senpertarrek.

Dominique Idiartek osatu berri duen Elgarrekin Senpererentzat hautagaitzarekin ahaleginduko da kargua atxikitzea.

Aurrez aurre izanen ditu, alde batetik, 2020ko bozetan lehen itzulitik aliatua izan zuen talde abertzalea eta, bestetik, udal oposizioak libre utzitako eremutik sustatutiko zerrenda berria.

Oraingoan Christophe Jaureguy izanen da Hats Berri izena hartu duen ezkerreko hautagaitza abertzalearen lemazain.

Hirugarren lehiakide Bernard Elhorga izanen da, Egin Senpererentzat izeneko zerrendaren burua.

Atez-ate lausoa eta sare sozialak

Hauteskunde kanpainaren giroa ez da kasik sumatu herrian. Izan ere, berdin atez ate eginez zein sare sozialetan mezuak zabalduz aritu dira.

Auzoz auzo hainbat bilkura publiko egin badituzte ere herritar gehiegi ez dituztela erakarri aitortu du, hala nola, Elhorgak. Jaureguyren esanetan giro falta horrek Idiarteren alde jokatzen du.

Jarduneko auzapezak bere proiektua defendatu du kanpainan zehar, hala nola iazko irailean udalak onartu zuen hirigintza plana goraipatuz.

Bere erranetan etxebizitzaren arazoari erantzun berriak ematea ahalbidetuko du. Horrekin batera, gehienbat sare sozialak baliatuz, eskola jangela berriaren irekiera, heldu den maiatzean, eta Amotz auzoan zerbitzu bera plantan emateko baieztapena aipatu ditu Dominique Idiartek.

Bere aldetik Christophe Jaureguyk azken 20 urtetan epe luzeko begirada ez da izan udalean salatu du. Bere populazioa bikoiztu duen herriak plan orokorra behar lukeela oso bestelako eremutan dituen erronkeei erantzuteko defendatzen du Senpere Bai taldeko kide ohiak.

Parisen Postako zerbitzu buru izan ondoren erretretan Senperera heldu den Bernard Elhorgak hautagai berriak duen abantaila baliatu nahi izan du udalean izan diren kalapiten gainetik agertzeko.

2020n aliatu izan ziren bi taldeen arteko talkari probetxu atera nahian herriak dituen erronka zehatzei buruz galdetuta «denon artean erabakiak hartzea« izanen da bere errezeta orokorra.

Abiadura Handiko Trenaren kontra agertzen dira hiru hautagaiak. Bestalde, Bizi! taldeak jakitera eman duenez, hirurek metamorfosi ekologikoaren ituna izenpetu dute baitaere.

Abstenzioak egin dezakeen distortsioa bistaz galdu gabe, igandean botoa emateko deituak dira senpertarrak. Inork ez badu erabateko gehiengoa biltzen, bozen bigarren itzulia iraganen da hilaren 26an Lapurdiko herrian.